Iñaki Uria: “Egunkariak errepideak baino komunikabide zuzenagoak dira”

Urola-Kostako Hitza 2004ko urr. 4a, 18:10

  • Kilometroak 2004ren antolatzaileek omendu egin zuten atzo, eta ‘Urola-Kostako Hitza’-k elkarrizketa egin zion (hona laburpena)
  • ‘Hitza’ egunkariaren garrantziaz mintzatu zen, eta udal diru laguntzak behar dituela dio

**Iñaki Uria** Egunkaria S.A.ko kontseilari ordezkari ohia

Herenegun bete ziren bi hilabete Iñaki Uria zarauztarra kartzelatik atera zenetik. Egunkaria kasuagatik eduki zuten barruan. Atzo eguerdian Kilometroak 2004ren antolatzaileek omenaldia egin zioten Zarautzen.

(…)

Ikastolen aldeko jaia izan dugu. Euskal hezkuntzak hedabideek baino bide luzeagoa egin du, ezta?

Hori erlatiboa da. Seguruenik ikastolek beraien buruari jarritako erronkak askoz handiagoak ziren, orain daukatena baino. Alde batetik, edukiko zuten ikasle kopurua oro har dagoen ikasle kopuruarekiko kontuan hartuta, eta, bestetik, euskal eskola nazional berria bideratzeari begira. Apustu handia egin zuten eta, egia esan, gaur egun ez dakit nola kokatzen duten beraien burua bide horretan. Hedabideen eremuan, berriz, dena dago jorratzeko. Egia da asko egin dela eta asko mugitu dela azken hiru urte hauetan, batez ere Hitza herri egunkarien sorrerarekin. Baina egiteko dagoena askoz handiagoa da.

Duela 30 urte sei hedabide besterik ez ziren euskaraz aritzen zirenak, eta gaur egun 250etik gora omen dira. Nola ikusten duzu egoera, erronkak, bidea…

Hasteko, zenbakiekin ez gara despistatu behar. Azkenean, noizbehinkariak 250 izan daitezke, baina hedadura eta egunerokotasun handi samarra dutenak oso gutxi dira. Orduan, alde horretatik, askoz ere murritzagoa da. Beti izaten da joera gauzak positibizatzeko, baina gauzak bere neurrian begiratu behar dira. Hori zenbakiei dagokienez. Eta hortik aurrera, bada, kopuru absolutuei begira, jakina hobeto gaudela. Baina orduan Espainiako Telebistak kate bakarra zuen, eta ETB jaio zenean ere bakarra zegoen. Gaur egun, ordea, ehun mila daude. Portzentajeetan, euskarazko telebista ikusten dutenak, normalean, Berria-ren irakurlegoaren pare dira. Hori da neurria. Gutxi da.

Zer egin?

Ez dut ikusten hori gainditzeko politika seriorik. Esate baterako, aste honetan aurkeztu duten kulturaren plan horretan komunikabideak ez daude inon. Agertzen dira kultur industriak, eta hor ikusentzunezkoen produktorak eta produkzioa agertzen dira, baina komunikabideak ez dira agertzen, eta harrituta nago. Ez dakit plan horretan agertu beharko luketen, edota Industria sailaren planen batean. Baina ez dira ageri, eta niri kezkagarria iruditzen zait. Oro har, inpresio hori daukat: gauzak ari direla egiten, baina bakoitza bere txokotik eta ahal duen bezala ari da, eta ez dago politikoki sustapen argi bat. Gainera, oso arazo serioak daude: irrati lizentzien banaketa irregular bat dago, eta hemen kasurik egin gabe eta arazoari heldu gabe jarraitzen dugu. Herri telebisten gaian ere, azkenean Espainiako kateak nagusitu dira gure hiriburuetan. Herrietan ere badago zerbait, baina ez dago gaitasun handirik gauza gehiago egiteko.

Hitza egunkarien sorreren —asteartean sortuko da bosgarrena: Goierrikoa— garrantzia nabarmendu izan duzu...

Bai. Hitza-ren ahalegina funtsezkoa iruditzen zait. Lehen esan dugun bezala, 250 aldizkari inguru egon daitezke, baina horiek maila sinbolikoan funtzionatzen dute. Hitza-rekin, aldiz, informazioaren eremuan euskara benetan zerbait pintatzera pasatzea lortu da. Gainontzean euskaraz irakurtzera pasatuko ez zen jende askok, intereseko eta hurbileko kontuak irakurriz, euskarazko prentsari heltzen dio horrela egunero. Eta, gainera, mito bat hausten da, jende askok zeukan mitoa: “Euskaraz irakurtzen ez dakit”, “zaila egiten zait” eta horrelakoak bertan behera erori dira Hitza-rekin. Eta horrelako bideetatik irakurzaletasuna bultzatzera ere irits daiteke, literaturatik baino gehiago seguruenik. Izan ere, jendearen arreta pizten duten kontuak eskaintzen dira, egunerokotasunarekin.

Herri informazioan Hitza egunkariak erdarazko hedabideei esparrua irabazten ari al dira?

Esparru horretan sartzeak, lehendik hor dauden erraldoiekin lehiatzea eskatzen du. Hitzen kasuan, Gipuzkoan, El Diario Vasco da lehia. Baina ez dago besterik egiterik. Edo indartsuaren aurrean erretiratu —eta normalean joera hori izaten dugu—, edo zerbait ondo egiten saiatu. Horregatik, horrelako proiektuak oso garrantzitsuak dira euskararentzat.

Eskualdeko zenbait udalek, ordea, esan dute ez dutela Urola-Kostako Hitza lagunduko, “lehentasunen artean ez” dutelako.

Prozesu hauek luzeak izaten dira, eta Tolosaldean ere hasieran horrela hasi ziren, baina gero lortu zen udalek laguntzea, eta nik uste dut hemen ere lortuko dela. Egunkaria-ren beraren kasua ere antzekoa izan zen. Hasieran, ez zuten ikusten eta abar, baina azkenean bideratu zen. Espero dut orain ere horrela izango dela.

Zergatik ez dute hasieratik ikusten?

Udaletan, normalean, euskara Caritas bezala ikusten dute: diru gutxi jarri eta kito. Ez da hirigintza, etxegintza edota errepideak egitea bezala. Gainera, inork ez du esaten Getariako errepidea egiteko ez dagoela dirurik, Azpeitikoa egiteko erabili delako dirua. Ez. Getarikoa egiten dute, eta baita Azpeitikoa ere. Hemen, ordea, herri aldizkari bat badagoela eta orduan egunkaria ezin dela lagundu esaten dute, denei ezin omen dietela lagundu. Denentzako ez dagoela dirurik. Eta hori, miseria banatzen dutela euskara eta euskarazko komunikabideak laguntzeko. Errepide bat komunikabide bat da, baina komunikabide zuzenagoa da egunkari bat edo telebista bat, edo horrelako zerbait. Mentalitate hori ez dago, eta mentalitate hori sartu beharra dago pixkanaka. Euskal Herria errepidez beterik dago, eta horretarako beti dago dirua. Baina errepide kilometro batekin euskarazko komunikabide asko egin daitezke, eta bada garaia burua horretan ere jartzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide