Behean sinatu dugun sindikatuok hildakoak gogoratu nahi ditugu aurrena, eta, horiekin batera, lanera joate hutsagatik lesioak, minusbaliotasunak eta zauriak pairatu dituzten milaka langileak.
31/95 Legea orain dela zazpi urte baino gehiago onartu zen, eta lege horrek arau garbiak ditu Lnaeko Arriskuen Prebentziorako: langileen Osasuna eta Segurtasuna berma ditzatela exijitzen die enpresariei eta administrazioei.
Orain dela hamabi hilabete, materia hori seriotasunez eta lehentasunez jorratzeko sentsibilizaziorik ez dutela salatu genuen, eta orain hauxe gehitu behar diogu: 2002ko balantzea ezin txarragoa dela.
Ikus ditzagun datu bakar batzuk, adibide gisa:
- Laneko istripuen eraginez 150 langile inguru hiltzen dira urtero.
- Gainera, gutxi gora behera 70.000 laneko istripu gertatzen dira, bataz beste 22 eguneko bajak eraginez.
- Istripuak pairatzeko arrisku txikia duten jarduera batzuk alde batera utzita, langileen %18k urtean behin istripu bat pairatzen dutela esan daiteke.
- Beste alde batetik, heriotza-istripuak pairatzeko gazteek duten probabilitatea gainerako langileena baino 2,5 aldiz handiagoa da, lanpostuen ezengonkortasunagatik eta mugigarritasunagatik.
- Lanean hiru urte baino gutxiago daramaten langileen artean, berriz, baja eragiten duten istripuen maiztasuna langile finkoena baino bi aldiz handiagoa da.
Iaz, esan genuen nekatuta eta haserre geundela gai horietan gertatutako garapen eskasagatik; horregatik, gaurko egoera aztertuta, ezin dugu etsipenean murgildu; aitzitik, ofentsibara pasatu behar dugu inoiz baino indartsuago, zeren horren mende egongo baita beste zazpi urte pasatzea langileen osasun eta segurtasunaren eremuan aurrerapen errealik egin gabe.
Horregatik hauxe exijitzen dugu:
-Patronalak araua bete gabe jarraitu ez dezala, hori delako gure osasuna galtzearen sustraia.
- Gaurko lan merkatuarekin bukatzea, hainbat talde babesik gabe uzten dituelako: aldi baterako langileak, ABLEen bidez kontratatutako pertsonak, praktikak egiten dituzten gazteak, azpikontraten azpikontratak, etorkinak, eta abar.
Kolektibo horiek dira kalte gehien pairatzen dituztenak, nahiz eta pertsona horiei ez zaizkien kalte horiek ofizialki aitortzen; izan ere, anonimatoan lan egiten dute eta, hortaz, ez dituzte jasotzen legez egokituko litzaizkiekeen prestatzioak.
- Estatuko Gobernuaren politikekin bukatzea, eraginkortasunik gabekoak direlako, kausak eta erantzukizunak ezkutatzen dituztelako eta zentralistak direlako.
- Nafarroako eta EAEko Administrazio Publikoen pasibotasuna amaitu behar da, kalte horien konplizeak direlako.
- Mutuen praktika hauek ezabatu egin behar dira: Bajarik ez ematea, lesioaren garrantzia edo beraren lan-jatorria ukatuz. Errekuperazio eta suspertze aldiak laburtzeko joera. Muskulu eta eskeletoaren gaixotasunek, minbiziek, gaitz psikikoek eta gisa berekoek sortzen dizkiguten arriskuak ukatzeko joera. Kontingentzia arruntegatik bajan dauden pertsonen jazarpena.
Exijentzia horiek lortzeko eta salatu ditugun egoerak ezabatzeko, agiri hau sinatu dugun sindikatuok salaketa eta mobilizaziorako konpromisoa berresten dugu; aldi berean, aktiboki parte hartzera deitzen ditugu langileak, osasuna benetan zaintzen duten laneko baldintzak konkistatzeko.
Langileen ordezkariak, enpresa batzordeak eta langileen batzordeak biltzera deitzen ditugu, beraien laneko esparruaren diagnosia egin dezaten eta arazoak konpontzera zuzendutako prebentzio-neurriak plantea ditzaten.
Zure osasuna arriskuan, zazpi urte pasa ondoren, aski da