Ez dut hitz egin nahi jai horren espainiartasunaz edo euskaltasunaz (Espainiako kulturak arlo askotan aberastu gaituela ukatzen ez dudan arren). Ez dut aipatu nahi zezenek jasan behar duten krudelkeria. (Inor ez dit ukatuko begibistakoa dena, dena den).
Ez dut gaitzat hartu nahi zezenaren aurrean jartzen direnen artea edota balentria. (Zergaitik ez ote dituzte energia eta koskabilo hoiek beste helburu batzuk lortzeko erabiltzen?). Ez dut iruzkinik egingo sarrera erosi eta espektakulo odoltsua ikusiz, txalo zaparrada eta ole animosoak botatzen dituztenei buruz, labainez moztutako belarri edo buztanak eskatuz. (Garbi ote dute zer txalotzen duten?).
Ez dut ezer esango "Azpeitian, zezenik gabe jairik egongo al litzateke?" lelo leloaz.(Lelokeria deritzot beti kalaka berean aritzeari).
Ez.
Duintasunaz hitz egin nahi dut; duintasun kontua da eta.
Denok onartzen dugu duintasunezko tratu bat pertsona eta animalientzat. Ez dugu gizalegezkotzat jotzen inori min egitea, inortaz trufatzea, inor gutxiestea, inor mendeko hartzea. Ez dugu nahi etikoa ez den tratua ez pertsona eta ez animalientzat.
Honek guztiak kezkatu egiten gaitu eta kontzientziko kargak edo nik ez dakit zerk eraginda, badirudi guzti hau piskanaka aldatzen ari dela. Horra hor Lekeitioko antzarrak( duela urte gutxi arte bizirik jartzen zituzten sokatik zintzilik , lepoa ateratzen zieteneraino; kanpandorretik botatzen zuten ahuntzaren kasua, hurbilagora etorrita berriz, Donostiako Santo Tomasetako zerria exibitzearen polemika... Apurka-apurka, denok ari gar konturatzen, animaliekiko tratu horiek ez direla gizabidezkoak eta etikoki defendaezinak direla. Animaliek ere bere duintasuna dutela ezin du inok uka.
Zezen-plazara doazenak, hilurren dagoen zezenaren begietara begiratuko balute (izen propioa duten animali dotore hoiek), begirada hori irakurriko balute...;duintasuna galduta eta zapuztuta dagoen Miura edo Vitorino horren orru etsi eta tristeek esan nahi digutena entzungo balute...zer jai mota goratu eta txalotzen ari diren ohartuko lirateke.
Ba omen dira batzuk froga hori egin dutenak; gero eta gehiago dira.
Seguru nago hemendik aurrerako jaietan, aurtengoan baino azpeitiar gutxiago izango dela zezenketetan; izan ere, azpeitiarrok, gainontzeko guztiak bezalaxe badakigu eta jakin zer den bidezkoa eta zer ez, zer den etikoa eta zer ez, zer den duina eta zer ez.