Kirola, "afizioa eta beharra"

Urola-kostako Hitza 2004ko mar. 17a, 11:03

  • Azpeitiko sei emakume kirolari bildu dira mahaiaren bueltan, ‘Emakumea eta kirola’ gaitzat hartuta.
  • Mahai-inguruan Arantxa Aldalur, Mamen Etxaniz, Maje Larrañaga, Leire Agirre, Onintza Zeberio, eta Itxaso Kanpos aritu ziren. Eli Aizpuru izan zen moderatzailea.

Emakumeak eta kirola gaitzat hartuta, Udaleko Gizarte Zerbitzuak eta Emakumeen Mahaiak sei kirolari bildu berri ditu mahaiaren bueltan: Leire Agirre eskalatzailea, Arantxa Aldalur eta Onintza Zeberio lasterkariak, Itxaso Kanpos Lagun Onak-eko futbolaria, Maje Larrañaga Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakaria eta Mamen Etxaniz kirolaria. Moderatzaile lanetan, Eli Aizpuru kazetaria, hura ere kirolaria. Jende artean, 30 bat lagun.

Bakoitzak bere burua aurkeztu ondoren, kirolean hasteko arrazoiak azalduz ekin zitzaion solasaldiari. Denak, Aldalur kenduta, txikitan hasi ziren kirola egiten, eta gaur egun afizio edo lanbide dute. Aldalur seme-alabak hazi eta gero hasi zen lasterka: "Niretzako lasterka egitea hobby bat da. Hasieran, senarrarekin bizikletan hasi nintzen; gero, alaba korrika hasi zen, eta hari laguntzeagatik hasi nintzen".

Kirola egiterakoan, gizon edo emakume izan, zein den aldea galderari erantzuterakoan, Etxanizek hartu zuen hitza: "Gizonezkoentzat errazagoa da kirola egitea. Emakumeak, horregatik, ahalegin bat egin behar du. Buruan oztopo asko sortzen dira, baina gainditu egin behar dira. Emakumeok gure buruaren jaun eta jabe izan behar dugu, eta indarra badaukagula sinestu behar dugu". Segidan, Kanposek futboleko kasua aipatu zuen: "Benetan gizonezkoen kirola dena futbola da, eta ezberdintasuna nabarmena da. Asko gustatuko litzaiguke egoera hori aldatzea, beti lehentasuna mutilen taldeek baitute futbolean: entrenamendutan, federazioan eta abar".

Kirolean emakumeen eta gizonezkoen arteko aldeaz jardun ondoren, elkarteetako zuzendaritzak izan ziren mintzagai. Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakariak hartu zuen hitza. Elkartetik kanpo "jendeak zalaparta handiagoa" azaldu zuela zioen Larrañagak: "Lehendakari emakume bat izendatu zenean, kanpoko jendeak ezusteko handiagoa hartu zuen. Zuzendaritza Batzordean bost neska eta sei mutil gaude, eta talde-lanean jarduten dugu". Kirolean aritzeak emakumeari zenbait kontu baldintzatzen dizkiola-eta, izan ziren iritzi batzuk. Zeberiok garbi dauka: "Nik beti esaten dut: maratoi bat egin arte ez naiz ezkonduko eta ez dut haurrik izango. Haurdunaldian jakineko entrenamendurik ez dago egiterik. Eta denbora ere behar da; lana egin, entrenatu, familia hazi...". Nola hasi kirola egiten, gora-beherak, alde txarrak eta onak aztertu ondoren, kirola egiten zergatik hasi ziren esaterakoan, denak bat zetozen: "Afizioz kirola egin beharra" dute. Agirrek hala zioen, mahai-inguruaren bukaeran: "Kirola derrigortuta egin beharko banu, agian ez nuke egingo. Gustuagatik egiten dut".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide