XebaXtian Lizaso bertsolariak plazaz plaza 30 urte beteko ditu. Hala ere, oraindik ilusio handia egiten omen dio herriz herri bertsotan aritzeak. Arrazoi hau dela eta, Gara egunkariak elkarrizketa egin zion. Hona hemen:
Pasatu al da trote handiena?
Pilarika arte-edo irauten du denboraldi nagusiak, hortik aurrera lasaiago aritzen gara.
Zer da lasaiago aritzea Xebaxtian Lizasorentzat?
Asteburua ostiralean hasten bada, motza da. Astegunean jairik ez bada, ondo eramaten dira asteburuko saioak.
Etxekoek ere ondo al daramate asteburuetako plan hori?
Ohitzeko adina arrazoi badaukate dagoeneko. Etxekoek eta lagunek badakite asteburuetan nirekin ez daukatela kontatzerik, baina astean saiatzen naiz asteburuetan ematen ez diedana ematen. Adibidez, astelehenero elkartean afaltzen dut lagunekin.
Aurten 30 urte bete dira plazaz plazako erronda eroa hasi zenuela. Begiratu atzera.
Bertsoak asko ematen du, baina asko ematen badiozu. Asko eman dit niri; toki eta jende ugari ezagutzeko aukera, besteak beste. Baina asko eman diot nik ere, asteburu asko, ordu asko... dedikazioa handia izan da.
Aise esaten da 30 urte. Gorputzaldia ere aldatuko da, ezta?
Aldatu ez da egiten, lehenengo ohitu egiten da eta gero nekatu.
Zein fasetan zaude?
Nik uste nekatzeko fasean nagoela dagoeneko. Tarteka asperraldi ederrak hartu eta buruak buelta asko ematen dizkit. Tarteka izaten ditut ideia arraroak, urte sabatikoa eta halakoak ibiltzen ditut buruan bueltaka. Baina, azkenean, beti pasatu egiten zait eta aurrera. Uste dut pixka baterako banagoela bertsotarako.
Imajinatzen al duzu zure bizitza bertso saiorik gabe?
Askotan imajinatu dut eta nik uste ohituko nintzatekeela.
Bertsoa beharrezko duzu, hala ere.
Ez dakit seguru, askotan duda egiten dut. Baina egia da oraindik ilusioa egiten didala zortzi hilabete lehenago halako herritatik kantatzera joateko deitzen didatenean.
Aita bertsolaria eta semea bertsolaria. Zertan duzu antza batekin eta bestearekin?
Ez gara askotan aritu elkarrekin, eta hala nahiago. Haiekin kantuan arituz gero, kezkatuago egoten naiz haien lanarekin nirearekin baino. Aita zuzena da oso, eta igoal horretan daukat antza harekin. Semeak gurekin antzik ote duen esateko goiz da oraindik.
Andoni EgaƱa, berriz, anaia txikiaren pareko duzu. Zer erakutsi diozue elkarri?
Ez nuke jakingo zehatz esaten zer eman diogun batak besteari, baina badakit asko izan dela. Ondo dakigu elkarren berri. Erabat osagarriak garela uste dut, nik ausardia jartzen dut eta hark "pikardia".