Jokin Urangak eta Leire Ostolazak ez zuten final-erdirako txartelik lortu

Uztarria.eus 2003ko urr. 27a, 18:10

Leire Ostolaza Ordizian aritu zen eta Jokin Uranga Oñatin

Asteburuan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako lehen saioak jokatu ziren Oñatin (urriaren 25ean) eta Ordizian (urriaren 26an) Jokin Urangak eta Leire Ostolazak ez zuten final-erdian sartzerik lortu, eta beraz, puntuazioaren zain egon beharko dute. Jokin Urangak 391 puntu egin zituen eta taldeko bigarrena izan zen. Leirek, berriz, 361 puntu egin zituen, eta taldeko laugarrena izan zen.

Larunbatean, urriaren 25ean, Oñatin jokatu zen txapelketako final-laurdenetako lehen saioa. Han aritu zen Jokin Uranga, baina ez zuen zuzenean final-erdietara sartzerik lortu. 391 puntu egin zituen eta bigarren egin zuen, Estitxu Eizagirreren ondoren (honek final-erdietara pasatzea lortu du).

Sei puntuko motzean Jokin Urangak eta Iñigo Eizagirrek benetan saio polita osatu zuten. Eizagirre etxea erretzen ari zitzaion amona zen eta Jokin laguntzera joandako suhiltzailea. Amona salbu zegoen, baina bere txakurra etxe barruan. Umorezko bertso politak osatu zituzten biek. Urangak honakoa bota zuen lehenengoan: "deituta oso gutxira/ nator zure baserrira/ esan didazu mesedez Pintto hortik erretira/ baina begira-begira/ guztia sutan ari da/ aizu amona ni suhiltzailea naiz eta ez suizida".

Oñatiko saioko sailkapena:
1-Estitxu Eizagirre 399.0
2-Jokin Uranga 391.0
3-Iñigo Izagirre 387.0
4-Nerea Elustondo 383.0
5-Xabier Sukia 360.5
6-Iban Urdangarin 337.0

Leirek saio txukuna

Leire Ostolazak lan txukuna egin zuen igandean, urriaren 26an, Ordizian jokatu zen final-laurdenekoan. Zortziko handiko saioan Leire Ostolazak eta Alfontso Jimenezek ariketa majoa osatu zuten, oso goitik joan gabe, baina txukuna. Arropa denda batean topatu ziren biak, Ostoloza bere tailako ezer topatu ezinik kexuka gerturatu zitzaion Jimenez saltzaileari. Bigarrenean hala kantatu zuen Ostolazak: "gure neurriak aldatu beraz, horren alde ez gaude gu/ dugunarekin ibili behar, berdin uda berdin negu/ modelu kaxkar ihar horiek hartuaz beti eredu/ eta lodiak modan jazteko eskubiderik ez degu". Jimenezen hirugarrena ere polita izan zen, "Jende gehiago badabil hemen ez nago zuri begira/ talla oneko gorputzak eta paregabeko diztira/ alper-alperrik zabiltz zu orain nahiz ta joan urrutira/".

Ordiziako saioko sailkapena:
1-Iker Zubeldia 398
2-Unai Agirre 371,5
3-Alfontso Jimenez 370
4-Leire Ostolaza 361
5-Unai Muñoa 359
6-Felix Zubia 354,5

Informazio gehiago bertsozale.com webgunean. Argazkia ere, webgune horretakoa da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide