Azpeitiko bertsolariak, Zarautzen

Uztarria.eus 2003ko ira. 3a, 18:09

Lizardi sariko finalean eta Basarri bertsopaper lehiaketa sari-ematean.

Bertsolari gazteen Lizardi sariko finala ospatuko da ostiral honetan (hilak 5) Zarautzen. Eta ekitaldian bertan, Basarri bertsopaper lehiaketaren sariak banatuko dira. Bi azpeitiar izango dira aurrenekoan: Beñat Lizaso eta Jokin Uranga. Beste batek, saria jasoko du bigarrengoan: Jexux Lopetegik, bigarren saria.

Iazko kontuak errepikatzen direla dirudi.

Iaz ere hiru azpeitiarren hartu zuten parte Zarautzen irailaren hasieran ospatzen den "bertso festa" historikoan. Beñat Lizaso eta Jokin Uranga izan ziren Lizardiko finalean eta Imanol Lazkanok jaso zuen Basarri sariketako bigarren saria.

Aurten ere berdintsu izango da. Beñat eta Jokin berriro sailkatu dira Lizardiko finalerako, eta iaz Lazkanok egin bezala, aurten Jexux Lopetegik (argazkikoa) lortu du bigarren saria. Gainera, iaz Lazkanori bezala, Ekaitz Goikoetxeak hartu dio aurre aurten ere Lopetegiri.

Lizardi saria

Hogeita bi lagunek hasi zuten Lizardi sariketa, bere aurtengo 27. edizioan. Hauetatik, zortzi egongo dira ostiralean Zarauzko Zinema frontoian: Iñigo Izagirre, Julen Zulaika, Jon Martin, Ekaitz Goikoetxea, Jokin Uranga, Iker Zubeldia, Beñat Lizaso eta Aritz Aranburu

Finalaren ondorengo ekitaldian, Basarri bertsopaper lehiaketaren sariak banatuko dira.

Basarri bertsopaper lehiaketa

Aurtengoa XIX. Basarri Bertsopaper Saria izan da, eta Ekaitz Goikoetxean beasaindarrak jaso du lehen saria, "Nunca máis!!!" bertso sortarekin. Bigarren, Jexux Lopetegiren "Amatxo, baina... non dago aitatxo?" lana gelditu da.

Aurtengoan, Jose Mari Aranalde, Andoni Egaña, Rufino Iraola, Imanol Lasa eta Iñaki Gurrutxagak osatu dute epaimahaia. Azken hau, iazko Lizardi Bertsolari Gazteen Txapelketako irabazlea da.

Ea aurten, halere, iazkoa ez den guztiz errepikatzen: Jokin eta Beñat-ek ez baitzuten saririk etxeratzerik lortu orduan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide