Arau Ordezkatzaileen Aurrerapena ikusgai da Udaletxean

Uztarria.eus 2003ko api. 11a, 14:04

Dekretuz onartu ondoren Arau Ordezkatzaileen Planteamentu Aurrerapena ikusgai da udaletxean. Datorren apirilaren 24 arte izango da ikusgai, eta herritarrek euren iradokizunak egiteko aukera izango dute denbora horretan.

Orain udaletxean ikusgai dena onartuko diren arauen aurrerapena baino ez da. Aurrerapen honi iradokizunak egiteko aukera izango dute herritarrek jendaurrean den denboran, apirilaren 24a arte. Honela, jasotako iritziekin Arau Ordezkatzaileen Plana osatu eta zehaztu egingo da. Eta ondoren, haserako onarpena emango zaio Udalbatzan. Behin Udalbatzak onartu ondoren, Aldizkari Ofizialetan argitaratuko da, eta berriz ere jendaurrean ikusgai jarriko da denbora batetarako. Denbora horretan Arau Subsidiarioekin konforme ez den herritarrak alegazioa aurkezteko aukera izango du.

Arau Ordezkatzaileen planak herriak datorren urteetan etxebizitza, industria, azpiegitura, ingurumena... arloetan izango dituen beharrei erantzuna emateko asmoa du. Honela aurkeztutako Aurrerapenak Alde Zaharren berreraikitzea, promozio publiko edo ofizialeko etxebizitzen politika garatzea eta etxebizitzarako hiriguneen birkalifikazioa aurreikusten da. Aurrerapenean 1.000 etxebizitza berri egitea aurreikusten da. Hauei aurretik egin gabe ziren 600ak gehituz guztira 1.600 etxebizitza berri aurreikusten dira. Etxebizitza hauek Loiolako hiribidean, San Miguel-Arana Goikoan, Zezen plazan, Urrestillan... eraikiko dira.

Industria lurren gehitzea ere aurreikusten da planean. Lur sail hauek Landetatik Urrestilla bitartean eta Badiolegin aurreikusten dira.

Aurrerapenean herrian aurreikusten diren beharrei erantzuteko proposamen desberdinak egiten dira, eta aldaketak jasotzen dituzten planoak ere biltzen dira. Hemen dituzue batzuek:

Indarrean diren arauak

Gaur arte indarrean den Arau Ordezkatzaileen Plana 1992. urtean onartu zen. Bertan zehaztutako zenbait plangintza bete dira: Damaso Azkue, Enparan, Harzubi eta Loiolabideko etxebizitzak eta Landetako, Danonako eta Antzibarrenako industrialdeak, kasu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide