Imanol Lazkano (bertsolaria-Azpeitia)
Xehetasunak emateko tresna aparta da
Hitza-k beste euskarazko komunikabide handiek lantzen ez duten herriko lan xehea egiten du, eta herriko xehetasun horiek emateko tresna aparta dela iruditzen zait. Berria egunkaria ere egunero hartzen dut, baina harek herriko xehetasunak emateko uzten duen hutsarte hori Hitza-k ezin hobeto betetzen duela uste dut.
Niri iruditzen zait, Euskal Herria euskaldundu nahi baldin badugu, diru publikoaren jabe direnek nahi eta nahi ez Hitza bezalako proiektuak lagundu behar dituztela.
Maixol Rezola (Iraurgi saskibaloi taldeko entrenatzailea-Azpeitia)
**Udalek Hitza
ez laguntzea tristea da**
Hitza oso ondo dagoela iruditzen zait, herriko kontuen berri ematen duelako eta irakurtzeko erraza delako. Gainera egunero jende piloak irakurtzen du eta egunerokotasunean, kalean, hori nabarmendu egiten da. Bestetik, udalek diruz lagundu beharko luketela uste dut. Azpeitiko Udalaren kasuan, barrua euskalduntzen ari da, langileak eta. Beraz, barrua euskalduntzea bultzatzen ari baldin bada, Hitza diruz ez laguntzea tristea dela iruditzen zait. Nire ustez udalek lagundu egin beharko lukete, eta hala ez balitz lotsagarria litzateke.
Joxe Iturbe (Anaitasuna futbol taldeko lehendakaria-Azkoitia)
Udalek bultzatu egin beharko lukete Hitza
Hitza egunkari ulerterraza iruditzen zait, eta herriko albisteak gertuagotik bizi ditugu, Hitza etxera heltzen zaigunetik. Bestetik, udalek bultzatu egin beharko lukete Hitza, herritarrei eta euskararen egoerari zuzen eragiten dion egitasmoa delako. Udalek laguntza ematerakoan herritik sortutako proiektuak bultzatu beharko lituzkete lehendabizi. Kontraesana irudituko litzaidake eskualdeko udalek euskararen egoera hobetzeko asmoa dagoela esan, eta gero Hitza-ri laguntzarik ez ematea.
Juan Joxe Unanue, Goenatxo II.a (harrijasotzailea-Azkoitia)
Euskarazko prentsa lagundu egin behar da
Gustura irakurtzen dut Hitza. Herriko hainbat gairi buruzko informazioa bertan landuta agertzen dela iruditzen zaidalako, esaterako aurtengo Kilometroetakoa. Udalek Hitza eta euskarazko prentsa laguntzeko ez lukete inongo oztoporik jarri beharko. Kirol arloan, Azkoitiko Udalak laguntza asko ematen duen bezalaxe, euskarazko prentsarekin berdin jokatu beharko lukeela iruditzen zait.
Jon Artano (kazetaria-Zestoa)
**Hitza
oso gustura irakurtzen dut**
Urola-Kostako Hitza egunkaria oso gustura irakurtzen dut. Ni, orain, ez naiz Zestoan bizi baina bertara joaten naizean etxean dauden guztiak irakurtzen ditut. Nire iritziz, Hitza udalek lagundu beharko luketen proiektua da. Euskararen normalizaziorako, ezinbesteko tresna delako egunero eukarazko prentsa irakurtzea, eta Hitza euskararen normalizazio horretan tresna baliagarria da.
Anjel Lertxundi (idazlea-Zarautz)
Dudarik gabe lagundu beharko lukete udalek
Jendearengana hurbiltzea eta jendearengandik hurbil egotea eta horren segizioa egitearen inguruan dabiltza prentsaren gorabehera asko. Alde horretatik Hitza garrantzitsua dela uste dut. Azkenean, helburua jendearengana hurbiltzea eta jendearen kezka hurbilekoak jorratzea baita. Hedabide handiek kasu honetan Berria-k edo telebistak hurbiltzerik ez daukan eguneroko bizimodu horretara hurbiltzea oso ondo ikusten dut. Ez hori bakarrik, txalotu ere egiten dut ahalegin hori.
Irakurtzeko ohiturak Hitza-k baino lehenago Egunkaria-k aldatu zituen. Egunkaria sortu zenetik besterik gabe egunero egiten den irakurketa edo errepasoa euskarazko prentsarena izateak erabat aldatzen du. Garai batean pentsatu ezina zen kontu bat orain eguneroko ohitura bihurtu da.
Dudarik gabe lagundu beharko lukete udalek Hitza. Gero beste kontu bat diru publikoa jasotzerakoan hori ematen duenak zein baldintza jartzen dituen. Baina halako herri ekimenek, guztiz premiazkoak direnek eta neurri handi batean zerbitzu publikokoak diren kontu hauek zalantzarik gabe laguntza behar dute. Zerbitzu publikoa diodanean bi alor bereiziko nituzke. Batetik, zerbitzu publikoa da euskararena berarena; eta alde horretatik, normaltzeari dagokionez eta jendea ohitzearen aldetik, Hitza bezalako elementu batek egiten duen lana zerbitzu publikoa da. Uste dut ez garela behar bezala ohartzen horrek duen garrantziaz. Bestalde, bere funtzio sozial informatiboaren aldetik, hurbileko informazioa eskaintzen duenez, arreta hori izatea merezi du.
Imanol Murua (Zarauzko alkate ohia-Zarautz)
Interesgarria eta itxurazkoa da Hitza
Nik uste dut, doan izanda, Hitza-k dirua beharko duela. Euskararentzat gainera Hitza oso garrantzitsua da, eta euskararentzat dirua eman behar da, laguntzeko. Gainera, doan izanda Hitza, dudarik gabe behar du diru laguntza.
Hitza oso ondo dago. Interesgarria eta itxurazko egunkaria da, eta garrantzitsua da egiten duen lana, gainera. Berria eta Hitza irakurtzen ditut euskaraz. Hori bai, lehenengo beti Hitza irakurtzen dut, eta gero besteak, baina nire irakurtzeko ohiturak Hitza baino lehenago aldatu nituen. Lehen El Diario Vasco ere hartzen nuen baina orain Berria eta Hitza bakarrik.
Badakit lehen euskaraz irakurtzen ez zuenak orain Hitza irakurtzen duela eta zentzu horretan jende askoren irakurketa ohiturak aldatu dituela badakit.
Benito Lertxundi (abeslaria-Orio)
Jendeak euskaraz irakurtzeko elementu berri bat da Hitza
Egunero egiten diot gainbegirada bat, eta albisteren batek atentzioa deitzen didanean dena irakurtzen dut, eta askotan egin dut nik hori. Ongi dago Hitza, hurbiltasun hori dauka, oso lokala da eta gure inguruan gertatzen diren gauzetaz ari da. Batzuetan dakizkizun gauzetaz ari da, baina oso ongi dago. Beti da onuragarria horrelako zerbait.
Hitza irakurtzea jendearentzat ohitura bat da. Jendeari seguraski, dudadik gabe, zerbait aportatzen dio, euskaraz irakurtzeko elementu berri bat baita.
Zorigaitzez, euskal kulturaren deitura daraman gauza askok behar du diru laguntza. Gu bezalako herri batean, eta pixka bat gure hizkuntza minorizatu denean eta desabantailan dagoenean besteekin alderatuz, horixe lagundu behar direlako horrelako proiektuak. Egia esan, eztabaida ergel asko sortu dira oraingo euskal gobernuaren plan kulturalaren inguruan: erdal munduko jendeak berdintasuna eskatzen du, baina beraiek menperatzaileak dira, beraien kultura menperatzen ari da, eta gainera berdintasuna eskatzen dute. Hau da, beraiek gainetik daude, bentaja onartzen dute, naturala da, baina gero plan bat egiten denean denak berdinak gara, badakizu? Horrelako eztabaida ergelak daude, eta zoritxarrez euskararen munduan sortzen diren gauza askok diru laguntza behar dute, bestela denak hilko lirateke.
Migeltxo Aiertza (bertsolaria-Aizarnazabal)
Udalek ere lagundu beharko lukete Hitza
Xabier Orbegozo, Arria V.a (aizkolaria-Errezil)
Udalek ezin diote laguntza ukatu
Joxe Ramon Iruretagoiena, Izeta II.a (harrijasotzailea-Aia)
Asko gustatzen zait Hitza
Nik uste dut denon artean pixka bat lagundu behar dugula Hitza, eta diru laguntzak behar dituela. Dirurik gabe ezin du aurrera segitu, eta denon artean lagunduko bagenu alde ederra egongo litzateke. Aurrera begira ere udalek lagundu beharko lukete, beharrezkoa delako.
Aitor Arregi (futbolari ohia-Getaria)
Jendeak irakurtzen badu lagundu behar da
Arritxu Iribar (kazetaria-Zumaia)
**Hitza
beharrezkoa den egitasmoa da**
Inolako zalantzarik gabe beharrezkoa den egitasmoa da Hitza-rena, eta gaur egungo egoera soziala ikusita, euskararen aldeko edozein egitasmok laguntza publikoa behar duela iruditzen zait.
Manuel Labaka (baserritarra-Beizama)
Euskarak bizitzeko laguntzak behar ditu