Habea plataformak azken urtearen balorazioa egin du

Uztarria.eus 2004ko uzt. 19a, 14:07

  • Jasandako "bazterketa politikoaz", Udalaren kudeaketaz eta dauden proiektuez mintzo da
  • Plataformak eginiko balorazioa irakurgai dago

Habea herri plataformak, udal ordezkaritza berria osatu zenetik urtebete igaro zenean, balorazioa egin zuen. Joan den ostegunean prentsaurreko baten bidez azaldu zuen herritarren aurrean eta Uztarriak txostena lortu du. Balorazioan hiru ardatz hartzen dituzte: "Bazterketa politikoa, udal kudeaketa eta proiektuak".

Legegintzaldi hasieran "lapurtutako ordezkaritza" gogorarazten da, aipatuaz, "herritarren %25aren nahia" ez zela errespetatu. Eta honez gain, Udaleko organuetan parte hartzeko aukera lortu bada ere, "erabaki ahalmenik ez" dutela azpimarratzen dute. Egoera honi aurre egiteko "legezko formula bat aurkeztu" zutela baina EAJk eta EAk uko egin diotela esan dute. Horregatik, hauek hitzez ilegalizazioaren aurka daudela adierazten badute ere, benetan aurre egiteko "borondaterik" ba al duten galdetzen du Habeak bere txostenean.

Udal kudeaketari buruz, herritarrek parte hartzeko izan dituzten aukerak ia batere ez direla izan diote. "Azkenaldian modan dagoen talante aldaketa Azpeitiko Udalean ere eman da. Bainan hortik herritarren parte-hartzea erraztu dela esatera tarte handia dago". Udalak proiektuen inguruan informaziorik ematen ez duela ere aipatzen dute, eta "gestioak aurreko legegintzadiaren bide beretik doaz".

Proiektuen gauzatzeei dagokionez "abian jarri diren plan eta asmoak portu onera iristeko" herritarrak antolatu eta lan egin beharko dela diote.

Hona hemen jarraian Habearen balorazio testua:

"Azken udal Hauteskundeak egin eta udal berriak osatu zirenetik urte bete pasatu den honetan, Habea herri plataformatik urte honen balorazio egin nahi dugu.

Aspaldiko partez, azpeitiarrok alkate berria estreinatu dugu urte honetan eta alkate berriarekin Udala kudeatzeko estilo, modu eta bide berriak ezagutzeko esperantza zabaldua izan da herritarron artean. Udaletxea herritarron gainean aurkitzen zen aginte gunea izatetik herritarrokin, parez pare, herria eraikitzen lanean arituko den instituzioa izatera bihurtuko zen esperantza. Bestalde, herritarrok behin eta berriz eskatu eta Udalak txoko batean utziak zituen proiektuak behingoz gauzatzen hasteko eskaera ere mahai gainean jarri zuten herritarrak azken hauteskundeetan. Udala herritarrengana hurbildu eta herriarentzako ezinbestekoak diren proiektuak gauzatu. Hauek dira laburbilduz herritarrek azken hauteskundeetan mahai gainean jarri zituzten eskaera nagusiak.

Orain urtebete egin ziren hauteskundeak, ordea, espainiar estatuak egindako putxerazoaz markatuak izan ziren. Azpeitian bezala, Euskal Herriko beste hainbat herrietan aurkeztu ziren zerrendak baliogabe utzi zituen espainiar estatuak. Ezkertiar eta abertzaleak ahotsik eta ordezkaritzarik gabe uzteko ahaleginak ordea porrot egin zuen, eta egun horretan bozka eman zutenen % 25ak, 2000 azpeitiarretik gora, espainiar estatuak baliogabe utzi nahi izan zuen Habea plataformari eman zion bozka. Honela, azpeitiarrek mezu edo eskaera berri bat gehitu zien Udal berria osatzera zihoazen ordezkariei, herriaren hitzaren eta erabakiaren aurrean espainiar estatuaren esku-hartzea ukatuz eta bazterkeria politikoaren aurkako jarrera azalduaz.

Hauek izan dira Habearen lehentasunak ere eta egingo dugun balorazioa atal hauetan eman diren urratsen arabera egingo dugu:

Bazterkeria politikoa

Legegintzaldi hasiera ez zen batere erraza izan. Ekainaren 14 an, kareguak hartzeko egunean, Habearen ordezkariei ukatu egin zitzaien aukera hor. Horrekin batera Udaleko organuetan parte hartzeko aukerarik ez zegoen. Denborarekin eta herritarren presioarekin, Udaleko organuetan parte hartzea onartu zuten bainan erabaki ahalmenik gabe. Bitartean, herritarrek bozka bidez Habeari eman zion ordezkaritza PNV, EA, PSOE eta PPk bereganatu zuten bozka eskubide eta diru laguntzekin batera. Habea urte guztian zehar saiatu da herritarrek bozka bidez adierazi zutena islatuko zuen Udala osatzeko formulak bilatzen. Lan honetarako, gainera, beste hautetsiei ateak ireki dizkiegu hitzez esaten zutena praktikara eramateko aukera izan dezaten. Otsailean, eskualdeko beste zenbait hautetsirekin bazterkeria politikoa gainditzeko hartu beharreko neurriak izan behar zituzten minimoak zehaztu genituen. Maiatzean, putxerazoaren urtemuga betetzen zenean, herritarren borondateraen aurka Habeari lapurtu zioten ordezkaritza itzultzeko legezko formula bat aurkeztu genuen. Beste biderik aurkeztu gabe Azpeitiko PNV eta EA ukatu egin dira bide hau jarraitzera. Azpeitiko PNVk eta EAk hitzez bazterkeria politikoaren aurka agertzen badira ere, praktikan, Habeari lapurtutako ordezkaritza mantentzen dute oraindik. Duela gutxi Lizartzan erakutsi den bezala, benetan bazterkeria politikoaren aurka badaude badute lapurturiko ordezkaritza bueltatzeko aukerarik. Beste gauza bat da horretarako borondaterik ba al duten edo ez. Amaitu da aitzakien garaia. Iada ez du balio hitzez bazterkeria politikoaren aurka agertzen den bitartean, bazterkeria praktikan jartzea Habeari dagozkion ordezkaritzak lapurtuz.

Udal kudeaketa berria

Herritarrok Udalean parte hartzeko izan ditugun aukerak azken legegintzaldietan ezerezaren hurrena izan dira. Alkatetza berria estreinatu den honetan, Habeak, aurrekontuak erabakitzeko herritarren parte hartzea bilatuko zuen proposamena kaleratu zuen. Udal gobernutik ordea, ez zuen erantzun positiborik eman eta Habeak, bere kasa jarri zuen martxan Eman hitza izeneko prozesua. Prozesuaren helburua herritarrei 2004. urterako ikusten ziren lehentasunak azaltzeko aukera ematea zen, aurrekontuak horren arabera erabaki zitezen.

Azken aldian modan dagoen talante aldaketa Azpeitiko udalean ere eman da. Bainan hortik herritarren parte hartzea erraztu dela esatera tarte handia dago. PNV eta EAk osatzen duten udal gobernuak gehiengo absolutua du. Beste inorekin kontatu gabe atera ditzakete erabakiak, beraz. PP eta PSOEk herritarren borondatearen gainetik inposatu dituzten zinegotziek berriz, ez dute inongo oposiziorik egiten.

Talante aldaketa eta hitz goxoez gain gutxi aldatu da oraindik hala ere. Udala lantzen ari den proiektuen inguruan informazio falta nagusitzen da. Erabakiak hartuak daudenean soilik aurkezten dira. Eta bitartean udal hautetsientzako parte hartzeko aukerarik ez dago. Eta hori udal hautetsiein gertatzen denean herritarrekiko joera bera biderkatuta agertzen da. Horretaz gain, azken legegintzaldian txosten juridikoek gomendatzen zutenaren aurka hartu ziren erabakiak berretsi eta kudeatzen jarraitzen da. Urtebete ondoren lehengo bide berdinetik abiatzen hasia da PNV-EA ren gestioa.

Habearen aldetik joera guzti hauek salatu nahi ditugu eta udal hautetsi eta herritarren parte hartzea erraztu eta bultzatzeko hartu behar diren neurriak ezinbestekoak direla pentsatzen dugu, herritarrek hauteskundeetan egin zituzten eskaerak bete nahi badira. Horregatik aurtengo aurrekontuetan herritarren parte hartzea errazteko kaleratu genituen neurrietan sakondu eta indartzeko konpromezua berresten dugu.

Proiektuak gauzatu

Talante aldaketaren barruan sartzen da urteetan geldirik egon diren eta herritarrek presionatu duten proiektuak gauzatzen hastea. Hor ditugu Soreasuko Kultur eta Gazte gunea, Euskararen Normalizazio eta Biziberritzea lortzeko plangintza, etxebizitzak lortzeko bidea errazteko planak, auzoentzako azpiegiturak hobetzeko planak… Baina abian jarri diren plan eta asmoak portu onera iristeko gainean egon beharko da. Herritarrek hainbeste urtetan eskatu eta borrokatu dituzten eskaera hauek ez direlako prentsaurreko edo akordio baten sinaduran amaitzen. Eskaera hauek behar eta hutsune zehatzetatik abiatzen dira eta behar eta hutsuneak betetzeko duten ahalmenaren arabera lortuko dute beren xedea. Horretarako ezinbestekoa da herritarrak antolatu eta parte-hartzea eta parte hartzeko aukerak irekitzea.

Aurkeztu diren asmo eta planek, ordea, ezin dute ezkutatu oraindik erantzunik jaso ez duten proiektuen hutsunea. Kotxerik gabeko egunean garraio publikoa indartzea kanpaina polita izan daiteke, baina zer gertatzen da urteko beste 364 egunetan? Herrian trafiko eta aparkalekuen arazoa dagoen moduan egonda urteko egun batean garraio publikoa ugaritu eta indartzeak ezertarako balio al du? Nola aurkitzen da Loiola bidean 3. adinerako eta etxebizitza sozialak egiteko proiektu inmobiliarioa? Zein asmo dago Izarra- Etxebeltzen luxuzko etxebizitzak egiteko proiektuarekin? Mixerikordiaren kudeaketa plana non dago? Noiz izango dugu alde zaharraren eraberritzeko plangintza integral bat? Noiz landuko dugu kirol gune berriaren gaia denon artean? Noraino handitu nahi da Xixtila errekako harrobia? Zer gertatzen da Lapatxeko zabortegiarekin? Epaitegiek Lapatx SA ilegaltzat jo ondoren zein asmo dago? Zein da Udal gobernuaren iritzia Arroan egin nahi den errausgailuari buruz? Behingoz onartuko al da emakumeen gaian aditua izango den teknikariaren kontratazioa?

Laburbilduz, Azpeitiko Udaleko gobernuak urte bat bete ondoren, hauek dira ateratzen ditugun ondorioak:

1- Azpeitiko PNVk eta EAk eskura dute orain urte bat lapurtu zituzten karguak herriak erabaki zituen hautetsiei itzultzea. Habeak mahai gainean jarri ditu hori horrela izateko tresnak. Baina oraingoz hitzez esaten dena gauzatzeko borondaterik ez dute erakutsi. Gauzak horrela, bazterkeria politikoaren aurkako salaketa jarduera indartzea besterik ez zaigu gelditzen.

2- Udal gobernu berriak, orain harte Udalak izan duen jarrerak aldatzeko itxurak egin baditu ere, oraindik herritarrengandik urrun aurkitzen da. Azkenaldian gainera, garai bateko eta herritarrak aspertuak gintuen jarreretara hurbiltzeko joera erakutsi dute informazio falta… Horregatik, Udal jarduera herritarrengana hurbiltzeko ahaleginak garrantzi berezia hartu beharko dute aurrerantzean.

3- Azpeitian herritar guztiok duintasunez bizi eta garatu ahal gaitezkeen herria izateko proiektuak azkartu behar dira: etxebizitza sozialak, euskararen normalizazioa, kultur eta gazte guneak, auzoentzako azpiegiturak, emakumeentzako zerbitzuak,… PNV eta EAk urteetan ohituak gauzkaten handikeri eta gutxiengo baten interes ezkutuak babesteko proiektuez aspertuak gara. Horretarako ezinbesteko izango da herritarrak antolatu eta lan egitea.

Aurrerantzean beraz, hauek izango dira Habearen erronkak

Azpeitian 2004ko uztailaren 15ean"

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide