Baitek Azpeitian udaletxean, epaitegian, anbulatorioan, liburutegian, euskaltegietan, denda inprimategietan eta Uztarriaren egoitzan utzi zituen etorkinentzako hiztegi hauek, etorkinentzat, doan, eskura ere zabaldu ditu, eta bi astean ehunka banatu dira. Herrian, beraz, oso harrera ona eduki du.
Eta herritik kanpo ere eskariak jasotzen ari da Baite bera baita hiztegiaren egile, argitaratzaile eta eskubideen jabe; batez ere udaletatik ari da deiak jasotzen. Hala, Baite bera udal guztietara zuzentzen ari da, proiektu integratzaile hau azalduz. Izan ere, hiztegiak, Azpeitirako balio duen bezala, edozein herrirako balio du, aldaketa txiki-txiki bat eginda (Baitek egiten ditu bezeroak nahi dituen aldaketak, eta hiztegia inprimitu arteko ardura ere berak hartzen du). Interes handia erakusten ari dira udalak. Harremanetarako telefono zenbakia: 943 15 03 58 (Leire).
Egunero erabiltzen diren oinarrizko hitzak euskara batutik zazpi hizkuntzatara itzuli ditu Baitek, lagun batzuen laguntzari esker (Azpeitiko erakunde batzuen laguntza ere jaso du), eta Azpeitiko edizioan Azpeitiko euskaran ere badaude emanda. Oinarrizko 200 hitz daude: agur, eskerrik asko... eta euskaratik (batuaz eta azpeitiarrez) honako hizkuntzetara dago itzulpena: ingelera, frantsesa, arabiera, gaztelera, portugesa, gailegoa eta katalana hizkuntzetara. Marrazki batzuk ere badaude.
Etorkinentzako liburuxka argitaratuz, Baite Euskara Elkarteak herrira etortzen diren etorkinentzako laguntza eskaini nahi izan du; proiektu hau haiek herrian gehiago integratzeko bidea izango delakoan dago euskara elkartea. Hiztegia oso erabilgarria da (poltsikoan eraman daiteke eta uneoro kontsultatu), eta, beraz, hiztegia laguntza ederra izango da etorkinentzat. Gainera, euskararen normalkuntzarako Azpeitira etorritakoak euskaraz hitz egitea pauso garrantzitsua dela deritzo Baitek.
Bideoa ere bai
Liburuxkaren zabalpenean laguntzeko eta liburuxka ezagutzera emateko bideoa ere grabatu du Baitek. Bideo horretan, herrian eta inguruan bizi diren hainbat etorkinek hartu dute parte, eta hiztegiaren erabilgarritasunaz eta integraziorako egin dezakeen laguntza aipatzen dute. Azpeitiko Kaito Telebista hasi da bideoa botatzen.
Hona hemen Baite euskara aldizkarian atera zen artikulua.