'Urrestillako Musika Altxorra' diskoa maiatzaren 9an aurkeztuko da

Uztarria.eus 2003ko mai. 6a, 15:05

Urrestillako abesbatzak elizkizun eta ospakizunetako kantak jaso ditu

Urrestillako Musika Altxorra izeneko diskoa aurkeztuko da maiatzaren 9an, ostiralean, Urrestillan bertan. Disko honetan Urrestillan elizkizunetan eta bestelako ospakizunetan kantatu ohi diren abestiak bildu ditu Urrestillako Koruak. Grabazioa joan den udazkenean hasi zen, eta Azpeitiko Udaleko Kultura Batzordearen laguntza jaso du.

Urrestillako Musika Altxorra CD formatoan aterako dute, eta mila diska jarriko dira salgai. CDak liburuxka bat ere eramango du, kantuen letra, egile eta bestelakoen berri emanez. Liburuxkaren sarrerako hitzak hemen jaso ditugu oso-osorik:

'URRESTILLATIK GATOZKIZUE KANTARI

CD hau egin dugun guztiok Urrestillan jaio ginen. Maite dugu Urrestilla, umeak ginela Urrestillak gu maite izan gintuelako. Urrestillak eman zizkigun gero bizitzan hain baliagarriak izango zitzaizkigun gauza asko: hizkuntza, kultura, nortasuna eta kantua. Denok iturri beretik edan genuen, eta iturriak esan zigun gero bakoitzak geure zaletasunak izango genituela, eta horri eusteko.

Gure mendi eta erreka-zulo ederretan belaunak urratzen genituen bitartean jakin genuen, baita ere, mundua han zegoela, urrunago, eta noizbait hara atera beharko benuela. Presarik ez edukitzeko, esan zigun iturriak, baina ezta beldurrik ere.

Geroztik ibili gara munduan puska bat, bakoitza bere neurrian eta bere zereginetan. Eta bidaiari oro aberastasunen batekin itzultzen den legez, guk ere zerbait ikasi dugu urteotan: bakoitzak bere herria maite beharra daukala, gero mundua onartzeko gauza izan nahi badu. Eta alderantziz: kanpotik guregana datozenak ere euren herri-maite badira, badakigu gu ere onartu eta errespetatuko gaitzutela. Geureganako samurtasunak egiten gaitu besteenganako leun eta eskuzabal.

Lege unibertsal honek bultzatu gaitu geure altxor partikularra, xumea eta umila, zuen eskuetan jartzera. Trikitilari, bertsolari, kantore eta abar bildu ditugu, kopla zaharrek, berriak, maiatzeko lorak, Hiru Erregeen kronika zaharrak, denak nahastuz. Kantu asko Urrestillan sortuak dira, urrestildarrek eginak, bertan bakarrik ezagunak. Beste zenbait doinu, Auntxa trikitilariarenak bezala, kanpoan ere aski ezagunak. Beste batzuk kanpotik iritsi ziren, edo kanpotik etorritako apaizen batek sortu zituen, eta urrestildarrek bereganatu egin zituzten. Kanpoko edo etxeko, kantu bakoitzari ahalik eta soinekorik dotoreena jartzen saiatuko gara. Kanturako berezkoa euskara dugun arren, gaztelania eta latina ere erabili izan ditugu, eta badute lekua disko honetan.

Garai nahasiak bizi ditu munduak, eta gure herriak ere bai. Globalizazioak harrotu ditu bazterrak, herri asko desagertze bidean jarriz, hizkuntzak ere desagertze arriskura bultzatuz. Mundua mugarik gabeko azoka bihurtu da, dena eskura jarri zaigu; baina badira erosi ezin diren gauzak: barru-barruan daramatzagun horiek, sarritan edozein txorakeriagatik galtzen ditugunak. Gero eta garestiago izango da bakoitzak bere izaera defendatzea. Urrestilla bera etxe berriz eta fabrikaz bete zaigu ia. Nortasunari eusteko ahulegiak diren milaka herri eta nazio menderatuak geretuko dira urte gutxitan, haien aurrekoak nolakoak ziren eta zer egiten zuten gogoratu ezinik. Hori oso tristea da. Eta herri txikiek lan handia egin beharko dute bizirik eta nortasunarekin irauteko. Herriko jaien beherakadarekin ikusi dugu hori.

Baina gu iturri zaharraren seme-alabak gara. Guk umetan ikasi genituen lehen hitzak hauek dira: ama, atte, apapa, alolo, pupua. Geroxeago: ogiye, katube, txakurre, ude. Hitz horien jarraipena da CD honetan bildu dugun altxorra. Batetik interesa duen orori erakusteko prestatu dugu. Bestetik guk geure memoria feskatu eta era berean indartu nahi izan dugu. Beharrezko ez ditugun milaka gauza ikasten ditugu egunero, eta askotan funtsezkoenak ikasi gabe uzten ditugu. Herrian ia inork ez zekien Otalaztegik bertso liburu bat argitaratu zuenik, eta 30 urte besterik ez dira pasa liburuaki Auspoa sailean argia ikusi zuenetik. Datu kezkagarria, benetan.

Geure memoria aberasteko egin dugu CD hau, nor garen hobeto ikasteko; eta nor garen jakin nahi duen edonork argibide batzuk eskura edukitzeko. Eta, batez ere, jaso ditugun kantu eta bertso guzti-guztiak oso politak direlako egin dugu lan hau. Guri balio izan digute, behintzat, gure bizitza aberasteko, gure sentimentuak agertzeko, gure gau tristeak edertzeko.

Hala esan zigun iturri zaharrak: presarik ez edukitzeko bizitzaren aurrean, baina ezta beldurrik ere. Beraz, patxadarekin eta ausardiarekin eskaintzen dizuegu lan hau.'

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide