Laxaro Azkune

uztarria.com1 2003ko abe. 4a, 20:00

Laxaro Azkune
Uztarria Kultur Koordinadorak eta Baite Euskara Elkarteak bat egin dute, erakunde sendoagoa sortu eta etorkizuneko erronkei indar handiagoz ekin ahal izateko. Elkarte berriko lehendakaria, Laxaro Azkune kazetari ezaguna izango da. Herritarren galderei eta zalantzei erantzuten arituko da ostegunean.

1. Suposatzen dut kultur etxearen inguruko galderak jasoko zenituela, ba tori beste bat, nolako kudeaketa edo barne antolaketa mota izan beharko luke balizko kultur etxe horrek (herriko taldeen partaidetza tamaina, udalaren partaidetza maila eta abar)?
Pablo Domínguez

Arratsalde on!
Nere lehen esperientzia da eta ez dakit zer moduz egingo ditudan gauzak. Ez al da jendea izutzeko modukoa izango.
Pablok egiten didan galderaren erantzunak ez dauzkat nik eta ez dakit beste inork ere izango ote dituen. Proiektu hori astiro eta askoren artean landu eta antolatu beharra dago. Ez dut uste inork une honetan horri buruzko xehetasun gehiagorik eman dezakeenik. Aipatzekotan erreferentzi batzuk badaudela, Bilboko Kafe Antzokia, Ondarrun ere martxan da eta bidean dute Durangon. Hemengoa hoien antzekoa? Auskalo. Baina lehenik proiektu horrekin sinisten dutenen lan taldea osatu beharko da.

2. Nola uztartuko dira koordinazio izaera izatea eta zuzendaritza bat edukitzea? Zein da erabaki gunea?
Ion Lazkano

Aupa Jon!
Uztarriaren barruan ni berria naiz eta ez al dut hanka sartzerik egingo. Nire ustez eguneroko martxa, izendatzen den zuzendaritza batzordeak eramango du ohi bezala baina azken hitza beste lekuetakoen antzera talde guztien koordinadorak eta bazkideen batzarrak izango du.

3. Aupa, Laxaro! Zer nolako harremana du uztarriak, momentu hauetan, Azpeitiko udalarekin? Hitzarmena sinatu al duzue? Eta, aurrera begira, Koordinadoran zer papel beteko du udalak? Eskerrik asko.
Andres

Atsaldeon Andres!
Uztarria eta udalaren orain arteko harremanak gora behera batzukin izan dira jakina denez, baina azken urtean hitzarmenik sinatu gabe bada ere laguntzak eman ditu udalak eta oraindik urte honetan falta den zatia laster jasotzea espero da. Aurrera begira ditugun asmoen berri emateko bilerak izan ditugu eta horretan jarraituko dugu, aurrera begira ditugun gure proiektu sendo hoiek ezin ditugu imajinatu udalaren lankidetzarik gabe.

4. Zer eragin izango du Hitzak Uztarriak orain arte atera izan duen hilabetekariarengan? Orriak gutxituko dira? Gaien tratamendua aldatuko da?
Prontxio

Aupa Prontxio!
Ez naiz ni oso asmatzaile ona eta bada ez bada ez naiz gehiegi bustiko. Uztarriak orain arte atera duen hilabetekariak funtzio oso garrantzitsua bete du. Batez ere azpeitiarrok euskaraz irakurtzen ipini gaitu baina ez euskaraz zegoelako, informazioa interesatzen zaigulako baizik. Hori izan da urrats nagusienetako bat. Eginkizun hori, hemendik aurrera, Hitzak beteko du eta ez hilean behin, egunero baizik eta hori izango da pausorik garrantzitsuenetakoa. Horrela herritarrontzat erreferentzia garrantzitsuena bilaka daiteke euskarazko egunkari bat.Nahi izatetik behar izatera pasatuz.
Orduan Uztarriak zer egin beharko du? Argi dago egoera berrira egokitu beharko duela, bailarako herri aldizkari gehienak bezalaxe. Orduan erabaki beharko da, hau da, datorren urtean edo baina herritarron esku ere izango da. Izango ote dugu Hitza irakurtzeaz gain Uztarriaren premirik? Nik argi daukat Uztarriak zer kontatua izango duela eguneroko martxak hartzen ez dituen informazio asko izango direlako emateko modukoak eta seguru orain arte bezala herritarron interesa sortzeko gai izango dela. Baina etorkizunaz ezin da gehiegi hitz egin oraindik. Poztuko nintzateke herritarrok horren premia izaten jarraitzea. Irakurzaletasunak ere gora egin duen seinale.

5. Kultur koordinadorako lehendakari moduan, zer moduz ikusten dituzu herriko taldeak eta koordinadora bera?
Maite

Aupa Maite!
Oraindik berria naiz hemen baina Uztarria sorreratik jarraitu dut nahiko hurbiletik eta Erniarraitz Elkartetik ordezkari izan naiz bilera edo batzar batzutan. Uztarriak hasieratik hiru lan arlo hartu zituen: Komunikazioa, euskara eta kultura. Komunikazioan bete-betean asmatu duela iruditzen zait, aldizkariarekin, webgunearekin eta atera dituen liburuekin. Euskara arloan Baite sortu zen eta han Uztarria kide izan da sorreratik eta beraz talde horrek ere pauso garrantzitsuak eman ditu nahi zituenak eman ezin izan baditu ere. Kultura mailan ez dut uste hainbesteko aurrerapenik egin denik eta ez behar bada Koordinadora osatzen duten taldeen erruz bakarrik, errutxoren bat izango dute baina. Azpiegitura mailan ez dago erraztasunik eta bestetik bakoitza bere martxara mugatzen gara eta bestearenari ez diogu askorik erreparatzen. Geuk antolatzen ditunekin burubelarri saiatzen gara baina ondokoak antolatutakoetara ez gara askorik mugitzen. Hori gertatzen da bertso saioekin, antzerkiekin, hitzaldiekin, erkusketa, zineforum e.a. Arlo honetan badago ba zer egin eta animatu nahi nituzke kultur talde desberdin guztiak.

6. Eta beste galdera bat, uste dut ezingo didazula erantzun baina... Aipatzen duzuen kulturgune horretarako, leku konkreturik ba al daukazue buruan? Non kokatuko da?
Andres

Epa Andres!
Hemen zara berriro. Ez didazu galdera erraza egin. Kulturgune izan nahi duen horren leku konkretu bakarra Azpeitian izango dela izaten denean. Besterik ez dakit nik oraingoz. Sentitzen dut ba gehiago ezin zehaztua. Zerbait zehatzago dgunean esango dugu ozen eta denek jakiteko moduan. Denentzako proiektua izango baida izatekotan.

7. Zorionak kargu berria dela-eta. Nik uste ondo egingo duzula egitekoa. Zeu, zer, gustora? Nola ikusten duzu urteotan bi talde hauek egin duten lana?
Mikel Agirre

Eskerrik asko Mikel!
Bakarren batzuk nire egoa puztu dute eta sinistu egin dut neu aukeratzen nautela proiektu hauen onerako. Proiektuak oso interesgarriak dira eta benetan ilusioz betetzen nau ni tartean izateak. Karguak ez dut uste beste ezer eragingo didanik, lehen egiten nuen baino lan gehiago ez dut nik egingo eta lehen bezalaxe ditudan ordu libreak horretan ere emango ditut eta gustora. Nire kezka bakarra saltsa gehitxotan sartzen naizela eta gustoz, baina nire denborak mugak ditu eta nire ahalmenak ere ez gutxiago. Seguru nago ordea proiektu hauetan langile fin eta iaioak izango direla orain arte bezalaxe eta jendea animatu egin nahi nuke, gazteak batez ere baina baita nire kintakoak ere badute hemen lekua eta tartean beste belaunaldi bat gelditzen da oraindik eta denak ez daude umeekin lotuak. Gazteen artean bat gazteago eta dena sentitzen da gainera.
Bi talde hauek egin dituztenak aurrez ere erantzun ditula uste dut.

8. Gaur onartu du udalak EBPNko kudeaketa plana. Zuen proposamena ere irakurri dut, eta batera lan egingo duzuela pentsatu nahi dut. Zer espero duzue zuek?
Iñaki Martinez

Atsaldeon Iñaki!
Udalak atzo onartu zuen bere kudeaketa plana. Aurrez udalarekin Uztarria-Baitek izan ditugu harremanak eta Aholku Batzordeko kide gara gainera. Udalak bere egutegia zuen eta hori bete du. Dena den gure proposamena ere hor dago eta udalak aintzat hartzea espero dugu.
Euskara mailan egia da Azpeitiak oso maila onak ematen dituela baina ezin gara horri begira egon. Daukagun horretatik izan dezakegunera urrats asko dago emateko. Jarrerak, ohiturak aldatu behar ditugu eta euskarari etxetik eta lagun artetik lanerako urratsa ematen lagundu behar dugu. Lana badago, elkarlana proposatzen dugu eta beraz elkarrekin lanean ulertu gaitezke. Denok irabaziko dugu horrela baina euskarak gehien.

Agurra

Ordubetek nik uste baino minutu gutxiago izan ditu gaur. Behar bada makal samar aritu naiz eta horregatik ez diet galdera guztiei erantzun. Zuen kezkak ez nituen denak ongi argituko baina ez da saiatu ez naizelako. Hurrengo beste norbait datorrenean jarraitu galderak egiten eta parte hartzen. Animo eta hurren arte!


Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide