EITBk trikiti jaialdian, Loiolako Agerretxo baserriko Esteban Larrañaga omendu zuen asteburuan, kiroldegian. Ekitaldian musika eta dantza izan ziren Larrañagarekin batera protagonista nagusiak, trikitilariak ugari, eta dantzarien artean Irlandatik etorritakoak ere baziren. Omenaldi ekitaldia, ETBk lehen katean, Ostegun Santu egunean emango du.
Elkarrizketa egin genion omenaldia aurretik. Honako hau da:
Zeuri omenaldia egin behar zizuela komentatu zizutenean nola hartu zenuen, zer sentitu zenuen orduan?
Egia esan, lehendabizi, Trikitilari elkarteak Kursalen aurreneko omenaldia egin zidanean, Joseba Tapiak deitu zidan eta esan zidan niri omenaldia egitea erabaki zutela. Eta nik pentsatzeko astebete emateko eskatu nion. Erreakzio hori izan nuen. Gero, pentsatzen jarrita, nik zergatik esan nion hori, gauza on bat egin behar didatela jakinda. Azkenean, zeure buruan txipa aldatu egin behar duzu. Nik beti eman egin dut, ezer ez dut jaso, eta orain nik jasotzen hasi behar dut. Horrek dena aldatzen dizu. Gero ilusio handia eta ohore handia da niretzako. Ez zaude ohituta hartzera, 30 urtean ohitu egin zarenean ematera. Egia esan poz handia dut.
Inoiz ez duzu jo zuk soinu txikia; soinu handia jo duzu.
Bai, garai hartan nik seminarioan ikasi nuen eta orduan, seminarioan ez zen erakusten soinu txikia. Santa Eske egun baten bezperan, Agerretxo baserrian, Pikua Azkoitiko soinujolea soinu handia jotzen zuena soinu gorri batekin, orain Lazkaon bizi da. Irudi hori daukat gogoan; haren piano soinu gorri hura. Barru-barrutik sartu zitzaidan. Eta bestetik, soinu txikia ikasteko aukerarik garai hartan ez zegoen. Baina niretzat soinu txikia da gurea..
Noiz ezagutu zenuen gertutik trikiti mundua?
Ezagutu betidanik ezagutu dut, baina mundu horretan sartzeko aukera Loiola irratian lan egin nuenean izan nuen, han ezagutu nuen Jose Mari Iriondo. Loiolako festak, San Jose festak, antolatzen ari ginen eta berri-berriak ziren gainera. Loiolan trikiti eguna egiteko asmoa zegoen eta han Auntxa eta Iturbidetarrak omentzeko asmoa zuen Iriondok. Antolatzeko gure laguntza eskatu zigun Iriondok eta halaxe,hasi nintzen harekin. Hurrengo urtean, Arraten izan zen eta han ere laguntzera joango nintzen galdetu zidaten. Azkenean, kate bat egin zen hor eta 30 urte maiteminduta pasa ditugu elkarrekin. Jose Mari Iriondo izan da guzti honen erruduna.
Euskal Herriko Trikitilarien Elkartearen sorreran ere han zinen.
Orain dela 30 urte trikitixak egiten zuen ekintza bakarra, Trikitilari Eguna zen eta tartean-tartean jaialdiren bat. Orduan, urtero batzorde bat osatzen zen eguna antolatzeko; normalean ni tartean ibiltzen nintzen. Garai hartan ikusi genuen laguntza eske Eusko Jaurlaritzara eta Foru Aldundira joateko legeztatu beharra zegoela. Foru Aldunditik Imanol Muruak laguntzen zigun, baina esan zigun, handik aurrera legeztatu eta elkartea bera sortzek. Orduan Bertsolari Elkartera joan ginen, haien estatutuak hartu, pixkat gureganatu eta bi bileratan edo onartu ziren estatutuak. Errezilen egin genituen bi bilera haiek, Letea jatetxean. Gero, lehendabiziko aukeraketa egin zen; lehendakariak eta aukeratzeko. Ni aukeratu ninduten lehendakari eta ohore hori daukat: legeztatu ondorengo elkarteko lehendabiziko lehendakari izatea. Hura izan zen lehen pausoa. Baina horrek ekarri zuen, poliki-poliki gaur egun dagoen trikitixa izateko aukera. Oinarri bat izan zen orduan emandako pausoa.
Elkarteko lehendakaria zenbat urtean izan zinen?
Sei urtetan, 1990-1996 artean. Garbi ikusi nuen orduan, jende gazte piloa zegoela eta batez ere, trikitilariak beraiek busti behar zutela. Gazteak sartu ziren eta haiek haien tokia topatu zuten elkartean, orain Zarautzen dute biltzeko tokia. Ondo ari dira han.
Trikitia asko aldatu da.
Hasieran denok pentsatzen dugu geure gauzak ez ditugula sekula aldatu behar. Lehendabiziko eztabaida gogorra bat, Kepa Junkerak txapelketa nagusi hartan jo zuen fandangoarekin sortu zen. Gaur egun klasiko bat bezala daukagu fandango hura. Baina aldaketa aurreragotik izan zen: Lajak, Trinitateko plazan, txapelketa batean Enrike Zelaiaren fandangoa, soinu handiarena, jo zuen eta horregatik egundoko kritikak jaso zituen. Orduan kontua zera zen hau holaxe da eta ez dadila mugitu. Beharbada eztabaida gutxi egon da, baina eztabaida egon denean horrek ondorio zoragarria ekarri du. Gu hasi ginenean 10-12 soinujole zeuden Gipuzkoan, gaur berrogetaka dira eta atzetik ehun inguru datoz. Badago oinarri bat, hiltzeko zorian zegoen instrumentu hori gaur osasun onarekin dago.
