Banatu dira Uztarria Azpeitiko Herri Aldizkariaren 49. zenbakiak, nahiz eta arazo batzuk egon diren. Batetik, izan ziren elurteengatik Uztarria berandu iritsi zen inprimategira (Oñatira eramaten dugu) eta atzerapenak egon ziren. Bestetik, hauteskundeak direla eta, Correosekoak lanpetuta dabiltza eta banaketa garairako egitea ezinezkoa zitzaien. Uztarriak beste bide batzuk bilatu nahi izan ditu, aldizkaria etxeetara garaiz heltzeko, baina zenbait tokitan ez dugu lortu. Barkatu eragozpenak.
Aldizkariarekin batera Uztarria Azpeitiko Euskalgintzaren Euskara Aldizkaria ere banatu zen, lehen Baite izenarekin kaleratzen zena. Aldizkari horrek izena aldatu du Baite eta Uztarria erakundeen bategitea dela eta. Aldizkari hori ikusgai dago hemen . Hona hemen Uztarrian jorratu diren gaiak:
- Nuarbeko azkeneko otarginak . Garai bikainak izan ditu otargintzak Nuarben, baina gaur egun bestelako egoera dauka lanbide horrek; hona hemen azken arrastoak.
- Hemen gehiegi uzten zaie Habeako ilegalei . PPk lehen aldiz du Azpeitian zinegotzia, Habearen ilegalizazioari esker eduki ere, bestela ez zukeelako izango ordezkaritzarik. Julia Tercero donostiarra da kide hori; apenas ezagutzen duen herria. Uztarriak elkarrizketa egin dio.
- Hitza-ko gizarte eragileak Lagun Onak Mendi Bazkuna, Ikasberri eta Zutoin eta Zutarri guraso elkarteak dira Hitza-n oraingoz dauden gizarte eragileak, eta laster gehiago izatea nahi dute.
- Hogei urte ahanzturaren aurka borrokan . Martxoaren 22an beteko dira 20 urte Kurro eta Pelitxo azpeitiarrak Pasaian hil zituztenetik, beste bi lagunekin batera; 113 tiro zulo zituzten laurek. Auziak oraindik, ordea, argitu gabe segitzen du .
- Martxoak 8, urteroko aldarria . Urtero bezala, emakumearen nazioarteko eguna dela-eta ekitaldiak antolatu dituzte Udalak eta Izarraizpeko Sorginek.
- Diskoteka irekitzear . Hilabete barru bukatuta izatea nahi omen dute Landetako dantzalekua; bitartean, bizilagunak eta tailerretakoak zain daude, gertatuko denaren esperoan.
- Hamar urte egin eta taldea desegin da . Fundiziyue musika taldea 1994an sortu zen Urrestillako rock taldeen lokaletan. Uztarriak Klik atalean bildu hamar urtetako ibilbidea.
- Beti gustau izen zait ordenadorien mundue . Urte askuen lanien eman dituen arren, orain jubilatute dago Josu Agirre. Eta gustoko dituen gauzek egiten pasatzen du denborie.
Uztarria jasotzeko
Oraindik Uztarria aldizkaria etxean jasotzen ez dutenek badute aukera horretarako webgune honetan bertan. Harpideek aldizkaria hilabetero jasoko dute beren etxean doan. Aldiz bazkideek , urtean 24 eurotako kuota ordainduta, aldizkaria etxean jasotzeaz gain, Uztarriako proiektuak bultzatzen lagunduko dute eta Uztarriak aurkeztu berri duen Azpeitiko efemerideak liburua 6 euro ordainduko dute, 12 euro ordaindu beharrean.