Atzo egin zen Soreasu kultura eta gazte gune berria izenburupean Udalak antolatu zuen bilera. Aspaldidanik denon ahotan dabilen eta batik bat, hainbat kultur eragileen artean buruhauste gehien eman dituen gaia da. Azken urteotan, eskari asko egin dira kultur gunearen inguruan eta hori dela-eta antolatu zuten bilera.
Julian Eizmendi alkatea, Aitor Gorrotxategi Gazteria eta Kultura zinegotzia, eta Manuel Unanue Ogasuneko zinegotzia eta EAko bozeramailea izan ziren aurkezpenean Udalaren aldetik. Udalak Soreasu Antzokia kultura, gazte eta antzoki gune bihurtzeko asmoa azaldu zuen. Horretarako, herriko eragile guztien parte-hartzea eskatu zuten, Gorrotxategiren esanetan, "taldeek izan ditzaketen proposamen guztientzako ateak zabalik dauzkagu".
Udalaren proiektuak bi fase izango ditu ordezkariek esan zutenez. "Lehen fasean gunearen metroak eta baliabide orokorrak zehaztuko dira. Bigarrengoan aldiz, herriko taldeek dituzten beharren arabera zehaztuko da". Proiektuak 4.800.000 euro inguruko aurrekontua izango du eta orain finantziazioa zehaztu nahian dabiltza.
Soreasuko eraikinaren etorkizunaz ere hitz egin zuten eta oraindik ezer zehazterik ez dutela esan. "Agian bota egingo da eta agian ez". Horrez gain, Soreasu azpian autoentzat aparkalekua egitea ere ez dute baztertzen.
Azpeitian Gazteok Zer!?
Azpeitian Gazteok Zer?! taldeko kidek ere hitza hartu zuten bileran. Bertan, Azpeitiko gazteentzako gune bat eskatu zuten. "Bost urtean gabiltza gazte gunea eskatzen, eta Azpeitiko gazteok gune bat orain behar dugu". Soreasuko gunea amaitu bitartean behin-behineko gune bat edukitzeko eskubidea zutela esan zuten, "Azpeitiko gazteok gabezia hori aspalditik daukagulako".
Aurreko legegintzaldietan izandako arazoak eta egindako promesak ere gogora ekarri zituzten: "duela hiru urte 300 gaztek gaztetxea okupatu zutenean, herriko gazteei gabon haietarako hitz eman ziguten gazte gunea".
Uztarriaren eskaria
Herriko gizarte eta kultur taldeek ekipamendu sozio-kulturalen "eguneroko gestioan protagonista" izan behar dutela aldarrikatu zuen ostegun iluntzeko aurkezpenean Uztarria Kultur Koordinadorak, herriko hainbat talde eta eragile biltzen dituen erakundeak. "Ontzat jotzen dugu, hasiera batean, Azpeitiko Udalak Soreasun ekipamendu sozio-kulturalak egiteko azaldu duen asmoa. Uztarriak 1999an egin zuen diagnostikoarekin Azpeitiko Udalak bat egiten duela ematen du", esan zuten Uztarriako ordezkariek, 1999ko martxoan Uztarria Kultur Koordinadorak lokalei buruz aurkeztu zuen txostena gogoratuz.
Azpeitiko Udalaren asmoa ontzat jo ondoren, hauxe ere nabarmendu zuen Uztarriak: "Herrian kultura arloan egingo diren lokalak nolakoak izango diren erabakitzerakoan taldeen iritzia kontuan hartzea ondo dago, baina horrekin ez da nahikoa. Herriko gizarte eta kultur taldeek lokal edo ekipamendu horien eguneroko gestioan protagonista izan behar dute, haiek direlako kultura sortzen dutenak". Julian Eizmendi alkateak baietz esan zuen orduan, "taldeak kontuan" hartuko direla gestioa egiterakoan.
1999ko txostenean kultur etxe bat egiteko eskatu zion Udalari Uztarriak, eta gestio-eredu bat ere proposatu zuen, "irekia eta parte hartzailea". Ekipamenduak gestionatuko lituzkeen antolaketa talde batez hitz egiten zuen orduan Uztarriak, eta antolaketa talde horretan herriko taldeak eta Udaleko ordezkariak egongo lirateke txosten horren arabera. Uztarriako ordezkariek ostegun iluntzean esan zutenez, "gaur egun ere, Uztarriaren ustez, Azpeitiko Udalaren eta herriko taldeen arteko elkarlana halako oinarri baten gainean egin behar da. Herriko taldeek eta Udaleko ordezkariek osatutako talde edo dena delako horrek gestionatu behar ditu lokalak, programatu behar du egitaraua, bultzatu kultur produkzioa, erabaki aurrekontua... Aukera ona daukagu orain".
Herriko gizarte eta kultur talde gehienak eta ikastetxe denak biltzen ditu gaur egun Uztarria Kultur Koordinadorak, eta 816 bazkide dauzka. Epe laburrera begira, III. Kulturaldia prestatzen ari da.