San Sebastianak gainean dira eta atzematen da dagoeneko giroa herrian. Hainbat dendarik San Sebastianetarako erakusleihoetan zintak eta danborrak jarri dituzte denda atarian. Aurten, gainera, hiru egun iraungo dute festak, ohikoa baino luzeagoak izango dira. Astean zehar danborradako entseguetan dabiltza buru-belarri helduak eta umeak
Igandean sokamuturra egongo da herriko kaleetan, 16:00etatik aurrera. Baina sokamuturra ari den bitartean, zezenzaleak ez direnentzat, Nahidekeena txarangarekin kalejiran ibiltzeko aukera izango dute, zezena ez dabilen kaleetan ibiliko baita. Bestalde, umeentzako jolasak egongo dira Olazko Amaren plazatxoan, gaztetxoenak goza dezaten.
Egun handia, ordea, San Sebastian bezpera izango da. Helduen danborradako taldeak 22:15ean aterako dira Aranetik eta Harzubiatik, gauerdian Enparantza Nagusira iristeko. Bertan, gainera, danborradako kantu berria estreinatuko da, Txokolo Txiki Diana. Hori ez da helduen danborradako berrikuntza bakarra, Oilo-Soro elkartekoak estreinekoz aterako baitira danborradan. Danborrada bukatu ostean Irailak 6 taldeak hartuko du erreleboa eta kioskoan kontzertua eskainiko dute, herriko parranderoak animatzeko.
San Sebastian eguna goizean goiz hasiko da herriko txistulariak, Udal Musika Bandak eta Gure Ametsa eta Ardozaleak elkarteek egingo duten goiz eresiarekin, lo daudenak esnatzeko. 10:15ean herriko agintariak korporazioan Sebastian Donearen parrokira joango dira, bertan 10:30ean abiatuko den prozesioan parte hartzeko. Prozesioa amaitu ostean Meza Nagusira joango dira. Urtero legez, meza amaitu ostean eta umeen danborrada hasi aurretik sokamuturra ibiliko da alde zaharrean eguerdi partean. Umeen danborradarekin batera karroza aterako da. Hemen ere badira berrikuntzak, Juan Antxieta Musika Eskolakoak estreinekoz aterako baitira danborradan. Aurtengo karroza Eli Beobidek egin du eta Frontoi txikaren 175. urteurrena eta Txikuri pilotariaren jaiotzaren eta Gernikako Arbolaren 100. urteurrena omentzen ditu.
Arratsalde partean, berriro ere sokamuturra izango da. Sokamuturra dabilen bitartean Txotx txaranga ibiliko da herriko kaleetan barrena, sokamuturrean ez dabiltzanak animatzen. Kirolarentzako lekurik ere izango da aurtengo San Sebastianetan. Izarraitz pilota lekuan pilota partidak egongo baitira 17:30ean.
Festetko azken txanpa 20:00etan hasiko da, Joselu Anaiak taldeak emango duen kontzertuarekin. Izan ere 23:15ean bandera jeitsierako danborrada hasiko da. Bertan Oilo-Soro, Irrintzi, Txalintxo eta Arauntza elkarteetako danborjoleek hartuko dute parte.
Udalaren oharrak:
- San Sebastianetako zezena dela eta Udalak honako neurri hauek hartzea gomendatu du:
- Kale horietan kotxerik ez aparkatzea.
- Denda eta tabernak babesteko behar diren neurriak hartzea.