Euskarazko egunkari berria diruz laguntzeko deia egin dute herriko zenbait eragilek

Uztarria.eus 2003ko eka. 7a, 19:06

Egunkariaren aldeko egunaren baitan egin dute deia

Egunkariaren aldeko egunaren baitan herriko zenbait eragileren hitza entzun da gaur, eurek euskarazko egunkari berriaren aldeko apustua egin dute akzioak erosita eta herritarrei deia luzatu die akzioak erosiz diruz laguntzeko euskarazko egunkaria.

Aitonenan eta prentsaurrean bildu dira herriko zenbait eragile euskarzako egunkariaren alde eta eurek egin duten bezalaxe akzioak erosteko deia luzatu herriko gainontzeko eragile eta herritarrei.

Egunkariaren Aldeko Herri Batzordekoak egin du, euskarazko egunkariaren alde bildu diren eragileen aurkezpena. Hurrenez hurren, Erniarraitz Bertsozale Elkarteko, Uztarria Kultur Koordinadorako, Azpeitiko Euskal Herrian Euskarazeko, Baite Euskara Elkarteko, Ikasberri Azpeitiko Ikastolako, Karmelo Etxegarai Azpeitiko Ikastolako Zutarri Gurasoen Elkarteko, Urola Ikastolako Gurasoen Elkarteko eta Iraurgi Ikastetxeko ordezkariek hartu dute hitza.

Erniarraitz Bertsozale Elkartea

"Euskaldunon Egunkaria euskararen garapenean orokorrean eta bereziki guri dagokigunean, bertsolaritzarenean alegia, oso garrantzitsua eta behar beharrezkoa izan dugu, gainerako hedabide guztiak bezalaxe, irratia aurrenik, telebista gero, prentsa idatzia ondoren eta etorkizunean agian, interneta baina lehen aipatutako guztiak ahaztu gabe.

Prentsa idatzian sendotu beharra genuen eta Egunkaria izan da komunikazio bide berrietan saiatu dena. Bertsolaritzaz aparte, ahozkotasunaren garrantzia gero eta gehiago ari dira, gaur egun, adituak aipatzen, heziketan, nortasunean eta baita gazte hizkeran ere duen garrantzia nabarmenduz.

Guzti honen lekuko eta plaza garrantzitsu izan da sorreratik eta gerora ere hala behar du, bai bertsolaritzaren etengabeko jardunean, egunez-eguneko ekitaldietan, bertsolaritzaren barruan egiten ari diren saiakera berrietan, bertso eskolen lanean, bertso egunak, txapelketak... denak izan dute lekua eta izan behar dute egunkari berrian ere.

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak ere bere ahalegina egin du bada akzioak hartuz eta herritarrak animatu nahi genituzke, bakoitzak banaka, bere neurrian, edo taldeka nahiz elkarte mailan akzioak eskura ditzan, poltsiko guztien neurrira jarri baitituzte jarri ere, ez dago ihes egiterik".

Uztarria Kultur Koordinadora

"Egunkaria zerbaitegatik erreferentzi izan bada euskal kulturari eman zaion tratamenduagatik izan da.

Egunkaria-k asko lagundu zion Uztarriari: argazkiak, aholkuak, babesa...

Beraz, Uztarriak behar du euskarazko egunkari berria. Eta aurrera begira elkarlanean gauzatzeko proiektuetarako ere bai. Horregaitik, Uztarriak akzioak erosi ditu euskarazko egunkari berria laguntzeko, eta herritar, talde, famili eta abar akzioak erostera animatu nahi ditu".

Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz

"Guk ere, euskalgintzako talde bezala akzioa erosi dugu euskarazko egunkaria laguntzeko. Uste dugulako euskara hutsean egiten den egunkari bakarra bultzatu egin behar dugula, euskararen normalkuntzan beste pauso bat delako eta azpeitiar guztiei deia egiten diegu akzioak erosteko, beharra dagoelako".

Azpeitiko Baite Euskara Elkartea

"Orain lau hilabete ezinbestekoa zn Egunkaria, eta aurrerantzean ere ezinbestekoa da euskarazko egunkari berri bat berriro kalean egotea. Beraz, ezinbestekoa da egunkari berria bultzatzeko akzioak erostea".

Ikasberri Azpeitiko Ikastola

"Guk baloratzen dugu, Espainiako estatuak oraindiak ez duela bukatutzat eman bere euskararen aurkako borroka.

Eskola mailan gu euskal eskola nazionalaren alde gaude eta euskarazko prentsa izatea ezinbestekoa da. Eredu propioa egin behar dugula pentsatzen dugulako, instrumentu propioak sortu behar ditugula uste dugu".

Karmelo Etxegarai Azpeitiko Ikastolako Zutarri Guraso Elkartea

"Hiru puntu aipatuko genituzke guk:

  • Erabat ados gaude Egunkaria-ren alde publikoki egin diren ekintza guztiekin.
  • Gure elkartasuna adierazi nahi diegu Egunkariako langileei.
  • Gure aportazioa euskarazko egunkari berriaren akzioak erosiz egin dugu. Aportazioa ekonomikoa beharrezkoa da, baina aportazio ekonomikoa egitea bakarrik ez da izan behar, euskarazko egunkariak erabiltzeko tresna izan behar du".

Urola Ikastolako Guraso Elkartea

"Guk gurasoak eta gure seme-alabak euskarazko egunkaria laguntzera deitu nahi ditugu. Gure seme-alaben heziketarako erabiltzen den tresna bat izan behar baitu euskarazko egunkari berriak".

Iraurgi Ikastetxea

"Euskararerkiko eta euskal munduarekiko hartutako konpromisoa hartu genuen eta euskarazko egunkari berriaren akzioak erosiz ale txiki bat jarri dugu euskarazko egunkari berrirako".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide