Atzokoa, berez, ohiko udalbatzarra zen, Habearen legez kanporatzearen ondoren ekainetik hona izan diren udalbatzar horietakoa. Baina bestelakoa izan zen. Izan ere, Azpeitiko Udaleko PPko zinegotzia aurreneko aldiz azaldu zen udalbatzarrera, udal hauteskundeak maiatzaren 25ean izan ziren arren. Gainera, PPko ordezkari hori ez zen izan hauteskundeeetan zerrendaburu izan zena Francisco Javier Piñeiro , baizik eta Julia Tercero. Udaletxera iritsi zenean, Julian Eizmendi alkateak hartu zuen, eta udal ordezkariak aurkeztu zizkion.
Tercerok atzo hartu zuen kargua Azpeitiko Udalean. Ez da Azpeitian bizi, eta azken udal hauteskundeetan ez zen ageri PPk herrirako aurkeztu zuen 18 laguneko zerrendan. Kargua hartzea tokatu zitzaionean, gaztelania hutsean idatzita eraman zuen testua irakurri zuen.
Plenoan erdaraz, lehen aldiz
Azpeitian egin ohi diren udalbatzar guztiak euskaraz egin dira beti, atzo arte. Atzo ere egin zen euskaraz, baina gaztelaniazko laburpenak tartekatu zituzten, hala eskatu baitzuen jende artean eserita zegoen PPko ordezkari batek. Horrela esan zuen berak, gaztelania hutsean: Eizmendi jauna, axola al zaizu esaten duzuen guztiaren erdarazko laburpena egitea, gure zinegotziak jakin dezan zertaz ari zareten?. Eizmendi alkateak baiezkoa eman zion eta handik aurrera bi hizkuntzatan egin zuten udalbatzarra.
Esaten zen guztiaren gaztelaniazko bertsioa egin zuten hitza hartu zuten guztiek, Habeako kideak izan ezik. Habeakoek uko egin zioten gaztelaniaz hitz egiteari, Iñaki Errazkin udal ordezkariak esan zuenez: Gaztelania ez da azpeitiarron hizkuntza eta guk ez dugu gaztelaniaz hitz egingo udalbatzako aretoan. Tercerori ongi-etorririk ez ziotela ematen ere gaineratu zuen Errazkinek, Habearen legez kanporatzea dela-eta tokatzen ez zaion postua okupatzen ari delako.
Ondoren, Tercerok hitza hartu zuen. Nik gaztelaniaz hitz egingo dut, nire hizkuntzan, eta hau, nahi edo ez nahi, Espainia da. Esaten den guztiaren gaztelaniazko laburpenak exijituko ditut. Eta nire postuari buruz esan duzunari zera erantzuten diot: ni hemen legez nago eta zuek ez, eta hemen sobran dauden bakarrak zuek zarete. Harrezkeroztik, Habeako kideek esan zuten guztia udal idazkariak itzuli egin zion PPko zinegotzi berriari, udalbatzarreko ordezkarien beste kideen laguntzarekin.
Tercero atzo ez zen bakarrik aurkitu, aretoan PPko beste bost jarraitzaile izan baitziren; haien artean bat Azkoitiko PPko zinegotzia zen. Bizkarzainak ere udaletxean ziren.
Udal erabakiak
Kontuak kontu, atzokoa nahiko pleno berezia izan zen arren, beste zenbait konturen gaineko erabakiak ere hartu ziren. Hona hemen atzo plenotik pasa ziren puntuak:
- 2003ko azaroaren 21ean, abenduaren 3an, 4an eta 23an egindako bilkuretako aktak onartu ziren.
- Urbitarte 1, 2, 3, 4 eta 5 eta Garate Anaiaren Kooperatiba auzoetako urbanizazioaren lagapen-proposamena onartu zen.
- Tamaina handiko hondakinen bilketa eta olioaren udal zerbitzua Urola Erdiko Mankomunitateari uztea erabaki zen.
- Enparan 26 eta 28an igogailua konpontzeko lanetarako lizentzian hobari eskaera onartu zen.
- Azpeitiko Elosiaga auzoko Txarabarrena etxebizitzan igogailua jartzeko lizentzien obra eman zen.
- Urola Erdiko Industrialdea S.A. eskaera Danona 80 H.E.A.n emandako segregazio baimenei dagozkien tasen salbuespena eskatu eta onartu zen.
- Iazko aurrekontuetan kreditu handitzearen bidez egindako zortzi kreditu aldaketetarako espedientearen berri eman zen.
- Herri susptapeneko etxebizitzak eraikitzeko Lurzorua Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren Aurrerapena onartu zen.
- Zinealdea S.Lk eta Udalak zuten epaiaren berri eman zen. Udalak etxebizitzak egiten diren lurren %10a hartu ohi du, baina oraingoan epaia galdu egin du Udalak eta lurrik gabe gelditu da.
- Ekainetik azarora bitarteko alkatetzaren ebazpenen berri eman zen.
- Udalbatza amaitutakoan Habeako kideek hartu zuten hitza eta gabonetan egin diren ekitaldietara ez zituztela gonbidatu esan zuten. Horren aurrean beste alderdietako ordezkariek ere ekitaldi batzuetara ez zituztela gonbidatu esan zuten EAJ eta EAko ordezkariek.