Lehendakari kargua utzi aurretik zure amets bat bete gabe gelditu zen.
Nire ametsetako bat elkartea legeztatuta uztea zen eta bestea, kongresu bat egitea Donostian: elkarrekin hamabost bat egunean teknikak ikasi, batak besteari erakutsi eta bukaeran jaialdi handi batekin amaitzea. Kepa eta Tapia laguntzeko prest berehala azaldu ziren eta bilera mordo bat egin genituen. Haiek trikitilariekin kontaktatzen hasi ziren eta nire zeregina dirua biltzea zen; betikoa, lan zailena. Donostiako Udaletxera joan ginen eta haiek baietza eman ziguten. Kanpotik konkresura ekarri beharreko jendea profesionala zen eta hiru bat milioi pezeta behar genituen horretarako. Sei milioiko aurrekontua genuen. Eusko Jaurlaritzari hiru milioiko diru laguntza eskatu genion; proiektua aurkeztu eta baiezkoa eman ziguten. Gu ilusio handiarekin geunden, baina handik astebetera Jaurlaritzatik deitu zidaten agindutako dirua bertan behera gelditzen zela esanaz. Gugenheim-ek euskal kulturarako zeuden diru denak jan zituen, bai urte hartan eta baita hurrengoan ere. Nik bizian izan dudan disgustorik handienetakoa izan zen hura. Gure herriaren historian izango zen kontu polit bat, goitik behera etorri zen. Nire trikitiako egunik tristeena beharbada hori da.
Gugenheimera joan al zara?
Ez.
Eta asmorik?
Oraingoz ez. Ez naiz gorrotozalea, baina egia esan oraindik ere gogoan dut hura. Beharbada sentimentalegia naizelako. Hemen aurrera begiratu behar da, eta gauzak atzean ere utzi egin behar dira.
Soinu handia jotzen jarraitzen al duzu?
Bai, tarteka lagunartean jotzen dut. Baditut neuk sortutako pieza batzuk eta hoiek grabatuta utzi nahi ditut; nire ilusio da. Soinua batzuetan lagungarria izaten da, batez ere letxe txarrean zaudeanean eta. Niri behintzat laguntzen dit.
Arrate irratian irratsaio bat egiten duzu.
Ostiralero egiten dut irratsaioa. 20 urte daramazkit Arrate irratian Sutondoko erromeria saioa egiten, 800 bat ordu izango ditugu grabatuta, ineditoak denak. Hasi ginenean hiru helburu jarri genituen, eta hala jarraitzen dugu: bere garaian izan zirenak eta direnak, oraindik ere badaukate zeresana. Gaurkotasuna daukaten soinujoleak Tapia eta ingurukoen piezak aurkeztea jendaurrean eta bestea da, gaztetxoei aukera ematea. Jendaurrean gazteei jotzeko aukerarik ez badiozu ematen, ilusio hori ez badiezu mantentzen, jendeak utzi egiten du soinua. Grabatu eta gorde ez dugu egiten, guk doinu hoiek jarri egiten ditugu irratian. Arraten egunean zehar %20a trikitia da. Gure musika hartu dugu helburu bezala, eta gure programazioko parte inportante bat da.
Urolako trikitia nola ikusten duzu?
Urolaldea soinu mailan toki pribilejiatu bat da;soinujole izugarriak dauzkagu. Gipuzkoan, Urola bailara da bat eta bestea, Asteasu ingurua. Bi gune horiek oso nabarmenak dira eta soinujole handiak egon dira. Oraindik ere,Laja hor daukagu; 44 urte lehenengo puntan dabilen trikitilaria. Xakabi, maixuen maixu izan zena, bere maixua Elgeta izan zen, baina gero soinujole askoren erreferentzia izan zen. Auntxa, ere hor zen. Gero, Azkoitia aldean beste jenerazio bat ere egon da: Zabale, Imuntzo, Epelde, Egurrola, Maltzeta, eta Azpeitian Lurdes Alkorta. Inguru hau izan da trikitiak izan duen inguru inportanteenetako bat, eta gaur egun ere da. Urola alderdi honetan pribilejiatu batzuk izan gara.
Trikitia zer da zuretzako?
Arrazoiak askotan hitzekin ezin dira eman sentimentuak direlako, trikitia nire bizitzan gauza inportantea izan da eta inportantea izaten segitzen du. Elkarren artean ez delako kontraturik egon, ez da egon ofizialtasunik, afizioz bien artean izan dugun harreman bat izan da, ez dugu eduki obligaziorik. Baina horregatik, gure arteko harremana, askoz ederragoa izan da. Berak asko eman dit eta ni saiatu naiz berari zerbait eskaintzen; uste dut zerbait eskaini diodala eta eskaintza horretan egon da horrelako poz eta lasaitasun bat. Elkarri kritikoak izan gara. Askotan sentimendu kontua izan da eta oso polita izan da elkarren arteko harremana.
Martiten duzu jatorria.
Urola bailaran Martite izan da trikitiaren bihotza. Martite, nire gurasoak hangoak zirelako ezagutu dut, baina batez ere erromeri giroan. Nik Martiten igandero erromeria ezagutu dut, jende piloa joaten zen hara eta urte piloan agoantatu zuen. Gaur zaila da, ari dira saiakera batzuk egiten erromeriari indarra emateko, baina jendea gaur egun entzutera joaten da eta ez dantza egitera. Pasibitate gehiago dago parte hartzea baino. Erromeriaren filosofia aldatu egin da, gainera gaur egun maila hobea dago entzuleen artean, eta soinujoalearekin kritikoagoak dira.