Gazteok Zer!?, gazte lokala aldarrikatuz

Urola-Kostako Hitza 2004ko mar. 22a, 16:03

  • Gazteak aurkitzen diren egoera aldatzea dute helburu
  • Bederatzi gazteren aurka, asteartean, izango den epaiketa ere salatu dute

Azpeitian Gazteok Zer!? taldeak hausnarketarako eta salaketarako eguna izan zuen larunbatean. Arratsaldean, batzar ireki bat egin zuen taldeak, plazan udaletxeko arkupetan. Aurrerantzerako egitasmoak eta funtzionamendua aztertu zituzten. Txokolatada ere egin zuten ordu berean gazteek, ideiak eta asmoak tarteko.

AGZ!?en aldarrikapen nagusia azken hiru urteetan gazte lokala da. "Aspalditik ari gara gazte lokalaren aldeko borrokan. Eta hainbat talde eta herritarren babesa jaso dugu bide honetan". Baina izan duten babesak "Udalean eraginik ez" duela izan diote Gazteok Zer!?ekoek, eta ondorioz "oraindik kalean jarraitzen" dutela.

Gaur egungo gazteen egoera aldatzeko gogoa dute gazteek: "Gazteriak gauzak sortu, ikasi eta lantzeko gogoa du. Azken batean, ditugun arazoei aurre egin nahi diegu. Gaur egungo sistemak eskaintzen dizkigun tresnei aurre egin eta alternatibak sortu nahi ditugu".

Baina, gauzak antolatzeko, ikasteko, sortzeko gune fisiko baten beharra aldarrikatzen dute. "Hutsune bat dago; gure ardurapean egongo den gazte lokal baten beharra dago. Autogestioa eta antolakuntza bultzatuko dituen gune bat nahi dugu, gazte sorkuntza bultzatuko duen gune bat, elkarkomunikazioa indartuko duen gune bat".

Orain arte, AGZ!? taldeak gazte lokalaren inguruan egindako proposamenak "udalak kontuan hartu ez izana" salatu du. Hala ere, gazteak Udaleko arduradunekin gai honen inguruan "luze hitz egin eta eztabaidatzeko" prest daude.

Bederatzi gazteren epaiketa

Batzarra eta gero manifestazioa egin zuten, herriko bederatzi gaztek orain bi urteko elegante eguneko gertaeren ondorioz, izango duten epaiketa salatzeko. "Gazte horien epaiketa aldarrikapen baten aurkako eraso bat da, gazte lokalaren aldeko aldarrikapen baten aurkakoa", dio AGZ!?ek

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide