Eremu Urriko eta Eskualdeko Hizkuntzetan Argitaratzen diren Egunkarien Europako elkarteak MIDAS III. batzar nagusia egin du ekainaren 3tik 6ra Donostian, Kursaalen, eta bertan, besteak beste, Hitza proiektuaz hitz egin zuten.
EKTko idazkari Joanmari Larrartek bere hitzaldian Hitza-ren proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkien bildutakoei. Larrartek azaldu zuenez, "gutxi dira kioskoetan topa daitezkeen euskarazko produktuak, eta daudenak tirada txikikoak dira". Horregatik, beharrezkotzat jo zuen hedabideen zabalkundea; modu horretara, proiektu bideragarriagoak izango baitira, instituzioen laguntza txikiagoa beharko baitute eta publizitate alorrean ere aurrerapausoa izango bailirateke. Horrek, aldi berean, "proiektu berriei abiatzeko kemena emango lieke eta horrek kioskoetako aukera handitzea ekar dezake". Hitza-k testuinguru horretan sortu direla adierazi zuen Larrartek. Helburua "jendeak euskarazko informazioa beharrezkotzat jotzea da".
Gaur egun lau Hitza daude, denak ere EKTko Bertakoren, eta tokian tokiko euskara elkarteen eta gizarte eragileen artean sortuta. Urtea amaitu baino lehen beste bi proiektu abiatzekotan direla jakinarazi zuen: Goierrin eta Donostian. Gaur egun denera 25.000 aleko tirada dute Hitzek eta "urte amaierarako 50.000ra hurbiltzea espero dugu".
Hitzaldiaren ondoren, MIDASeko kideek Hitza-ren proiektuaz hitz egin zuten, eta "oso proiektu interesgarria" dela zioten.
Toni Ebner, Dolomitem egunkaria eta MIDASeko lehendakaria (Hego Tirol)
"Presio handia dago Espainiaren aldetik eta ideia onak bururatzen zaizkizue euskaldunei. Ondo legoke Europako beste hizkuntza gutxituek Hitza-ren adibidea jarraitzea".
Charo Barba, Hoxe (Galizia)
"Oso interesgarria da Hitza-rena. Hala ere, galizieraz gure egunkaria bakarrik argitaratzen da eta 5.000 aleko tirada besterik ez du; beraz, tokian tokiko bat kaleratzea...".
Bojan Brezigar, Primorski Dnevnik (Eslovenia)
"Oso interesgarria iruditzen zait. Hizkuntza gutxituetan egunkaria irakurtzera ohitu dadin, jendeari egunkari arin eta herrikoiak eskaini behar zaizkio".
Edita Slezakova, *Uj Szó* (Eslovakia)
"Hizkuntz gutxituen aldeko edozein proiektu ona da, hizkuntzak ez galtzeko, eta kultura eta nortasunari eusteko. Hitza-ren proiektua geure webgunean jartzeko proposamena luzatu dut".
Magdalena Amonn, Sudtirol (Hego Tirol)
"Ideia ona da. Ez da hizkuntza gutxituen aldeko egitasmoa bakarrik, marketing operazio interesgarria da; Hitza-rekin Berria-rako irakurleen perfila jakin daiteke".