Euskararen alde azpeitiarrek egindako lana aitortzen hasi zen orain dela bi urte eta erdi Baite Euskara Elkartea, eta Uztarria Kultur Koordinadorak hartu dio lekukoa, iazko azaroan biek bat egin ondoren. Lehen ekitaldian Patxi Altuna eta Joxe Lizaso bihurtu ziren Baiteren ohorezko bazkide, iaz Enrike Zurutuza eta Pilar Aizpitarte, eta atzo (ekainak 19), berriz, Joxe Agirre eta Iñaki Goenaga. Aurreneko bostak aski ezagunak azpeitiarrentzat. Ez azkena, Goenaga.
Logikoa izan daiteke hori; izan ere, 99 urte ditu Goenagak, eta biziaren parterik handiena Azpeititik kanpo egin du: Venezuelan, Argentinan, Eibarren, Irunen... Orain Azpeitian bizi da, baina haren belaunaldiko gutxi geratzen herrian, eta gazteago direnek ez ezagutzen. Ez bada, Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrak atzoko ekitaldian esan zuen bezala, "paperen bidez" ezagutzen.
"Bazen 1923 inguru horretan, Loiolako jesuitetan, Euskal Akademia deitu izan den eskola bat. Aita Estefania bilbotarra izan zen buru, eta ikasleen artean, gerora euskal literaturaren izen handia izan zuten Lauaxeta, Zaitegi, Ibiñagabeitia eta abar zeuden. Tartean, baita bailarako zenbait gazte ere: Patxi eta Felix Korta anaiak, Inazio Odriozola... eta beste bi anaia azpeitiar, Ormaetxe baserrikoak: Jose Goenaga eta gure Iñaki Goenaga".
Ez zen nolanahiko taldea hura. "Larramendi, Kardaberaz eta Mendibururen garaitik jesuitetan ez zen horrelako iraultzarik izan euskararen alde", Aranbarriren ustez.
Goenaga gero Xabierrera joan zen; han irakasle Orixe izan zuen. Garai haietan hasi zen azpeitiarraren sortze lana; Jesusen Biotzaren Deya aldizkarian hasi zen idazten.
1936ko gerra garairako jesuitatzari utzi zion, eta, soldadu ez joatearren, Venezuelara joan zen. "Gero gerra kronikak idatzi zituen, frentetik, euskaraz eta erdaraz; batez ere, Bilboko Euzkadi-ra", Aranbarrik zioenez. Prentsan ere kolaboratu izan zuen Goenagak, mitinlari izan zen, Gernikako bonbardaketan izan zen, Legutioko batailletan, Santoñan preso hartu zuten italiarrek... Zenbat istorio! Baina azpeitiar gehien-gehienek ezagutzen ez dituztenak. Bada aukerarik oraindik.
"Euskara maite genuen"
Iñaki Goenagak Azpeitia "beti bihotzean" izan duela esan zuen, eta gaztetan herrian bizi zeneko kontuak ekarri zituen gogora. "Gu Loiolan sartu ginenean, euskarak atzera edo aurrera egiteko garaia zuen, eta Euskal Akademia sortu genuen hamar lagunek. Gauzak leitzen ari ginela, ikasten ari ginela, ohartzen ginen euskaldunak garela euskaldunen kontrarioak, eta Loiolako erretoreari esan genion gure euskara maisurik onenak geure gurasoak zirela baina euskarak barruan baduela arima eta hori ezagutu nahi genuela. Horregatik sortu genuen akademia. Euskara maite genuen". 99 urte izateko aparteko argitasuna dauka. Eta jakituria. Artxibo handia da. "Memoria berreskuratzea hainbeste kostatzen ari zaigun honetan zioen Aranbarrik, beharrezkoak ditugu Iñaki guztiak". Azpeitia orain hasi da deskubritzen Iñaki Goenaga.
"Joxe harro, harro Joxez"
Ez Joxe Agirre Oranda bertsolaria, atzoko beste omendua. Goenaga ez bezala, beti hemen inguruan ibili izan baita, baserrian bizi izan da beti. "Ukuilu-aitzurra baino baserritarragoa da Joxe", zioen Imanol Lazkano bertsolari azpeitiarrak. "Harro behar luke baserritarra izateaz eta harro behar genuke baserritarrok Joxez. Baserritarra izateari eutsiz, bertsolaritzan lekua egiten jakin izan du".
Beste era bateko artxiboa omen da Agirre. "Eguneroko bizitzaren eskola du, 40 urtean dabil plazak egiten, esaldiak, esaerak... asko jaso ditu, eta horiek bertso bihurtzen izugarrizko lana egin du".
Agirrek bere erara hartu zuen hitza: bertsotan. Ez omen du merezi omenaldirik, "beti" egin izan duena daukan "pixka bat" hori ematea izan dela zioen, eta ohartzen dela "oraindik herriak maite" duela. Jose Luis Otamendi Uztarriako kide eta ekitaldiko aurkezleak ohorezko bazkide berriei gauza bat eskatu zien bukaeran: "Amets egiten segitzeko indarra".