Urriaren hasieran aurreratu genuen Fernando Morillo eta Pako Aristi zirela haur eta gazte literatura saileko finalistetako bi. Bada oraintxe jakin dugu, Fernando Morillok eskuratu duela saria Izar Malkoak
lanarengatik. Berrian irakurri dugu albistea.
Elkarrizketa
Uztarriak, 14:30ak aldera Fernando Morillorekin hitz egiteko aukera izan du. Morillok "harriduraz" hartu du berria. Hona jarraian bere hitzak:
Nola hartu duzu Haur eta gazte literaturari dagokion Euskadi Literatura Sariaren irabazlea zuk idatzitako "Izar Malkoak" lanak jasoko duela jakitea?
Batez ere harriduraz hartu dut saria. Haseran finalista nintzela jakin nuenean ere harritu egin nintzen, lehiakideak zein nituen kontuan hartu eta pixkat lasaitu egin nintzen. Benetan, ez nuen espero. Beti egoten da bestelako sarietan itxaropena baina...
Goizean Bilbon izan zara...
Bai, gaur sariaren jakinarazpen ekitaldia zen BIlbon eta han izan naiz. Baina sari banaketa, azaroaren 18an izango da Gasteizen.
Orain gainera Pontevedran (Galizan) zaude denboraldi bat pasatzera joanda, zer etorri zara sariaren kontuagatik?
Justu-justu horretarako. Azken hilabeteotan Pontevedran nabil, isolatuta egoteko denbora bat hartu dut, gehiago ikasi eta nere lan batzuk prestatzeko asmotan. Sariak merezi du eta Euskal Herrira etorri naiz.
Estatu mailako saria jaso berri duen Maria Asun Landak, berriz, Haur eta gazte literaturari dagokion Euskadi Literatur Sarian aipamena jaso du.
Niri epaimahaikoek esan didatenez, gazte edo haur baten begietatik ikusten saiatu dira, erakargarritasuna, hizkuntza zuzena, freskotasuna... bilatu dituzte. Eta hori beraien esku dago.
Zer suposatzen du Euskadi Literatur Saria jasotzeak Morillorentzat?
Niretzat orain onena ikaragarrizko lasaitasuna hartu dudala da, gehiago eta hobeto idazteko aukera daukat. Eman didatena opari bat izan da, hainbeste maite dudana hobeto egiteko opari bat.
Eta orain, berriz, Galizara bueltatzeko asmoa al duzu?
Bai, han jarraituko dut, hala ere uste baino gehiagotan etorri beharko dut. Isolatuta egoteko beharra dut, inork ezagutzen ez nauen leku batean egoteko beharra. Idazle askori entzun izan diot isolatzearen kontu hori. Isolatuta jarraitzeko asmoa dut, nire lanak prestatzen jarraitzeko.
****************************
Hona Euskal Idazleen Elkartearen webgunean Morillori buruz datorrena:
Kurrikuluma
Zientziazale amorratua txikitatik, Fisika ikasten hasi nintzen, eta gero, Filosofia ikasketak burutu nituen. Lanbidez, denetarik egin dut. Ez naiz aspertu.
Inola ere espero ez nituen hainbat sari ospetsu irabazi, eta ondorioz, zenbait editorek nigana egin zuten. Libururen bat edo beste argitaratu nuen, eta gustura nengoela konturatu nintzen. Beraz, hasiberrien indarra eta gogoa dudala uste dut. Oraingoz, behintzat, ondo baizik ez dut pasatu. Eta ikaragarri ari naiz ikasten. Ez dut besterik behar.
Nik, txikitan, zientzialari izan nahi nuen, izarrak behatu, atomoak aztertu... horrelakoak. Hogeita gutxi urte nituela, fisika ikasten nenbilela, zulo modukoa nabari nuen barnean. Barneko ahots txiki batek-edo bultzatu ninduen idaztera. Batzuetan izaten dira horrelako abisuak bizitzan. Nik barnean entzundakoari jarraitzea erabaki nuen. Ez dakit nola burutu nuen nire lehen lana, baina badakit barneko beharrak bultzatuta egin nuela. Hitzak atera nahian hasten zaizkit buru barruan -bihurri, geldiezin, zartatu nahian-, eta nik erditze ero bati ekiten diot. Ezingo nuke azaldu nondik datorren.
Idaztea artea da, eta beste edozein arte bezala, ikasi egiten da. Trikimailuak pixkanaka norbereganatzen dira.
Bibliografia
- 1999 Gudaoste ametsak, Kutxa
- 1999 Bila nazatela, Ibaizabal
- 2000 Sexu egunsentiak, Elkarlanean
- 2000 Erraldoi herrena, Alberdania
- 2001 Bihotz nahasiak, Ibaizabal
- 2002 Ortzadarra sutan, Elkarlanean (CAF-Igartza literatur sorkuntzako beka)
- 2002 Izar-malkoak eleberria, Aizkorri
- 2002 Dorretxe zaharreko misterioa, Ibaizabal
- 2003 Eta ni zer!, Elkar
- 2003 Leonardo da Vinci-ren biografia, Elkar
Sariak
Hainbat herritan izan da saritua: Hondarribia, Azkoitia, Zumaia, Laudio, Portugalete, Santurtzi, Eibar, Irun, Ondarroa, Durango, Hendaia, Deba, Pasaia, Beasain, Errenteria, Lekunberri...
- 1999 Donostia Hiria saria
- 1999 Bilbo Hiria akzesita
- 1999 CAF-Elhuyar Zientzi dibulgaziorako lehiaketan, bigarren saria
- 2000 CAF-Elhuyar Zientzi dibulgaziorako lehiaketan, bigarren saria
- 2000 CAF-Igartza literatur sorkuntzarako beka
- 2001 Bilbo Hiria akzesita
- 2002 Bilbo Hiria akzesita
- 2003 Bilbo Hiria akzesita
- 2003 Haur eta gazte literaturari dagokion Euskadi Literatura Saria
Fernando Morillo Uztarria Azpeitiko Herri Aldizkarian ere kolaboratzaile jardun da pasa den abuztua arte.