Asisko Urmenetak, berak, aitortu zuen hizkuntzalaritzara kasualitatez hurbildu zela. Beti, eta komikiaren munduan ohiko denez, hizkuntza ez formala gustatu izan zaio baina euskarazko komikiak egiterakoan berehala ohartu zen ez dugula erreferentziarik. Neurri batean Euskara formala azken aldian nahiko arautua dago eta bateratzeko ahalegin bat egin da eta egiten jarraitzen da baina ez horrela euskara informalean, gazte hizkeran orokorrean.
Zenbait adibide kontatu zituen, horien artean Gasteizko idatz lehiaketa batean, bere lanean, gazteen mundua agertzerakoan, drogaren mundua agertzen zuen eta komun batean drogaren ondorioz egindako bidaia, gaztelaniaz kontatu zuen, bere onera etorritakoan euskaraz jarraitzeko. Horrek adierazten du drogaren munduan euskarak ez duela hizkuntza garaturik, gazteek ez dutela erreferentzia garbirik eta erabiltzen duten kodigoa erdal hizkerak emana denez hori erabiltzen du.
Bestalde, berak parte hartzen duen Absurde Kolektiboan iparraldeko komikilariak ere badaude. Laster ohartu ziren hegoalderako balio zuenak ez zuela Iparraldean balio.
Adibidez:
- Animalien hotsak:oilarrak kukurruku, kokoriko ala kikiriki, nola egin behar du?
Zakurrak: Uau, zaun...
Otsoak: Uluuuuu, ohülgü,...
Oso garrantzitsua da munduko hizkuntzek hots horietan nola jokatzen duten ezagutzea. Komikilarien artean adostasunak lortu beharra dago, zerrenda bateratuak egin ondoren.
- Sexua: hiztegi erotikoa komikietan egin zuten baina ez zuen arrakastarik izan. Ohartu dira literaturan oinarritu zirela eta literatura zaharra neurri batean eliza gizonek egina izan zela.
Antton Luku idazlearekin izandako harreman batean ohartu ziren berak idatzitako antzerki batean Iparraldean balio zuten hitzek ez digutela ezer esaten Hegoaldean. Adibidez: Zakila gogortu adierazteko "bandatu" erabili zuen berak, baina hegoaldean ez da ulertzen. Zein hitz har daiteke bietan ulertzeko modukorik? Ez dago hitz argirik. Gauza bera gertatzen da masturbatu, mamada, mozkorkeria edo droga munduko erreferentzietan.
- Irainak: zenbait hitzekin arazoak ditugu hemen ere, adibidez "Pittilin" zakila da hegoaldean baina iparraldean oso hitz gogorra da eta ez du horrelako ezer esan nahi, pertsona ustela edo antzekoa.
Hizkuntza handiek, normalizatuek, hizkuntza ez formalaren atal hau oso dinamikoa dute eta hizkuntza formalak bereganatu egin behar izaten ditu gainera hor sortutako hitzak, mundu guztiak onartu dituelako. Hala ikusten dira hiztegi edo entziklopedien ondoko edizioetan zuzenketak. Herritik hurbileneko hizkera horretan arazoak ditu euskarak iparraldean frantsesaren eraginez eta hegoaldean gaztelaniaren eraginez.
"Hortera" hitza adibidez hegoaldean argi ulertzen bada ere iparraldean ez du deus adierazten. Horretarako adibidez "afrusa" aukeratu zuten egoki irudituta, iparraldean balio duena hemen ere bultzada pixka batekin onar zitekeelakoan. Horrek ez zuen ordea itzultzaileen artean onarpen handirik izan. Gure artean ezaguna den "ni ez naiz pijoa" esaldiak ez du hegoaldetik kanpo balio, "pajilla" hitzak bezalaxe.
Aipatu zigun, soziolinguistikan adituek diotenez, bi hizkuntza luzaz elkarrekin bizi direnean hiru egoera hauek gerta daitezkeela:
a)Belgikan gertatzen den antzera, muga sanitarioa deitzen zaiona, bakoitzak du bere eremu mugatua.
b)bi hizkuntza nahasten dira, kreolizatu egiten dira, ingelesa eta beste zenbait hizkuntzarekin gertatu den bezala.
c) hizkuntza nagusiak irensten du menpekoa.
Gure inguruan Iruñea aldeko euskalkian hirugarren kasuaren arrastoak aurki daitezke. 1.800 urte inguruan Lizarraga izeneko batek utzitako idatzietan ikusten den bezala. Gaztelaniaren interferentzia garbiak ikusten dira. Hortik jakin dut nik, garai hartan "horditu"ren lekuan "mozkortu" hasi zela esaten. Mozkortuk orduan nonbait zuhaitza bururik gabe uztea zen, adarrak moztuta. Mozkortu hitzak irudikatzen du gehiegi edan duenak burua galtzen duela. Gerora hau izan da nagusitu dena, hordituren lekuan.
Egun hauetan mestizaiaz ere hitz egiten da baina begira euskaraz gaztelaniatik zenbat eta zenbat hitz hartzen dituen eta zein diren gaztelaniak euskaratik jaso dituenak: etarra, zulo, kale borroka, batasuno, herriko taberna... eta argi dago zein zentzu duten hitz guzti hauek. Gure ustez euskaldunok hizkuntzarekin dugun harremana aldatu beharra dugu, hizkuntza ez formalean ezin gara zuzentasunari begira ibili, adierazkortasuna da balio diguna eta ez Euskaltzaindiaren arauak betetzen ditugun ala ez. Zalantza horrek sarri gaztelaniaz aritzera eraman gaitzake. Hizkuntza ez formala ez da arautu behar. Euskara munduko hizkuntza guztiak bezalaxe komunikazio hizkuntza da.
Bestetik zenbait kanpainatan ateratzen diren esloganek adierazten dute zein hizkuntzatan pentsatu diren. Adibidez: "montatelo guapo con tu peña" edo "El polvo es cosa de dos". Esaldi horiek balio dute asmatu diren hizkuntzan baina ez itzultzeko. Beste bat asmatu beharra dago eta ez itzuli.
Hara hemen beren taldearen proposamen sinple bezain praktikoa hitz berriak sortzeko bidean:
e: entzunak, euskalkietan edo...
i: irakurriak, beste hizkuntzetan eta...
o: ostuak, klasikoei batez ere.
ü: itzuliak, beste hizkuntzetako metafora indartsuak... eta lau horietan sartzen ez denean,
a: asmatu.
Adibide batzuk jarriz:
Oka egin edo botaka egin adierazteko, txahala egin esaten da. Ingelesek badute komunean botaka egin esateko era indartsu bat: "telefono zuri handiarekin hitz egin".
Gurean hitz berriak baditugu oso onartuak: "Telebista" hitza asmatua da eta ez aspaldi. "Idatzi" bera ere noizbait asmatu egin zuten, ez da zaharra hori ere, "izkiriatu" eta antzekoak zirelako klasikoen artean.
Laburbilduz: Gazte hizkeran, hizkera informalak indar handia du hizkuntza normalizatu guztietan. Gurean ere landu beharreko eremua da hori. Zuzentasunaren mamua baztertu eta beldurrik gabe komunikazioari indar eman behar diogu. Arauak hausteko izaten dira. Hartu behar direnak hala ere eremu nazionala behar dute eta horrek batasuna batetik eta medioen babesa beharko ditu bestetik.