Elias Mendinueta: "Ikastolaren auzian gogor jokatu nuen baina eskubideen alde izan zen"

Uztarria.eus 2004ko uzt. 29a, 15:07

  • Uztarriak elkarrizketa egin dio Mendinuetari Ikasberri Ikastolako zuzendaritza utzi duelako

Elias Mendinuetak aurten eman dio amaiera Ikasberri Ikastolaren zuzendaritzan egindako ibilbide luzeari. Atzean uzten ditu, alde batetik, liskar urte ozpinak; baita ere, ordea, herri proiektu bati eskainitako izerdi gozoko lan ordu luzeak.

Bederatzi urte Ikasberri ikastolako lehendakaritzan. Zer nolako balantzea egiten duzu?

Hainbat arlo bereiztuko nituzke. Lehenengo eta behin, arlo pertsonalean, urte gogorrak izan dira, baina aldi berean interesgarriak; eta horrenbestez aberasgarriak. Bigarrenik, ikastola ikuspegitik ere balantzea positiboa da. Izan ere, duela urte batzuk bailara ikastolarik gabe gelditzeko zorian egon zen, Izarraitzpe kooperatiba sare publikoan sartzeko asmoak zirela eta. Ikastola proiektuari eutsi izana, eta gainera, aurrera indarrez atera izana, bada oso positiboa izan da. Gainera, benetan ekimen herrikoia izan da, jende asko inplikatu baita. Neurri horretan, ez dut uste zentro publiko bat gehiago izan daitekeenik.

Ikastolaren sorrera arteko bidea ere, nahiko arantzatsua izan zen.

Une gogorrak izan ziren. Nire ustez, ez zuen merezi izan egoera hainbeste gogortzeak. Izan ere, argi zegoen herrian bi aukera sendo eta legitimo zeudela eta, zorionez, biak gauzatzeko aukera zegoela. Izan ere, ez zegoen banatzeko arazorik ez eraikin aldetik, ezta pertsonal aldetik ere; ume kopurua ere bi proiektuak asetzeko adinakoa zen. Baina bai politikoek eta bai herriko zenbait jendek, agian atzean beste interesen batzuk zituztelako, ez ziren saiatu herritarren nahiak bideratzen. Horrek egoera asko ozpindu zuen, borroka eta haserreak sortuz. Nire aburuz, atzeko interes politikoak zeuden hor.

Nola jokatu zenuen zuk?

Onartzen dut oso gogor jokatu nuela, baina eskubide baten defentsan borrokan ari nintzen; inposaketa baten kontra, gure eskubideak bermatu nahian. Auskalo zenbat bozketa egin ziren, eta alde batekoek nahiz bestekoek beti boto kopurua antzekoa jasotzen zuten; hots, posizioak argi finkatuta zeuden. Beraz, ez zuen zentzurik borroka hura mantentzeak. Nik uste alde horretatik beti zintzo jokatu izan nuela: beti proposatu nuen bi aukera zeudela eta biei eman behar zitzaiela bidea. Izan ere, guk ez genuen euren aukera nahi eta, ez genuen nahi, era berean, besteei geure aukera inposatzea ere. Gertatutako guztiak gizarte bezala ditugun gabezien erakusle izan zen; ustezko demokrazia hau akatsez betea dagoela erakutsi zuen. Kosta egiten zaigu ulertzea eskubideak erabiltzeko direla, eta ez bitrina batean edukitzeko, batzuk uste bezala. Politikoki hauteskundeetara ohituta gaude: hainbat aukera daude eta bakoitzak nahi duenari ematen dio botoa. Hala izan beharko luke beste arloetan ere.

Orduan, zer dela eta iritsi zen egoera mutur horretaraino?

Esan bezala, posizioak hain finkaturik egonda, guk ez genuen ikusten zentzurik zeukanik borroka hura mantentzeak. Baina ez zen hori ulertu nahi izan eta izugarrizko presioak jasan izan genituen, baita presio pertsonalak ere. Baina azken gertatutakoak balio izan badu, oinarrizko eskubideak lortzeko ere sufritu egin behar dela erakusteko izan da. Hala gertatu zen gurekin ere, baina zorionez geure apustuari eusteko adina indar izan genuen. Dena dela, oso gogorra izan zen: familia-arteko iskanbilak, kartelak “denda hartan ez ezazu erosi!” esanaz.... Behatzarekin seinalatu nahian bezala, “kontuz hauekin!” esanez bezala. Horri itxuragabekeria bar deritzot.

Zatiketa latz horren ostean, gaur egun nolakoa da bi zentroen arteko harremana?

Gaur egun ez dago harreman instituzionalik. Nik uste ez batak eta ez besteak ez dutela elkarren premia sentitzen. Egia da, agian nik alde egitea mesedegarri izan daitekeela zenbait gauzetarako. Izan ere, nik oso argi dakit zeren adierazle naizen, eta zenbaitentzat oztopo izan daitekeela ni hor egotea. Baina beno, Karmelo Etxegarairekin ez dugun bezala, Iraurgirekin ere ez dugu harreman berezirik.

Zergatik hori?

Gure aburuz gaur egun herri mailan autonomia ikastetxe guztiek galdu dute, gu izan ezik; horrek oztopatu egiten ditu lankidetza harremanak. Izan ere, adibidez elizakoak diren zentroekin, nahiz eta eguneroko jarduna zibilek eman aurrera, erabaki garrantzitsuak elizak hartzen ditu. Karmelo Etxegarairi ere gauza bera gertatzen zaio: administrazioaren esku daude erabakiak hartzerakoan. Honenbestez, proiektu komun bat-edo abian jartzekotan ezin gara bi zentroetako titularrak zuzenean harremanetan jarri, administrazioa dago tartean.

Baina lankidetza ofizial horretatik kanpo, maila pertsonalago batean egon al da hurbiltzeko borondaterik bi zentroen artean?

Nik uste aurrez zegoen giro arantzatsu hura baretu dela, eta giltza, gauza askotan bezala, denbora izan da. Zuzenean inplikatuta egon garen jendearen artean, hurbiltzeko ekimen berezirik ez da egon. Baina nik beti bereiztuko nuke: Karmelo Etxegaraiko guraso arruntekin ez dut inoiz arazo berezirik izan; ika-mikaren unerik gogorrenean ere, ez dut inongo arazorik eduki izan. Nire lanbidez ere, zenbait bezero Karmelo Etxegaraiko gurasoak dira, eta ez dut inolako arazorik izan. Bestalde, inplikaturik egon ginenen artean, barkamena eskatu izan didan pertsona bakarra Jose Mari Bastida izan da.

Ikasberrik Euskal Eskola Nazionalaren ideia landu izan du. Zertan datza?

Nik uste guri dagokigula kontzeptu hori sortu izana. Lehenago “Eskola Publiko Berria” edo antzekoetaz hitz egiten zen. Guk aldiz, naziotasunaz oraindik oso gutxi hitz egiten zenean, garbi ikusi genuen herri bakoitzak bere nortasuna mantentzeko ezinbestekoa dela bere eskola propioa izatea: herri honen seme-alabak euskaraz hezteaz gain, era berean euskaldun bezala heziko dituena, inongo lotsarik gabe. Donostian badago Eskola Ingelesa, hark ordea, ingelesez irakasten badu ere, ez du bihotzez ingeles inor egiten. Hizkuntza gauza bat da, baina herritar izatea zerbait gehiago da.

Eskolari lan hori al dagokio?

Bai. Gure iritziz, herritartze lan hori eskolari dagokio. Garai batean hezkuntzaren kalitateaz hitz egiten zen, herritartasuna aipatu gabe. Izan ere, ez omen zen hori matrikulatzen zirenetako batzuen interesa. Baina orduan nire galdera da: helburuak poltsikoaren mende egon behar al dute? Orduan, zer da ikastola gainontzekoetatik bereizten duena? Bestalde, kontzeptu honekin guk nahi dugun eskola mota hori ere irudika nahi genuke hots, gurasoak parte aktibo diren ikastola bat. Izan ere, gurasoak garen heinean, gure seme alaben heziketaren ardura guri dagokigu nagusiki. Baina, parte aktiboa izateko, argi daukagu jabegoa ere izan behar dugula; ikastola sentitu egin behar da norberarena bezala. Erabaki ahalmena gure eskuetan mantendu nahi dugu: ikastolen 30 urteko esperientzia administrazioaren eskuetan uztea, hezkuntza sailaren ardura duen alderdi politikoaren mende egoteko, ez zaigu bidezkoa iruditzen.

Horretaz gain, bada beste ezaugarri bat ere, ahaztuta dagoen zerbait: bada, gure seme-alabak eskubidedun pertsonak direla. Eskolak gabezi handi bat du harremanak bideratzerakoan, hain zuzen ere hierarkiaren auzia: irakaslea dena dakiena da eta honen arabera antolatzen dira harremanak. Bada hori da aldatu beharrekoa, goitik beheraino.

Beraz, zure aburuz, zein da ikastola batek gizartean bete beharreko funtzioa, heziketaz gain? Motor kulturalarena?

Hala da, bai. Orain arte, eskola eduki transmisorea izan da; baina eguna materiaz betetzea ez da nahikoa, emozio eduki ere eman behar da. Bestalde, estatu modernoak sortu zirenetik, boterea ohartu egin da eskolaren eta intelektualitatearen indarraz. Honela, botereak eskolarena den funtzioa xurgatu nahi izan du. Horretarako, eskola sistemaren baitan sartu nahi izan du, hezkuntza menperatzaile bilakatuz. Guk aurrez zuen paper hori berreskuratu nahi genuke.

Zein da ikastetxeetako profesionalen papera testuinguru horretan?

Nik uste hezitzaile lan horietan sartzen baldin badira, euren papera oso interesgarria izan daiteke. Gainera, ikastetxeek ere motor kulturalaren paper hori berreskura dezan, profesionalen lana ildo hauetatik bideratzea ezinbestekoa dela. Bestalde, aurrez hitz egin dugun hierarkiaren auzian, nik uste gure ikastolako profesionalak guk landu nahi dugun ideia barneratzen ari direla. Horrela, ikasleek ere gusturago daude.

Nola ikusten duzu ikastola mugimenduaren etorkizuna?

Ikastola mugimenduak izugarrizko gabezia du, lidergo falta baitzaio. Era berean, hezkuntza sailarekiko mendekotasuna handia da eta ez du ausardiaz jokatzen. Nire iritziz, hezkuntza sailarekin harremanak izatea beharrezkoa da, baina ezin da proiektu gisa administrazioaren mende egon. Lastima da, izan ere ezin da dena politikoen esku utzi eta hauen zain egon. Etorkizuneko gure herria zinez herritarra izatea nahi baldin badugu, bai ikastolak eta bai herri mugimendu guztiak dira beharrezkoak.

Lidergo falta honen adibide bat jarriko dizut. PSOE Espainiako gobernura iristean hezkuntzako “Ley de Calidad” delakoa indargabetuko zuela adierazi zuen. Horretaz zerbait esaten lehenengoa Carod-Rovira politikari kataluniarra izan zen. Handik bi egunetara Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ere hitz egin zuen. Gaur da eguna Ikastolen Elkarteak oraindik ezer esan ez duena. Erreferentzia puntu politiko-ideologiko bezala, nik uste bere eginbehar guztiak alboratuta dituela; berriro diot ez duela ausardiaz jokatzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide