Azpeitiko Udala eta Uztarriak akordioa sinatu dute euskara arloan

Uztarria Kultur Koordinadora 2004ko mar. 26a, 10:03

Laxaro Azkune (Uztarria), Julian Eizmendi (Azpeitiko alkatea) eta Xabier Mendiguren (Kontseilua) sinatze ekitaldian. (Argazkia: Urola-Kostako Hitza).

Euskararen normalizazio bidean beste pauso garrantzitsua eman da Azpeitian: Udalaren eta Uztarrian arteko akordioaren bidez, bien proiektuak eta ekimenak uztartu dituzte, herrian euskaraz bizitzeko aukera lortu asmoz.

Udalak eta Uztarriak akordioa Azpeitiko Udaletxean sinatu zuten; Julian Eizmendi alkateak eta Laxaro Azkune Uztarriako lehendakariak izenpetu zuten. Era berean, Udalak eta Kontseiluak ere akordioa lortu dute, eta akordio hori sinatzeko Xabier Mendiguren Kontseiluako Idazkari Nagusia etorri zen izenpetzera.

Azpeitian azken urteetan martxan jarri diren ekimenen bat egitea izan da hitzarmena. Orain dela hiru urte ere egon zen Udalak eta euskalgintzak, gizarte eragileekin batera, bidea elkarrekin abiatzeko aukera, baina desadostasun batzuk medio, bakoitzak bereari heldu zion. Hala, Udalak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia martxan jarri zuen 2001eko abenduan, eta 2003ko bukaeran onartu zituen 2004-2007ko Plan Estrategikoa eta 2004ko Kudeaketa Plana. Uztarriak 2003ko martxoan (orduan Baite Euskara Elkarteak, iazko azarotik bat eginda daude Uztarria eta Baite) Kontseiluaren Bai Euskarari Akordioko Bai Euskarari Ziurtagiria proiektuari heldu zion. Baina Udala eta Uztarria azkeneko hilabetetan hitz egiten egon dira, eta akordioa lortu dute.

"Eredugarria" ere bai

Gustora zegoen atzoko agerraldian Laxaro Azkune Uztarriako lehendakaria, "hitzarmenarekin euskararen normalizazioa helburu duten erakundeen arteko indarren elkarlana bideratu" delako. Akordioa "garrantzitsua" dela esan zuen, eta "logikoa, efektiboa eta naturala". "Azken urteetako inkomunikazioak alde batera utzi eta euskararen alde bat egitea oso inportantea da". Julian Eizmendi alkateak esan zuen Udalaren legealdiko "erronka" izan dela EBPN martxan jartzea, "esparru denetan euskararen normalizazioa lortzeko", eta "euskararen arloan ari direnekin lan egingo dugu".

Ana Mendizabal, Euskara batzordeburuak akordioaren xehetasunak eman zituen. "Adostasunaren bitartez, Udalak eta Uztarriak bien artean hartuko dituzte erabakiak".

Mendigurenentzat ere "garrantzitsua" da herrian hasitako elkarlana, "ez Azpeitirako bakarrik, honek beste herrietarako eredugarria izan beharko lukeelako".

Kontseilua-Udala

Bestetik, Kontseilua eta Azpeitiko Udalaren arteko hitzarmena ere sinatu zen. Akordioan, EBPN eta Bai Euskarari Akordioa prozesu berean uztartzeko "prestutasuna" azaldu zuten bi aldeek. Eta elkarlanean, herriko enpresa eta erakundeen artean Bai Euskarari Ziurtagiria "sustatuko" zutela adierazi zuten.

Azpeitian 36 eragilek dute ziurtagiri hori. Kontseilua, Uztarriarekin elkarlanean, 2003ko martxotik ari da garatzen Bai Euskarari Akordioa, eta, beraz, "dagoeneko ekarpen eta pauso batzuk eginak" daudela esan zuen Xabier Mendiguren, Kontseiluako Idazkari Nagusiak.

Erakundeen euskararen normalizazioa lortzeko konpromisoak hartzen dituztenei, lana eta ahalegina "diploma baten bidez aitortuko" diete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide