Zezen plazaren ehun urteak ospatzeko, argitaratu berri da Zezenketan eta Herri-kirolen historiaren 100 urte liburua. Imanol Elias, Luis Mari Loinaz, Jose Mari Iriondo, Jose Luis Iriarte eta Markel Mendizabal dira liburuaren egileak. Liburuak bi zati ditu: bata zezenketaren atala eta bestea herri kirolena. Imanol Elias eta Luis Mari Loinaz zezenketen atalaz arduratu dira eta Jose Mari Iriondo, Jose Luis iriarte eta Markel Mendizabal herri kirolen arloaz. Bi hizkuntzatan dago idatzia, gainera, zezenketena gazteleraz eta herri kirolen atala euskaraz. Zezenketen atala gazteleraz argitaratzearen arrazoia zera izan da, "euskal hiztunena baino jende gehiagorengana iristen den mundua dela". Egileek adierazi zutenez "Azpeitiko zezen plazaren historia osoa islatzen saiatu gara, baina 50. eta 80. hamarkadan egon ziren uholdeen ondorioz gertaera batzuk ezin izan ditugu bildu, bertan galdutako dokumentazioa ezin izan delako berreskuratu". Liburua gaurtik aurrera izango da salgai, 30 eurotan.
Erromatarren zutoina
Aurkezpena amaitu eta gero egin zen Zezen plazaren atarian estatuaren inagurazioa. Estatuaren egilea Antonio Oteiza da eta bera ere oso gustora azaldu zen "Azpeitian ipini duen bigarren estatua delako". Oteizak zioenez, Erromatarren zutoinetan oinarritu zen irudia egiterakoan. Irudian, zezen plazako gertaera batzuk grabatu ditu, eta goiko puntan, berriz, torero txiki bat du. Irudia, Azpeitiko Zezenzaleen Elkarteak Azpetiko herriari eman dio eta Jose Manuel Odriozola, Zezenzaleen Elkarteko ordezkariak esan zueez, "oso pozik gaude estatua hori Azpeitiko herriari ematearekin".