Datorren honekin, Erniarraitz Bertsozale Elkarteak bigarren aldia izango du txapelketa hau antolatzen duela. Hasieratik, bi urtean behin antolatu eta inguru hauetako bertsolari gazteak bultzatzea zuen helburu sariketa honek. Oraingoan ere, hamasei partaide izango ditu.
Martxoaren 5ean hasiko da Bertsolari Gazteen II. Erniarraitz sariketa eta lehenengo kanporaketa Zestoako kultur etxean izango da. Ondoren, martxoaren 12an, Azkoitiako kultur etxean eta azkenik, finala Azpeitiko Soreasun izango da, martxoaren 26an.
Zazpi herri ezberdinetako partaideak arituko dira bertsotan. Gehienak aurreko sariketan parte hartu zutenak. Horien artean bost azpeitiarrak dira: Jokin Uranga, Beñat Lizaso, Leire Ostolaza, Urko Egaña eta Haritz Etxeberria. Gainerako partaideak Nahikari Gabilondo (aurreko sariketako irabazlea), Iñigo Manzisidor, Felix Zubia, Aritz Aranburu, Julen Zulaika (zarauztarrak), Iñigo Eizagirre (itziartarra), Oskar Alberdi (zestoarra), Gorka Iribar (zumaiarra), Arkaitz Zelaia (bidaniarra), eta Migeltxo Aiertza eta Oier Aizpuru (aizarnabaldarrak). Zelaia eta Aizpuru izango dira parte hartzaile berriak, beste guztiek bigarren aldia izango dute.
Bertsolariek kanporaketan zehar hamaikana bertso kantatu beharko dituzte. Zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian hiruna eta bertso ofiziotan eta kartzelako lanean emandako gaiari bina bertsorekin erantzungo diete. Finalera bi kanporaketetako irabazleak eta ondoren puntuaziorik altuena duten laurak sailkatuko dira. Bertsolarien lanak neurtzen, Imanol Lazkano, Jose Luis Gorrotxategi eta Xabier Azpillaga izango dira epaimahaian.
Errezilen bertso afaria
Ion Maiak eta Xabier Amurizak Mende baten aldarriak hogeigarrenean jarriak ikuskizuna antolatua dute. Garaian garaiko bertsolari batzuen kantak erabiliz, historiari errepasoa eman nahi diote lan honekin. Ekitaldi hau, martxoaren 18an, entzungai izango da Errezilen, Borondegi jatetxean, Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatuta.
Gerrate ezberdinak, Ameriketako inmigrazioa, Errepublika, gosetea, Francoren garaia... izango dira gaiak. Aukeratu dituzten bertsolariak ere asko izan dira, esaterako: Agirre, Alkain, Arrese-beitia, Azpillaga, Basarri, Elizanburu, Lazkao Txiki, Lopategi, Txirrita, Uztapide, Yanzi... Bertsoen aukeraketa hau egitean " Euskal Herri osoaren egoera, euskalkiekin batera islatu" nahi izan dute bi bertsolariek.