Kultur munduko jendea, unibertsitatekoa, hezkuntzakoa edo gizartegintzakoa gara, euskal politikangintzan arduratuak denak, eragile zuzenak ez garen arren. Gaur, hain zuzen ere, gai honek gakartza zuongana. Izan ere, adierazle benetan berri eta baikorrez datorren egoera politikoak bultzatzen gaitu, indiferente ez izatera eta gure aburuaren berri iritzi publikoaren baitara, apal-apal bada ere, aldarri gisa zabaltzera. Datorren martxoan, Hego Euskal Herrian burutzeko hauteskundeak direla eta, Espainiako Gorteetarako hain zuzen ere, alderdi politiko bat baino gehiagorengandik entzun izan dira Euskal Herriari bere hitz propioa, intromisiorik gabea eta bere buruaren jabea, aitortu xedean oinarritutako hautagai zerrenda bateratuak, kontsentsuatuak, osatzearen aldeko adierazpenak. Adierazpen hau sinatzen dugunok, Egunkaria-ren itxiera basatiaren aurka Euskal Herrian oldartutako gizarte aktibo anitza dugu gogo hurbilean. Donostiako bi manifestazio erraldoien harira euskal gizarte aktiboak alderdi politikoei, sindikatuei, erakunde sozialei, instituzioei, dei ozena egin zien gertakari puntualaz haratago, halako erasorik zein aurretik izandako antzekorik berriro gerta ez zedin estrategiak landu zitzaten. Baina ez eraso zehatzei oldartzeko, baizik eta geure emantzipazio-bide propioa eginez erasoei aukerarik ere ez emateko, euskal gizarteak erdietsitako lorpenak eta etorkizunerako asmoak babesteko. Orduko dei ozen haiei muzin egitea euskal gizarte aktiboaren deiari iruzur egitea litzatekeela iruditzen zaigu. Orduko dei harekin guztiz bat datoz martxoko hauteskundeei begira arestian aipatutako proposamenak. Proposamen horien haritik adierazpen publiko ugari egin dira, oso esanguratsuak batzuk, ibilbide eraldatzaile baten hasieran gaudela azaltzen digutenak. Askotan deitoratu dugun alde bateko zein bestekoen sufrimendua amaitu bidean jarri dezakeen ibilbidearen atarian egon gaitezkeen zantzua dugu. Euskal gizarteak behar duen bigarren trantsizioa, eskenategi demokratiko berria, bazterkeriarik gabea, euskal gizartearen aniztasunaren errespetuan pertsona eta aukera guztiei leku egingo diena, giza eskubide guztiak errespetatzea, norbanakoarenak zein kolektiboak, ahalbidetu dezakeen ibilbidearen atarian egon gaitezkeelakoan gaude. Hori dela eta, abaguneak izan dezakeen garrantzi handira erakarri nahi dugu iritzi publikoaren arreta, alde batetik, eta ibilbide hau zein bera eragin duen proposamena babestera dei egin nahi dugu bestetik, gure ahalmen apalarekin bada ere. Horregatik guztiagatik, autodeterminazioaren aldekoen artean bazterketarik gabe kontsentsuatutako zerrendak ibilbide itxaropentsu baten hastapen izatea bilatzen duten heinean, ekimen zehatzaz haratago, aukera profitatzera dei egiten diegu alderdi politikoei. Izan ere, korapiloak izaten dira ugari eta horiek gainditzeko aukerak urri. Horietakoa dugu hau. Eutsi diezaiogun aukera honi!
Sinatzaileak
- Alfonso Etxeberria (ELAko idazkari nagusi ohia)
- IƱaki Perurena (harri-jasotzailea)
- Maite Aristegi (EHNEko idazkari nagusi ohia)
- Benito Lertxundi (musikaria)
- Fermin Muguruza (musikaria)
- Xabier Oleaga (kazetaria)
- Ramon Labaien (Donostiako alkate ohia)
- Xabier Martinez (Euskadiko Pilota Federazioko idazkari nagusi ohia)
- Joan Mari Irigoien (idazlea)
- Antxon Lafont (Baionako Merkataritza Ganberako presidente ohia)
- Ciriaco Molinuevo (Elkarri-ko kidea)
- Pello Zabala (eguraldi iragarlea)
- Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (idazlea)
- Antonio Campos (Ikastolen Elkarteko lehendakari ohia)
Informazio gehiago Berrian