Lurgintza Nekazal Kooperatiba duela 33 urte sortu zen. Baserritarrok eta baserritarrontzat sortu genuen Gipuzkoan kooperatiba hau. Haserako pauso, zail bezain garrantzitsu haietan eta ondorengo urteetan ere Balentín Zamora apaiza izan genuen bidelagun. Filosofia jakin batetan oinarritu zen Lurgintza Kooperatibaren sorrera, beharra eta izateko arrazoia. Hau da, baserritarrok gure baserriko aktibitatea, bizi kalitatea eta bizi maila hobetzea ahalbideratuko zuen bitarteko eraginkor bezain sendoa eraikitzea. Behar genituen zerbitzu, aholku eta abarren gune garrantzitsu eta ezinbestekoa izatea, guk geuk Kooperatibaren gidaritza eramanaz.
Urte guzti hauetan Lurgintzaren inguruan estrukturatu da Gipuzkoako lehen sektorea zerbitzuei dagokion atalean. Hamahiru elkarte sektorial, bederatzi kooperatiba, eta hirurehun baserritarretik gora Lurgintzaren bidez eraman ditugu gure gestio tekniko ekonomikoak, gure kooperatiba eta elkarteetako administrazio eta koordinazio lanak eta abar. Esan beharrik ez dago Lurgintzak oso paper garrantzitsua jokatu behar duela baserritarron zerbitzura eta gure interesei begira lan eginaz.
Azken urte hauetan gure sektorea egoera zaila bizitzen ari da. Nekazal politika ezberdinek markatu dizkiguten bideak eta betebeharrak bide gurutz batean jarri gaituzte. Gure aktibitatearekin jarraitzeko ditugun traba eta oztopo guztiak gainditzeko gero eta zerbitzu gehiago eta hobeak behar ditugu.
Jasotzen ditugun zerbitzuak hobetzeko, ditugun behar hoiek zeintzuk diren eta kooperatiba bera nola egokitu beharko genukeen erabakitzeko Plan Estratejiko bat abian jarria dugu.
Baina badirudi baserritarrok gure artean eztabaidatu, erabakiak hartu eta inoren morroi izan gabe aurrera jarraitzea ez dela batzuren gustoko.
Sektore honetan, beste edozein sektoretan bezala, diru publikoa beharrezkoa dugu ditugun estrukturak mantendu eta aurrera atera ahal izateko. Baina badirudi Foru Aldundira iritsi zaizkigun politikoek eta konkretuki Nekazaritza Departamentuko arduradunek baserritarrok beraien morroi izatea nahi dutela. Beraien morroi edo bestela diru publikorik gabe gelditu behar.
Inposaketa eta mehatxua erabiliaz elkarte sektorialei beraien funtzionamenturako urteetan eman zaien dirua kendu nahi zaie, eta Nekazaritza Departamentuak bultzatuta horretarako sortu berri duten enpresa pribatu batetara bideratu, elkarteen iritzia ezertarako kontutan hartu gabe. Estratejia honekin txori bat baino gehiago harrapatu nahi dituzte tiro batez, elkarteei duten autonomia kendu, beraiek sortu duten enpresa finantziatu, sektorean urte luze hauetan egin den estrukturaketa ankaz gora jarri eta bide batez Lurgintza ekonomikoki zigortu eta desagertarazi. Nork ematen du gehiago?
Txabarri jaunak 10 bat eman zion Foru Aldundian osatu zuen ekipo berriari. Elkarrizketan oinarritutako legealdia izango zela agindu zigun. Non gelditzen dira hitz horiek?. Txabarri jaunak ekipoari eman zion kalifikazio horretan, haserako zenbakia soberan dago Nekazaritza Departamentuari dagokionean.
Lurgintzan duela urte gutxi batzuk kargu politiko baten prepotentzia, inposaketa, mehatxua eta zigorra ezagutu genituen, jokabide hauek ez dira berriak guretzat. Zoritxarrez baserritarrok horrelako pasabideak askotan jasan behar izan ditugu. Duintasunez aurrera jarraituko dugu gure bidea eta ziur gaude denborak bakoitza bere lekuan jarriko duela. Horrelako sasipolitikoetatik San Isidrok anpara gaitzala!.
Mariaje Intxausti Onda