Gurasoei zuzenduriko eskola kirolari buruzko sentsibilizazio kanpaina antolatu du Eskola Kirol Kontseiluak

Uztarria.eus 2003ko ira. 23a, 15:09

Eskola Kirol Kontseiluak (Azpeitia-Azkoitia ) 2003-2004 ikasturterako gurasoei zuzenduriko sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan. Kanpaina honen bidez, familiek norabideratzea ahalegindu nahi da kirol sozializatuago eta hezgarriago bateruntz. Eta horretarako seme alaben kirol heziketan gurasoekiko ardurari buruz gogoeta bultzatu, seme-alaben kirol prakatikaren norabide egokia emateko baliabideak eskaini eta Eskola Kirol Tokiko Egiturari buruz informatzea du helburu.

Eskola Kirol Kontseiluak antolatutako sentsibilizazio kanpaina honetan, aita-ama baliozkoaren dekalogoa eta egin behar ez duguna ere bildu dituzte.

Hona hemen Aita-ama baliozkoaren dekalogoa:

  1. -Zure seme-alaba ez behartu bere gaitasunaz gain dagoen zerbait lortzera. Zure seme-alabak ez du kirola egiten zure handinaia betetzeko, bere onura eta dibertimendurako baizik.
    2.-Haurrek hobeto ikasten dute imitazioaren bidez. Txalotu ezazu partidu on bat, bere taldekoena edo kontrakoena izanda ere.
    3.-Etzazu inoiz dudan jarri, epaileren iritzi eta zintzotasuna, publikoan.
    4.-Baztertu ezazu edozein eraso fisiko edo psikologiko.
    5.-Aurkarien gurasoekin adiskidetsu azalduz eredua eman iezaiozu.
    6.-Entrenatzailearen garrantzia eta balioa aitortu. Berak, zure seme alaba entrenatzeko bere denbora eta esfortzua dedikatzen ditu.
    7.-Erakutsi iezaiozu talde bezala ahalegindu egin behar dela. Modu horretan, partida bakoitzeko emaitza premiarik gabeko dezepziorik gabe onartua izango da.
    8.-Zure seme-alaba kirolaren arauak errespetatzera animatu ezazu.
    9.-Porrota garaipena bihurtu zure seme-alabari bere teknika hobetzeko lana nola egin erakutsiz eta kirol jarrera baikorra hartuz.Zure seme-alaba inoiz ez gutxietsi eta ez oihurik egin bere hutsegiteengatik edo partidu bat galtzeagatik.
    10.-Kirolaren dibertsio ikuspegia azpimarratu. Esfortzua eta hobekuntza pertsonalak goratu eta bultzatu.

Hau da, bestalde, egin behar ez dena:

  1. -Zure seme-alaba taldeko jokalaririk onena da. Hala ere besteek ez dute beti ulertzen, horregatik guztiei esaten ziurtatu zaitez.
    2.-Ziurtatu baita ere, zure seme-alabak uler dezan, bera dela onena (auto konfidantza kontua da).
    3.-Noiz edo noiz eserlekuan uzten badute, entrenatzailea ergel bat da, eta horrelaxe esan behar zaio, argi eta garbi.
    4.-Epailearekin eztabaidatu. Jokoaren buruzko zure iritzia berarena baino askoz hobea da.
    5.-Zure seme-alabak sartutako gol bakoitzagatik dirua agindu iezaiozu, horrela bere etekina hobetuko da.
    6.-Epailearengandik ahal den hurbilen gelditu zaitez. Hau da leku honena bera zaindu eta bere akatsetaz kexatzeko.
    7.-Esaiozu zure seme-alabari zure aginduak entrenatzailearenak baino baliotsuagoak direla. Bera zure seme-alaba da, eta arreta eskaini behar dizu.
    8.-Batzorde antolatzailea pertsona atseginez osatua dago, baina, zoritxarrez ez dakite beraien lana egiten. Esaiezu zure seme-alaba dagoen maila baina talde goragoko batean ipintzeko.
    9.-Lehen bait lehen ahalegindu zaitez traspaso merkatuan. Beti egongo dira zure seme alaba oinetako pare bat edo jantzi baten truke fitxatu nahiko duten klubak.
    10.-Norbaitek eginkizun praktiko bat egiteko laguntza eskatzen badizu, adierazi iezaiozu lanpetuegi zaudela.

Hitzaldia eta ikastaroa

Eskola Kirol Kontseiluak (Azpeitia-Azkoitia) hitzaldi bat ere antolatu du,"ikasketa pentsonalean oinarrituriko kirol praktikaren bidez garatu ditzakegun hezkuntza baloreak eta honen inguruan sortu daitezkeen arazoei buruko gaiak" lantzeko. Hitzaldia Aitonenan izango da, urriaren 1ean, 19:00etan. Jesus Mari Zulaika izango da hizlaria, eta Txapelduna ez izatearen eskubidea goiburua izango du.

Eskola Kirol Monitoreentzat lehen sorospen ikastaroa ere antolatu du Eskola Kirol Kontseiluak. Gipuzkoako Sorospen eta Salbamentu Federazioko kideek emango dute ikastaroa, eta gutxienez 10 pertsonek eta gehienez 20k hartuko dute parte.

Hona hemen egitaraua:

  • Urriak 14, asteartea: Sorospen katea. Zaurituei laguntza ematea. Lehen balorazioa eta bigarren balorazioa. Aitonenan, 19:00tatik 21:00etara.
  • Urriak 15, asteazkena: Praktika. BBB eta kanpoko desfibrazio automatikoa (KDA). Aitonenan, 19:00etatik 21:00etara.
  • Urriak 16, osteguna: Hemorragiak, hezurren hausturak, zartadura eta luxazioak. Aitonetan, 19:00etatik 21:00etara.
  • Urriak 21, asteartea: Praktika. BBB eta desfibrilizazio automatikoa (KDA). Azpeitian edo Azkoitian, 19:00etatik 21:00etara.
  • Urriak 22, asteazkena: Arnasbidearen buxadura. Errepaso orokorra. Azpeitian edo Azkoitian, 19:00ettik 21:00etara.

Ikastaro horietan parte hartu nahi duenak, urriaren 3a baino lehen eman behar du izena. Ikastetxeko kirol koordinadoreari izenemate orria beteta, eta ordainketa agiria eman behar dio horretarako. Ordainketa Kutxan egin behar da, 20 euro sartu behar dira Iraurgi Lantzen S.A.-ren kontu korrontean: 2101 0029 27 0001381359. Ikastaroaren hasieran dokumentazioa banatuko da, eta eskolen %80an parte hartzen duenari etorle agiria emango zaio, bukaeran.

Eskola Kirol Kontseilua

Eskola Kirol Kontseiluko kideak, Udalarekin hitzarmenena duten Azpeitiko eta Azkoitiko ikastetxeak dira. Kontseilu honen funtzioak Azpeiti-Azkoitiko Eskola Kiroleko programa egin, eskola kiroleko begiraleei zuzendutako jarduerak sustatu, eskola kirolari buruzko proposamenak egin eta herriko kirol elkarteei eskola kirolari dagozkion ekintzak proposatzea dira, besteak beste.

Informazio gehiago: 943 85 11 00, edo www.iraulgilantzen.net

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide