'Hitza'-k 100 zenbaki; gero eta irakurle gehiago ditu

Urola-Kostako Hitza 2004ko uzt. 2a, 21:07

  • Sortu eta lau hilabetera egunero 7.000 ale banatzen ditu Urola-Kostako euskarazko egunkariak; 20.000 irakurle pasatxo ditu
  • Irakurleek diote "kalitatekoa eta plurala" dela

Urola-Kostako Hitza euskarazko egunkaria gero eta sustraituagoa dago eskualdean. Herrietako euskara elkarteek, gizarte eragileek eta Bertako Hedabideek egindako lanari esker, otsailaren 20an ekin zion eguneroko bideari, orduan argitaratu zuen 1. zenbakia, eta ordudanik etengabe hazten ari da. Oraindik, ordea, bide luzea du egiteko. 7.000 ale argitaratzen ditu egunero, eta 20.000 irakurle pasatxo ditu. Sortu eta lau hilabetera, beraz, dagoeneko eskualdeko egunkari irakurriena izatetik oso hurbil dago Hitza.

Harpidedunak dira egunkariaren oinarria. Etengabe goraka doa harpidetza, eta udazkenetik aurrera egitasmo honetara gizarte eragileak gehitzeko kanpaina abiarazten denean, harpidedun kopuruak ere gora egingo du. Oraindik egunkaria jasotzen ez duenak, 943 30 43 46 telefono zenbakira deitu besterik ez du, eta bere datuak eman ondoren hasiko da Hitza jasotzen, eskatutako tokian. Hain zuzen ere, egunkaria bertaraino banatzeari garrantzia eman dio hasieratik Urola-Kostako Hedabideak S.L. enpresak. Izan ere, euskaldun gehienak oraindik ez daude ohituta prentsa euskaraz irakurtzera. Gehienak ez daude ohituta kioskoan euskarazko prentsa hartzen, eta horregatik eskaini du Hitza-k banaketa zuzenaren zerbitzua.

Egindako apustuarekin eta jendeak emandako erantzunarekin, Hitza euskararen normalizaziorako lagungarri da, eta herri informazioan erreferentzia ari da bihurtzen.

Inkestak emaitza onak

Urola-Kostako Hitza-ren bezero eta harpidedunen arreta bulegoak, egunkaria 100. zenbakira iritsi denez, irakurleen iritzia jakin nahi izan du, eta lehen hilabete hauetako ibilbideari buruzko galderak egin dizkie irakurleei. Telefonoz, eskualdeko 11 herrietako 300 irakurleri galdetu diegu. Honakoak dira erantzunak.

Kalitatea. Zer moduzko egunkaria iruditzen zaien galdetuta, irakurleen %76k "ona" iritzi diote Hitza-ri. %23k egunkaria "oso ona" dela uste dute, eta %2k "erdipurdikoa". Inkesta erantzun dutenen artean, inork ez du esan Hitza "txarra" edo "oso txarra" iruditzen zaionik.

Irakurterraza. Erraz irakurtzen duen edota ulertzea kostatzen ote zaion galdetuz, %87k "erraz edo oso erraz" ulertzen dutela diote. Irakurleen %9k, berriz, "batzuetan ulertzea kostatu" egiten zaiela aitortu dute, eta %4k ulertzea kostatu egiten zaiela. Irakurleen %87k Hitza erraz edo oso erraz ulertzen duela jakitea esanguratsua da egitasmoaren arduradunentzat, gehiengoa oraindik euskarazko prentsa irakurtzera ez baitago ohituta.

Pluraltasuna. Hitza-k aniztasuna zer moduz errespetatzen duen galdetuta, irakurleen %75ek egunkari plurala dela erantzun dute. %4k, berriz, ezetz erantzun dute, ez dela plurala, eta %21ak ez dakite edo ez dute erantzun. Beraz, proiektuaren arduradunen beste helburu bat ari da betetzen: plurala izatea.

Independentea. Egunkari independetea den ala ez galdetuta, %61ek baietz erantzun dute. %7k ezetz. Eta %33a gelditu da zer erantzun jakin gabe edota erantzun gabe.

Erakundeen laguntza. Azkenik, Hitza-k euskarazko egunkaria izanik erakunde publikoen laguntza beharrezkoa duen ala ez galdetuta, irakurleen %85ek baietz erantzun dute. %13k ez dakite edo ez dute erantzun, eta %2k soilik erantzun dute ezetz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide