Hamalau urte lehendakari eta hamaika lan elkarrekin!. "Senekak zioen ez gara ausartzen gauza asko egiten zailak direlako, baina zailak izaten dira ausartzen ez garelako. Hi Elias, ausartu izan hitzean eta zaila posible bihurtu duk.
Urte hauetan ikastolari eustea eta indarberritzea nahi genuela adierazteko Joxean Artze Hartza-ren olerkia erabili diagu behin eta berriz:
Iturri zaharretik
edaten dut
ur berria edaten
beti berri den ura
betiko iturri zaharretik.
Eta hori izan haiz hi URA. Ura bezala oztopo ziren harri tarte guztietatik dariola beti aurrera eginez.
Zenbaitetan, eutsi eta eutsi ahaleginetan gelditzeak usteltzea eta desegitea suposatzen dik, baina ura bezala, egokitzen jakin duk bide malkartsuan. Harri tartetik zirrikitoak topatu eta aurrera eginez indartsu segi duk. Ur saltoa hala behar zenean, ur apala hurrengoan, beti, gelditu gabeko ur bizia.
Ondo begiratu eta ezagutu dituk gure mendi-bideak markatzen joan diren harkaitz gogorrak. Horren protestan denborarik galdu gabe, tartetik geure norabidea jarraitu duk beti.
Hor egon duk hire indarra, urarena bezalaxe. Ez zegoek ura apurtuko duen mailurik, ez da ere zaurituko duen labanarik. Munduko ezpata indartsuenak ere ezin dik uraren azala zartatu eta markatuta utzi.
Urola ibaiaren bidea jarraituz etorri hitzean Legazpi-Brinkolatik gure herriraino, Azpeitiraino eta ura bezala, bihurgune okerrenetara ere egokitzen jakin duk, norabidea inoiz galdu gabe, ibai guztiak itsasorako norabidea jarraitzen duten bezalaxe. Handik eta hemendik ibili bai, behar den haina, baina beti itsasoruntz.
Ibaiaren iturburua bezala, xumea bere sorreran, baina bidean inguruko urak bilduz gero eta indartsuagoa, erabateko indarra lortuz azkenean .
Hire itsasoa, Euskal Herria eta ikasleak izan dituk. Herriaren eskubideak eta ikasleen eskubideak, euskaldun eta pertsona bezala, zaindu eta indarberritzeko bideak markatu dituk hori dena auzolanean eginez.
Eskubideak indarrean irauteko, bideak berritu egin behar izaten dituk eta aldaketak zailak eta mingarriak bihurtzen askotan. Eutsi egin behar behin eta berriro hor aurrean egonez tinko. Tinko helburuetan eta xamur pertsonekin.
Umorearen koloreaz eta musikaz jantzi duk bidea eta guztiontzat xamurragoa eta alaiagoa egiteko moduak topatzen jakin izan duk.
Beti izan duk, hik heuk ondo ez egindakori aurpegia eman eta barkamena eskatzeko gaitasuna. Eta horrek ere ondratze hau.
Baina gaur, utziko diguk emaitzekin gozatzen eta hirekin batera denon artean lortu dugunarekin harro sentitzen garela adierazten. Hiri esatearekin batera gu guztiok horrekin identifikatzen garelako.
Esker onekoa izan haiz eta orain ordainetan jaso ezak gure poza eta esker ona, guk horrelaxe nahi dugulako.
Hemen zegok egin dugun etxea, bai, baina hemen gaudek jendea, ikastola proiektua bizirik mantentzen eta emozionatuta hiri eskerrak ematen. Hiri eta zuen familia osoari: MARIA JESUS, ANE, ODEI eta EIDER zuon guztion emaitza delako. Ondotxo zekiagu guztiok hori, bakoitzareen familiak egin duelako aurrera proiektuarekin, batzuek nabarmenago, besteak itzaleko ixiltasunean.
Auzolanean jarraituko diagu, Euskal Herriak bere erraietan dakarrelako mendeetan zehar horrela aurrera egiteko modua.
Nik neuk asko ikasi diat hirekin eta izugarri aberastu nauk. Buruz azkarra haiz, bihotzez aberatsa eta ekiten berriz, aurrena eta nekaezina.
Asko estimatze haut esateak balio haundia zeukak eta hala duk. Baina bakoitzaren bizitzako baliorik haudiena maitasuna denez, horixe esan nahi diat bihotzez. Beste asko eta askoren sentimentu berdina adierazteko aproposena norberarena adieraztea denez hau duk nirea: ASKO MAITE HAUT".