Habeakoak alkatearen aginduz udalbatzarretik kanporatuak

Uztarria.com 2003ko ira. 5a, 21:09

Udako oporren ondorengo lehen udalbatzarra egin zen atzo (irailak 4) udaletxean. 20:00etan hasi behar zen batzarra, baina beranduago hasi zen. Boto baliogabeak kontuan hartuta Habeari legozkiokeen lau udal ordezkariak udalbatza aretoko mahaiko zinegotzien eserlekuetan eseri ziren eta ez hauentzako espreski jarritako beste mahai batean, ondorioz Julian Eizmendi alkatea (EAJ) eta Habeakoen artean eztabaida sortu zen.

Oporraldietatik bueltan egindako lehen udalbatzarra eztabaidak piztu zuen. Aurrez esan bezala, udalbatza aretoko zinegotzien aulkietan eseri ziren batzarra hasi aurretik Habeakoak eta ez hauentzako espreski jarritako mahaian. Ondorioz, Julian Eizmendi alkateak (EAJ) eurentzako jarritako mahaian esertzeko esan zien, beste zinegotzi batzuen lekua hartu zutelako. Habeakoek, "bi mila herritarren borondateari jarraituz" beraiei zegokien tokia "zinegotziak eseri ohi diren eserlekuak" zirela erantzun zioten alkateari. Alkateak, berriz, "eztabaida politikoan sartzeko asmorik ez" zuela erantzun zien. Habeakoek, aldiz, eztabaida politikoan sartu nahi ez izatea "absurdua" zela aipatu zioten, "egoera honetara iristearen arrazoiak politikoak" zirela esanaz eta alkatea une horretan "hartzen ari zen jarrera politikoa zela, azpeitiarrak lehen eta bigarren mailako herritarren artean banatuz, eskubide politikoak dituenak eta eskubiderik ez dutenen artean PP eta PSOEk diseinaturiko estrategiarekin lerratuz".

Alkateak, beste behin gonbidatu zituen Habeakoak zinegotzien eserlekuak utzi eta ondoko mahaian esertzera, bestela hauek "kanporatzeko agindua" emango zuela. Hala bada, alkateak udaltzainei deitu, hauek udalbatza aretora etorri eta Habeakoei eserlekuak uzteko agindu zien, orduan utzi eta aretotik atera ziren.

Hala bada, minutu batzuk beranduago hasi zen hamairu aztergai zituen udalbatzarra. EAJtik bi zinegotzi falta ziren, eta PPko zinegotzia oraingoan ere ez zen agertu batzarrera.

Gai denak jaso zuten udal ordezkarien oneritzia udaltzarrean. Besteak beste, honako gaiak landu ziren:

  • Azpeitia Lantzen SAk etxebizitzak eraikitzeko finantziazio mailegua eskatzeko Udalari eskatutako baimena. Honek ogasuneko kontu batzordearen oneritzia du.
  • Azpeitia Lantzen SA Goiko kalen etxe zahar bat bota eta berria eraikitzekoa da. Leku horretako orubean zatiketa bat egitea eta eraikinaren aprobetxamendurako dagokion orubea kapital anpliazio bezala ematea Azpeitia Lantzen SAri erabaki zen. Gai honek ere ogasuneko kontu batzordearen oneritzia du.
  • Azpeitiko kirol talde eta elkarteei diru laguntzak emateko —aurreko legealdiko udal taldeak onartu zuen— oinarrien kontu ematea.
  • Iruarrieta estazio megalitikoa monumenu multzo izendapenaz deklaratzea eta babes araudia ezartzea. Iruarrieta Izazpi inguruan dago, eta gune hau hiru herriren arteko muga da Azpeitia, Azkoitia eta Zumarraga. Udalbatzarrean alkateak adierazi zuenez Azpeitiari "zati txikia dagokio".
  • Etxerat erakundeak Bautista Barandalla euskal presoaren alde aurkeztutako mozioa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide