Uztarriak beste pauso bat eman du euskararen alde, wegbunean hizkuntza eskubideei buruzko atala sortu duelako. www.uztarria. com/euskara du helbidea. Gainera, euskarak orain bere atala izango du (www.uztarria.com/euskara), eta webgunearen azalean egongo da ikusgai (lehen Azpeitia atalaren barruan zegoen).
Euskal webguneetan esperientzia berria da Uztarriaren hau. Beharrezkoa ere bai, XXI. mendean oraindik ere gure hizkuntzaren eskubideei buruzko kontzientziazio nahikorik ez dugulako. Ekimen honekin, akuilu lana egin nahi dugu, dio Uztarriaren Euskara taldeak.
Herri aldizkarian badago antzeko atalik (lehen Baiten eta orain Uztarrian, Euskararen gorabeherak), eta, egia esan, hori atal garrantzitsua dela iruditzen zaigu, eragina duelako.
Irekia
Hizkuntza eskubideez hitz egitean, horrek ez du esan nahi beti kritikak egin behar direnik. Zoritxarrez, askotan hala da, hala egin behar delako. Baina makina bat denda, enpresa, taberna, elkarte... beren esparruan euskararen aldeko pausoak ematen ari dira (kartelak euskaraz jartzen, kontratuak, idatziak...) eta ahalegin horren berri eman izan du Uztarriak aldizkarian, eta webgunean ere eman nahi dugu.
Uztarriak ez ezik, edozein herritarrek ere badu aukerarik bere iritzien, kexen, laudorioen... berri emateko www.uztarria.com/euskara-n. Halakoa baita webgunea: irekia eta parte-hartzailea; eta arrakasta handia du, egunero mila orrialdetik gora bisitatzen direlako.
Bi arlo ditu atalak. Batetik, orain ere badagoena: edukiak; euskararen inguruko edukiak ordenatzen dira bertan (aldizkariak, hitzaldiak, eduki interesgarriak...). Eta, bestetik, atal berria: hizkuntza eskubideak. Jendea animatu nahi dugu azken horretan parte hartzera.
Kontseilua
Uztarriaren webeko atal berriak bat egiten du Kontseiluaren Hizkuntza eskubideak! Denon konpromisoa ekimenaren filosofiarekin.
Kontseiluaren ekimenak hiru zutabe ditu:
- Akordio soziopolitikoa.
- Gizarte eragileen konpromisoak (Bai Euskarari Ziurtagiria).
- Norbanakoen konpromisoa.
Atal berriaren ezaugarriak
Atal berriarenak. Artikulu motzak izango ditu. Lau kategoriatan banatuak:
- Gora (gezia gora). Euskara egoki tratatzen duten ekimenak goraipatzen dituztenak (erakusleihoa egoki, publizitatea euskaraz eta maila txukunean...).
- Behera (gezia behera). Euskara errespetatzen ez dutenak (euskaraz hartzen ez gaituen administrazioa, mediku erdaldunak, euskara eskasean idatzitako kartelak...).
- Iruzkina. Euskararen inguruko aipamen txiki bat, inolako gezirik gabe.
- Galdera ikurra. Euskararen inguruko galdera bat.
Artikulu bakoitzarena. Artikulu bakoitzak, ezaugarri hauek izango ditu:
- Motza izatea (pare bat pasarte gehienez). Inork luzeagoa eta landua badu, idatzi Iritzia bezala uztarria.com/albisteak atalean.
- Ikono bat edukiko du, kategoriari dagokiona (gezia gora, behera, galdera ikurra...).
- Argazki txiki bat gehitzeko aukera.
- Erantzunak emateko aukera izango da (agian hasieratik ez).
Artikulu denak. Guztiak www.uztarria.com/euskara helbidean erakutsiko dira, oso-osorik. Baita erantzunak ere, izanez gero.
Artikulu zaharrak. Artxibatzen joango dira (uztarria.com/ albisteak bezalaxe).
Azken artikulua. www.uztarria.com-eko azalean erakutsiko da.