'Joxe Takolo beka' bi proiekturen artean banatuko da

Uztarria.eus 2004ko mar. 18a, 19:03

  • Trangoko dorreak eta 'Ametsak mugimenduan noraiño? 8c-aren kateraino' proiektuek jasoko dute beka
  • Beka banaketa, apirilaren 3an egingo da, 12:00etan, Azpeitiko Udal Areto Nagusian

Bi proiektu aurkeztu ziren Joxe Takolo beka eskuratzeko: Trangoko dorrea eta *Ametsak mugimenduan noraiño? 8c-aren kateraino*. Lehendabizikoa hiru mutilen artean eginikoa da: Kepa Escribano bilbotarrak, Iñigo Mujika bergararrak eta Arkaitz Iurrita ormaiztegitarrak, hain zuzen. Bigarrena, Leire Agirre azpeitiarrak eginikoa.

Epaimahaikideen esanetan, Trangoko dorrea proiektua "maila handikoa da. Eurak gazteak dira baina esperientzia eta proiekzioa dituzte". Haien asmoa, Pakistanen 6.287 metro dituen (munduko altuena eta oso zaila) eta 6.257 metro dituen bi horma eskalatzea da.

Leire Agirrek bere proiektuarekin 8c bidea kateatu nahi du. Gaur arte, mundu mailan hiru emakumek baino ez dute lortu maila horretako bideak kateatzea.

Bi proiektuak ikusirik, epaimahaikoek aho batez onartu zuten Joxe Takolo beka biei ematea, baina diru kopurua desberdina izango da bakoitzarentzat. 3.000 euroko diru laguntza emango zaio Trangoko dorrea proiektuari eta Leire Agirrenarenari 606 euroko laguntza.

Epaimahaikideak

Aurkeztutako bi lanak aztertzen hainbat jendek hartu du parte. Bertan izan dira Benantxio Irureta, Pako Lertxundi, Jexux Mendizabal, Juan Mari Olaizola eta Joxe Mari Azpiazu kirol honetan adituak. Baita, haiekin batera, Alejo Uranga (Azpeitiko Udaleko kirol zinegotzi ohia), Mikel Saez de Uribain (Euskal Herriko Mendi Federakundeko lehendakari teknikoa), Candido Mitxelena (Azpeitiko Udaleko kirol zinegotzia), Julian Kortajarena (Azpeitiko zinegotzia) eta Nerea Lopetegi (Iraurgi Lantzeneko Kirol Teknikariko idazkaria) ere.

Beka banaketa apirilaren 3an egingo da, 12:00etan, Azpeitiko Udaletxeko areto nagusian.

Iaz beka Xabier Ormazabal urretxuarrari eman zioten, Elurretako leopardoa proiektuarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide