Joxe Manuel Odriozola: "Euskara denona den egunean salbatuko da; alegia, nazionalismoaren beharrik ez duenean"

uztarria 2004ko ira. 27a, 20:09

  • Euskalgintzaren lekukoak hitzaldian jasotako ideiak bildu dira webgunean
  • Joxe Manuel Odriozola-k argitaratu duen liburua da "Euskalgintzaren lekukoak" eta euskararen inguruan mintzatu zen

Uztarriak antolatuta, Joxe Manuel Odriozola idazleak hitzaldia eskaini zuen 2004ko irailaren 23an, ostegunean, Azpeitiko Sindikatu Zaharrean. Bere azken liburua, Euskalgintzaren lekukoak izan zuen hizpide. Bertan, euskalgintzaren hainbat datu jaso ditu. Hona hemen hitzaldiko laburpen bat:

Euskalgintza: unibertso txiki baten handitasuna

Euskalgintzan, hainbat eragile daude: euskaltzaleak, euskararen militanteak, euskararen profesionalak, hizkuntzalariak, filologoak, soziolinguistak, irakasleak, kazetariak, idazleak.. eta hainbat ezaugarri aurkituko ditugu:

  • Eragileen iritzien pluraltasuna.
  • Euskalgintzaren arbolak dituen adarren ugaritasuna: problematika zabal, konplexu eta oparoa da euskalgintzaren unibertsoa.
  • Era askotako gaiak eta dimentsio ugariko problemak uztartzen ditu bere baitan: euskararen inguruko hausnarketa filosofiarekin, soziologiarekin, antropologiarekin, politikarekin… loturik dago era batera edo bestera.
  • Euskararen egoerak eta normalizazioak dituen inplikazio ugariei esker, gizartearen hainbat atal eta barrunbe arakatzeko aukera teoriko interesgarria da euskalgintzaren problematika.
  • Etnozidioa jasan duen herri batean bere jatorrizko hizkuntza eta kultura berreskuratzeko dagoen eginkizuna tamaina eta izaera ikaragarri konplexua eta gaitza dela ikusi dugu
  • Era guztietako ideia, eskema, bide eta estrategia murritzak alde batera uzteko gomendioa dario euskaltzaleen arteko elkarrizketa honi.
  • Euskalgintzaren problematikak euskal arazo nazional orokorraren barruko hainbat eta hainbat argibide eskaintzen dizkigu, diskurtso politikoak bere orokorkerian aletzen ez dituenak ikusteko aukera emanez.
  • Euskalgintzaren teorizazioak eskaintzen dituen elementu ideológico eta teorikotik gabeko diskurtso abertzale erabat murritza eta arriskugarria dela ondorioztatzeko zantzu asko daude.

Lekukotasunen sailkapena

Bi jarrera mota daude:

1- Euskara ez da euskal nazio idantitatearen osagarri gisa hartu behar.

  • Euskara ez da euskal herri edo nazio-identitatearen sistema osatzen duen osagarri bat
  • Euskara berez idantifikazio sistematik kanpo dagoen ondare kulturala da
  • Euskara Euskal Herriaren ondare kulturala denez zaindu beharreko altxorra da
  • Euskara ez dugu nahastu behar auzi ideologiko eta politikoarekin
  • Euskara komunikatzeko tresna hutsa denez, aldendu dezagun nazionalismo gainerako gai eta auzietatik

2- Euskara euskal identitatearen osagarri gisa hartu behar da

  • Komunikazio tresna izateaz gainera, Euskal Herriaren nazio-ezaugarri garrantzitsuena dugu euskara.
  • Identifikazio-ikurra ere bada euskara: euskarak, gure sozializazioaren jardunean, euskaldun egiten gaitu kultura eta herri batekin identifikatzen gaituen neurrian.
  • Euskara euskal nazio-identitatearen bizkarrezurra da: gainerako nazio-osagarriak baino garrantzitsuagoa da (lurraldea, historia…)
  • Euskararen egoera diglosikoak ez dio aukerarik ematen gure hizkuntzari aipatu berri ditugun horiek behar bezala betetzeko: euskaldunaren sozializazioan erdara da hizkuntza nagusia eta euskarak ezin gaitu euskaldun egin erdarak erdaldun egiten duen neurrian.

Hizkuntzaren ikuspegiak

Bi ikuspegi mota aurkitzen ditugu:

1- Ikuspegi instrumentala. Giz(arte) harremanak _ mundu sinbolikoa (kultura, ideologia, pentsaera, sentiera,…) _ hizkuntza

  • Giza eta gizarte harremanak dira mundu sinbolikoaren iturburu eta sortzaile.
  • Mundu sinboliko horretan dauden edukiak (kultura, ideologia…) hizkuntzara efektu gisa iristen dira.
  • Mundu sinboliko horren adierazpidea da hizkuntza, mundu hori adierazteko tresna.
  • Beraz, hizkuntzak ez du eskurik mundu sinboliko horren adierazpenean.
  • Hizkuntza forma edo ontzia (tresna) da, ez edukia edo ontzikoa (mamia).
  • Horrenbestez, hizkuntzak ez du errealitate soziala eta kulturala eraikitzen.
  • Eta ez du gizartearen nortasuna eta sentiera moldatzen.

2- Ikuspegi sortzailea. Giz(arte) harremanak _ mundu sinbolikoa (kultura, ideologia, pentsaera, sentiera,…) _ hizkuntza

  • Giza eta gizarte harremanak ez dira hizkuntzaren eskurik gabeko bizitza sozialaren moldatzaileak.
  • Giza eta gizarte harremanak ez dira bizitza sozialaren kausa eta hizkuntza bizitza horren efektua.
  • Hizkuntza ez da giza eta gizarte harreman horien ondorioz sortutako mundu sinbolikoaren mintzabide hutsa.
  • Hizkuntzaren, mundu sinbolikoaren eta giz(arte) harremanen arteko harremanak ez dira norabide bakarrekoak.
  • Hizkuntza harreman dialektikoan (elkarreraginean) dago giz(arte) harremanekin eta mundu sinbolikoarekin.
  • Bizitzaren oinarri dugun errealitate soziala eta pertsonala hiru eragile horien eskuz taxutzen da, elkarrekiko erangipean.
  • Hizkuntzara, horretara, errealitate sozialaren eta pertsonalaren sortzailea eta moldatzailea da.
  • Hizkuntza ez da jadanik sortua dagoen mundu soziala eta kulturala aditzera emateko tresna hutsa.

Euskararen definizoa: nolako definizioa halako jarrera

Bi jarrera mota daude:

1- Euskara Komunikazio-tresna hutsa da

  • Hizkuntzaz landa dagoen mundu kulturala eta sinbolikoen komunikatzeko balio du mintzairak.
  • Hizkuntzak ez du errealitate sozialik eta nazionalik eraikitzen.
  • Ez du euskal hiztunaren identitatea eraikitzen.
  • Nazio-atxikimenduak ez du eraginik euskararen erabileran, oro har.
  • Hizkuntza ez da nahastu behar euskal nazio-identitateko gainerako osagarri eta dimentsioekin: ideologia, nazioa, politika…
  • Euskara denona den egunean salbatuko da; alegia, nazionalismoaren beharrik ez duenean.

2- Komunikazio tresna izateaz gainera, euskal identitatearen ardatza da

  • Euskal identitate-sistema osatzen duten gainerako elementuekin elkarreragin hertsian dabil euskara.
  • Sistema horren gainerako osagarrien egoerak eta egoera horrekin daukan elkarreraginaren izaerak determinatuko du euskararen bilakaera.
  • Euskara bera euskal identitatearen ardatza denez, euskal mundua sortzen eta eraikitzen duen faktorea da horretarako estatus eta corpus egokirik baldin badu.
  • Mundu sinbolikoa eta kulturala komunikatzeaz gain, mundu hori bera sortzeko oinarrizko eragilea da.
  • Euskarak egingo gintuzke euskaldun gure hizkuntza elebitasun diglosikoaren minbiziak jota ez balego.
  • Euskara mezularia eta mezua da aldi berean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide