Nahiz eta jakin justiziarik ez duela ez historiak eta ez gure memoriak, pentsatu nahi dut noizbait nori berea aitortuko zaiola. Gutxienez herri bezala nor izatera iristen bagara, ahalegina egin beharko dugu buru txarra ez izateko, ahanzkor ez jokatzeko, denboraren ibaiak ez ditzan gure ekinaren arrasto guztiak ezabatu. Egunen batean Euskal Herriko udal hautetsien mugimendua bere lekuan jarriko du historiak, Udalbiltzari aitortuko zaio bere ahaleginaren neurria. Hala izatea espero dut.
Uste dut nazio bat egiten ari garela eta hori langintza latza gertatu ohi da, sortzen dituen oinaze eta erdiminengatik, zuzeneko eta zeharkako kalteak nozitzen dituztenak asko eta asko direlako. Orain arte, ordea, ez dugu mundu honetan beste modurik asmatu askatasuna lortzeko.
Eta herrien historia hitzez hitz, egunez egun eta lerroz lerro osatzen eta idazten da. Iraileko lehen egunetan Udalbiltzako hainbat hautetsi eta arduradun Madrilera joango dira epaitegian deklaratzera, zergatik eta garai batean Udalbiltzako batzorde eragileko partaide izan zirelako, udal kargudunek osatutako erakunde horretan ardurak hartu zituztelako edo zenbait lan burutu zituztelako.
Irailaren 2an deklaratu behar dutenen artean Miren Odriozola Azpeitiko zinegotzia dago. Euskal Herriari eta Azpeitiko herriari Madriletik egiten zaion beste laido bat, irain zital bat delakoan nago, baina uste dut gisako erasoen aurrean alderdikeriak eta sektakeriak gainditzeko gauza ez bagara, herri eta nazio moduan jokatzen hasteko barrurik ez badugu, oso agerian ari garela jartzen geure miseriak eta etsaiari nondik jo behar duen bidea erakusten. Etsai behar handirik ez dagoela alegia, gu geu garela geure burua galtzeko nahikoa etsai.
Udalbiltzarena ezer izatekotan bide politikoen aldeko apustua izan da, eta bide horiek zapuztea ametitzen badugu, politikoak ez diren bideak baino ez direla geratzen esaten ari gara nolabait, edo etsi-etsian biderik ez dagoela onartzetik gertu gabiltza bestela. Estrata itsu samarra inondik ere.
Gure herriak, Azpeitiak, historikoki aurreko muturrean egoteko zoria izan du Euskal Herriko hautetsien mugimendu gehienetan, bai Espainiako bigarren Errepublika garaiko autonomi estatutuaren aldeko borrokan, bai frankismo hondarreko udalen mugimenduan eta baita 1999an Udalbiltza sortu zenetik hona ere.
Gaur egun Azpeitiko hautetsi bat auzitegirako bidean da Udalbiltzako kide izateagatik, eta beste hautetsi azpeitiar bat, alkatea hain zuzen ere, egungo Udalbiltzako lehendakaria da. Esan bezala Miren Odriozola Azpeitiko hautetsia da Madrilera doanetako bat hango Entzutegi Nazionalean deklaratzera. Ni haserre nago, mesprezatua eta gutxitua sentitzen naiz eta une gogor hauetan berotasun pixka bat nahi diot bidali Miren Odriozolari, hitz hauek lagun izan ditzan.
Espero dut Udalbiltzako kide diren Azpeitiko udal gobernua osatzen duten hautetsiek ere Odriozolari-eta behar duten babesa adierazteko eta eskaintzeko adinako adorea izango dutela. Espero dut euskal herritar askok bere kontrako eraso moduan hartuko zuela berriro Udalbiltzari eman nahi zaion kolpea. Espero dut Udalbiltza defendituko duela Udalbiltzak.
Ez dut mirarietan federik, baina bide politikoen alde gaudela jarrera ausartekin erakutsi behar da batzuetan. Niri iruditzen zait oraingo hau okasio on bat dela horretarako.
Udalbiltza aurrera! diot, funtsean denok aurrera egiteko moduko garai bat osatu nahian gabiltzala uste dudalako.