Azpeitiko alkate ohiari 150 euroko zigorra jarri diote, 9 gazteen epaiketara lekuko bezala ez joateagatik

Berria.info 2004ko eka. 23a, 21:06

  • Orain bi urteko Elegante Eguneko gertakariengatik dute epaiketa bederatzi gaztek
  • Lekukoak aurreko epaiketara ere ez ziren azaldu eta atzeratu egin zen epaiketa

Jose Mari Bastia Azpeitiko alkate ohia, Inazio Egaña, Iñaki Etxezarreta, Mari Karmen Larrañaga eta Alejandro Urangari 150na euroko isuna jarri die Gipuzkoako Auzitegia Nagusiak, ez direlako joan herriko 9 gazteren kontrako epaiketan deklaratzera. Gazte horiei orain bi urteko Elegante Egunean alkatea jotzea leporatzen zaie. Deklaratzera joateko bigarren deia zen gaurkoa, eta agertzen ez diren bigarren aldia. Hirugarren deialdi bat egingo zaie orain, eta deklaratzera joaten ez badira neurriak hartuko dituela esan du Gipuzkoako Auzitegiko lehen salak.

Jon Arrue, Eneko Ibarguren, Mikel Labaka, Oier Letamendia, Aitor Otaegi, Iker Salegi, Jokin Uranga, Josu Urbieta eta Xabier Zuazolazigorraga gazte azpeitiarrak Donostiako Auzitegira joan dira gaur, duela bi urteko otsailaren 10ean Azpeitian izan ziren istiluen inguruko ahozko bistara. Egun hartan, inauterietako Elegante Eguna herrian, hainbat gazte Azpeitiko orduko alkate Jose Maria Bastidarengana hurreratu ziren, taberna batean, gazteentzako lokal bat eskatzeko. Bastidak eta haren lagunek aurre egin zieten gazteei, eta tirabira sortu zen euren artean. Behin tabernatik irtendakoan, gozotegi batera jo zuten Bastidak eta haren lagunek. Gozotegi horretara gazte mordoxka bildu zen, alkateari kontuak eskatzera. Sesioan hasi ziren, eta bultzadak eta kolpeak izan ziren tartean.

Babesak eta salaketak

Hurrengo egunetan, kale borrokarekin lotu zuten gertakaria hedabide ugarik, eta Eusko Jaurlaritzak, EAJk, EAk, EB-IUk, PPk eta PSE-EEk babesa eskaini zioten Azpeitiko alkate zenari.

Gazte bik salaketa jarri zuten istiluen ostean: Eneko Ibargurenek Bastidaren aurkakoa aurkeztu zuen, ahoa zauritu ziola argudiatuta; Iker Salegik alkatearen taldeko norbaitek buruan botila batekin jo eta ebakia egin ziola salatu zuen, eta sei puntadarekin josi behar izan ziotela. Bastidak ere salaketa jarri zuen, aurpegia urratu ziotela esanez. Gazteen salaketak artxibatu egin zituzten. Bastidak atzera bota zuen berea, iazko urtarrilean.

Akusazio partikularra bertan behera geratu izanak, baina, ez zuen geldiarazi akusazio publikoa. Fiskalak «aginteari atentatua» egitea leporatzen die bederatzi gazteei. Bakoitzarentzat 3 urteko kartzela zigorra, 2.520 euroko isuna eta lesio falta eskatua zuen lehen, baina zigor gogorragoak eskatu zituen gero, lehen epaiketa saioan: 5 urteko kartzela zigorra eta 3.240 euroko isuna bakoitzarentzat. Aldaketa horrekin harrituta agertu zen orduan akusatuen abokatua, Luix Barinagarrementeria.

Fiskalaren ustez, Zigor Kodearen 551.2 artikulua ezarri behar zaie bederatzi akusatuei. Artikulu horretan, 4 eta 6 urte arteko kartzela zigorrak aurreikusten dira hainbat karguduni atentatua egiteagatik. «Akusazio partikularrak bertan behera utzi zuen bere salaketa. Ministerio Fiskalari bost axola dio horrek. Ustez kaltetuak direnek atzera egin dute, eta legalitatea, berriro ere, justiziaren gainetik jarri da», dio Barinagarrementeriak.  

Albistea berria.infotik hartu da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide