Igande goiza Basaburuan
Triste argitu zuen joan den irailaren 19a, goiz iluna eta bustia atera zuen zeharo. Gartzaron herria (Gartzarun moduan ere ageri dena) zenik ere ez nekien nik ordura arte. Esku pilota txapelketa antolatzen dute bertan eta ehunetik gora bikotek hartu dute parte. Herri txikia da, beste hamarrekin batera Basaburua udalerriko kontzejuko parte. Euskalduna da erabat ehun jendetara iristen ez omen den herri hori, eta erdalduna ere bai, noski, esan gabe doa, aspaldi ez baitago erdaldun ez den euskaldunik.
Zahar eta gazte, pilota partiden karietara frontoiak bildu zuen ikuslego aukeratua. Nafarrak gehienak, gipuzkoarrak dezente eta bizkaitar ale bakanen batzuk. Gizonezko urtetsu batek pilotari gazteen dohainen gainean laudorioak esaten hasteaz batera, eta nik ongi ulertzen ote nion asmatu ezinik, tanpez egin zidan galdera: ¿Vasco?. Euskaraz erantzun nion, baina neure jardunaren moztasunak eta adierazkortasun kamutsak hozturik-edo aurki jo zuen beste jende talde etxekoago batengana.
Bi ordurik ez genituen egingo perretxiko biltzaileen paradisu behar duten inguru haietan. Bukolismo ezti batek edertutako soroak, harrizko etxeak, ganadua frontoi ondoko plazan, askan ura edaten, eta euskara bizia airean: diosalak, agurreko hitzak, hango pilotazaleen iji eta ajak, kirolari gazteentzat animoak Mundu bat.
Adeitsu, gozo eta jendetasunez hartzen dizute kanpotarra. Euskara bezain dantzari entzuten diezu bertakoei gaztelerazko mintzoa. Librea, jauzkaria. Eta zeurekiko diozu elkarren artean ere euskaraz asko, baina barruan daramadan salatariak ohartarazi dit aise egiten dutela erdarara, berdin bertako euskaldunarekin nola bisitan etorritakoarekin. Modu ikaragarri naturalean nahasten dituztela hizkuntza biak solasean, mintzaira bakarreko parte balira bezala. Pentsatzen jarri naiz zenbat aldiz ez ote dugun geure burua antzeko ateka gaiztoan harrapatu, grazia zuen esaera bat dela, ñabardura distiratsuko ateraldia, interjekzio sentitua edo pasadizo bat erdararen bixigarriarekin ematen. Ez daukat damutzekotzat. Bistan da, itsaso sakon bat dago erdararen atzean, baso itzaltsu bat hiztunaren jardunari arnasa ematen etengabe, ebakitako hitz bakoitza esanahiz betetzen, indartzen. Mundu oparo bat.
Egoera soziolinguistiko baten biktimak, bera baino okerrago ikusi uste duenaren alboan gurasokeria libre duela iruditzen zaio, erruki antza sentitzea zilegi dela. Zuek harrapatu zaituzten gaitzak ez gaitik gu berehalakoan joko esanaz bezala goitik behera begiratzen diegula. Baina bururatzen zait denboraren tunelean aurrera egitearen antzeko txangoa ere izan zela ordubetetxoan Gartzaroneraino egin genuena, eta erronkarako eta harrokerietarako motibo gutxi daukagula utzi zigula argi nahi gabe bezala, eta denborak ez duela nagiaren alde ordu txikia besterik jotzen. Espabilatu edo ezer ez dagoenean ez ba bilatu.
Euskaldunok askotan euskara errazegi erabiltzen ote dugun, zabarregi, garena baino ikasiagoak ez bagina bezala, eta gure jardunaren txirotasunak eta itxitasunak euskara batuan beharrean gaztelania batuan hitz egitera jartzen gaitu euskaldunarekin. Gartzarongo agure hark ez zuen akrobazia bitxietan erasanik egin nahiko; hitz egitearekin aski. ¿Vasco? galdetu, eta erdara hartzen dugu zubi eta zurubi.
Arrazoi dute ibili egin behar dela diotenak, bazterrak ezagutu eta irakurri. Baina hain aterpe gozoan bizi gara geure Urolako arkadia txikian, hain hitz errazeko... Hala ere, nik ez dut Arroa Behean edo Elosun muga duen erreserba batean bizi nahi. Euskaldun izan nahi nuke, eta mundutar. Eta aurren aurrena euskarak tresna baliagarria gertatu behar du euskaldun artean idorreria gehiegizkorik gabe komunikatzeko. Neure txokotik kanpoko euskaldunarekin, euskararen unibertso horretan eroso ibiltzeko ez badit balio, bada ondo ez dabilkidan zerbait. Nire hizkuntza eta nire euskaltasuna herrenak direlako seinaletzat daukat. Euskararentzat ere mundu bat nahi dugu, euskara mundutar bat. Doazela apapa txokokeriaz harropuzten diren urolismo guztiak, gure herrien eta bailaren mapak berritu beharrean gara Gartzaron ere bere baitan har dezaten, Urolatik Euskal Herrira jauzi egiteko. Euskarazko kultura bazkatu behar dugu, bai, baina mundutar den heinean, ez euskarazkoa delako. Berria egunkariak euskaldun eta mundutar egiten gaitu, egunero paperezko aberri bat ematen digu, bertan bizitzeko modukoa. Baina egunkari batek ezin du izan jendea bizitzeko Israel berri bat, komunikabideak, erakundeak, lan mundua, politika premiazko auzoak ditu gure gurazko aberriak.
Laino itsuak eta euriak ekarri gintuen etxera partida irabaztera joan eta partida jokatuta.
Igandea azkenetan zela, ohetik gelako sabaira begira jarrita asteleheneko pendiza besterik ikusten ez nuenean, artean goizeko galderak eztarria eta urdail zuloa urratzen zizkidan: ¿Vasco?.