Harrera xumea eta jendetsua Eneko Etxeberriari eta Mikel Azkuneri

Uztarria.eus 2003ko urr. 27a, 15:10

Ostiralean egin zitzaien omenaldia euskalgintzaren kontrako operazioan atxilotu zituzten bi azpeitiarrei

Ehunka lagun bildu ziren ostiral arratsez Azpeitiko Plazan, udaletxeko arkupeetan, Eneko Etxeberria eta Mikel Azkune, euskalgintzaren kontrako azkeneko operazioan atxilotu eta gero libre utzi zituzten bi azpeitiarrei harrera egiteko.

Omenaldi xumea eta laburra izan zen ostiralekoa. Eta esanguratsua, jende asko bildu zelako asteartean Madrilen aske geratu ziren bi azpeitiarrei harrera egiteko; era guztietako jendea. Han ziren euskalgintzako ordezkari asko, herri mugimenduetako kide asko, presoen aldeko mugimenduko kideak, Azpeitiko Udaleko ordezkariak (Julian Eizmendi alkatea, eta EAJko, Habeako eta EAko zinegotziak), senideak eta lagunak, euskaltzaleak...

Laxaro Azkunek egin zituen aurkezle lanak, eta harrerari hasiera emateko Jokin Uranga bertsolariak bertso bat eskaini zien Eneko Etxeberriari eta Mikel Azkuneri.

Ondoren, Enekoitz Esnaolak hartu zuen hitza Azpeitiko euskalgintzaren izenean. Euskalgintzak, "trabak traba", "aurrera" segituko duela esan zuen, "beti nazio ikuspegiarekin". Era berean, esan zuen "Euskal Herri kulturala" dela "oinarria", "eta orain Euskal Herri politikora pasatu beharra daukagu, eta euskalgintzak beti lagunduko du nazio izaera zabaltzen eta sendotzen".

Horretarako, euskalgintzak "baliabideak eta babesa" behar dituela zioen Esnaolak, eta orain arte erakundeek ez dutela askorik lagundu. "Euskalgintza, hala ere, gauza izan da Martin Ugalde Kultur Parkea bezalako proiektu estrategikoa martxan jartzeko. Horrek min ematen dio Espainiako Estatuari, eta horregatik jo dute".

Aurrera segitu behar dela zioen, "jendeak euskarazko produktuak erosteko, euskaraz hitz egiteko, euskara ikasteko, euskaraz ikasteko, euskaraz pentsatzeko, euskara sustatzeko, euskararen aldeko proiektuak sortzeko, euskaran inbertitzeko, euskararen alde egiteko, borrokatzeko euskaragatik... Hori da bidea. Eta hori egin dute Enekok eta Mikelek". Hori esatearekin ongi-etorria eman zien biei, eta jendeak txalo zaparrada artean hartu zituen biak.

Ondoren, bi dantzariren aurreskuaren eta biek lore-sorta jaso ondoren, Jose Luis Otamendi ostiralerako idatzi zuen poesia irakurri zuen (Aritmetika ariketak poesia hemen duzue rtf formatoan).

Mikel Azkunek hitz egin zuen bien izenean, eta eskerrak eman zizkien azkeneko egunetan mugitu ziren guzti-guztiei. Madrileko kalbarioa ere azaldu zuen Azkunek. "Bost egun inkomunikatuta pasatu ditugu, Madrilen, gela batean, eta deklarazioa hartzerakoan burua estalita eta horma batera begira. Ez gaituzte jo, aurreko operazioan atxilotuek salatu izan zuten bezala, baina gaizki pasatzen da benetan, ez dakizulako zer gertatuko zaizun, haien esku zaude eta". Bukaeran berriz ere eskerrak eman zizkien denei.

Kitarrista Taldekoen abesti batekin bukatu zen harrera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide