Tolosa Gipuzkoako hiriburu izan zen 1844tik 1854ra. Azken hiriburu forala izan zela esan da maiz, baina ez da horrela. Tolosa hiriburu izan baino lehen ez zegoen hiribururik, lurraldeko herriek ez zutelako nahi, Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia lau herritan kokatzen ziren txandaka: Azpeitia, Azkoitia, Donostia eta Tolosa. Hori zen foruen izpiritua, herrien arteko berdintasuna. 1844an Gipuzkoako herriek, Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek hiriburua Tolosa izatea erabaki zuten, geografikoki erdialdean zegoelako. Orduan biztanlego aldetik Donostia eta Tolosa paretsu ziren. Horrela hautsi zen foruen izpiritu hori eta horregatik ez da egokia hiriburu forala deitzea Tolosari.
1854an Donostiak lortu zuen hiriburutza Madrilgo gobernuaren laguntzari esker, ez Gipuzkoako herriek hala nahi zutelako. Hala ere, beste hogei urtez Foru Aldundia eta Batzar Nagusiak Tolosan mantendu ziren, gaur egun Kultur Etxea den Triangulo plazako eraikuntzan. Desberdintasun ideologikoak ere ba omen zeuden hiriburutza aldatzeko garaian: Donostiako liberalismoaren aurrean, Tolosan nekazal burgesia karlista zen nagusi. Madrilen gobernu aldaketa izan zelako lortu zuen Donostiak hiriburu izatea. Atzeko atetik lortu zuen. Diputazioa eta Batzar Nagusiak aurka zeuden. Gaur egun Ibarretxe lehendakariaren planarekin egin nahi duten bezala gertatu zen. Madrilek plana atzera botatzera ez genuke onartuko, ez litzateke demokratikoa izango.
Horregatik, 150 urte beranduago orduan gertatu zena ospatzea ez litzateke logikoa izango (...).
Zergatik ez nintzen joan abuztuaren 23ko ekitaldira Donostiara? Aipatu ditut arrazoi batzuk. Hala ere, ez diot garrantzia berezirik eman nahi horri; ez dut arazo bat egin nahi gai honekin. Ez eta Gipuzkoako hiriburutza berreskuratu nahi.
Horrekin batera, hausnarketa egiteko balio izan dit gertaera honek. (...)
Gipuzkoa hiri irekia da. Donostia eta Tolosa bi auzo osagarri dira. Herri guztien arteko leialtasunarekin, Diputazioaren eta Batzar Nagusien laguntzarekin, Gipuzkoa hiri bat izatea lortuko dugu. (...). Donostiarekiko deszentralizazioa bilatu behar da. (...) Gipuzkoa hain hiri txikia izanik, proiektu estrategikoak banatu eta dibertsifikatu egin behar dira, eta dibertsifikazio horretan Tolosak protagonismo berezia izan behar du. (...) Donostiaren zentralismo zaharkitu hori alde batera utzi eta kontzeptua ireki egin behar dugu, gainontzeko herrien partaidetza bultzatu egin behar da.