Pako Aristi: "Pauso bat eman eta gizartearen aurrean agertu behar du idazleak"

Berria 2004ko aza. 2a, 19:11

  • Pasa den larunbatean 'Berria'-n agertu zen Pako Aristiri eginiko elkarrizketa
  • Ostiralean, urriak 29, aurkeztu zuen bere azken liburua: Gauza txikien liburua

Azkenaldian fikziorako «nagiturik» badago ere, idazle emankorra izaten jarraitzen du Pako Aristik. Iaz zeresan ugari piztu zuen Libreta horiko poemak liburuarekin, eta orain Gauza txikien liburua aurkeztu du, prosako 64 «pieza» txikiz osatua.

Azken urteetan idatzitako 64 testu laburrekin osatu du Pako Aristik (Urrestilla, 1963) Erein argitaletxeak plazaratu berri dion Gauza txikien liburua. Ipuinak, poemak, gogoetak, saiakera laburrak... «piezak», egilearen hitzetan. Azalean, Conny Beyreutherrek egindako argazkia ezarri du. Argazkian, egungo Aristi ikusten da, eskuetan beste argazki bat duela; eta argazki horretan duela 20 urteko Aristi dago, eskuetan Kcappo bere lehen nobelaren ale bat hartuta.

Noiz eta zer asmoz idatzitako «piezak» bildu dituzu liburu berrian?

Azken zazpi edo zortzi urteetan idatziak dira. Tarte horren barruan, iaz, opari eman zidaten libreta baten ondorioz, Libreta horiko poemak idatzi nuen, lau bat hilabetetan, baina liburu berriko lanak urte askotakoak dira. Hala ere, idazlan guztiei batasun estilistiko bat ematen saiatu naiz.

Libreta horiko poemak liburuko gai, kezka eta ideia asko ageri da liburu berrian ere.

Bi liburuen oinarrian funtsezko gauza bat dago: gizartean eta bizitzan ikusten, sentitzen eta sufritzen ari naizen gauzei erantzuteko asmoa. Baina hau patxada handiagoz idatzitako liburua da, landuagoa.

Libreta horiko poemak liburuak ez du inor hotz utzi: batzuek oso gustuko izan dute; beste batzuek kritika nahiko gogorrak egin dizkiote...

Azkena Juanjo Olasagarreri irakurri diot. Gustuko liburuei buruz galdetu diote Beterriko Liburua-n, eta erantzunean nire liburua sartu du, esanez ez zaiola gustatu baina barruak mugitu dizkiola. Beraz, iritsi egin zaio liburua. Poesiak hiru hanka dauzka: irakurtzea, metaforak interpretatzea eta ulertzea. Nik metaforizazioaren hanka kendu, eta irakurri eta ulertzeko poesia egin nuen, gero irakurleak bere gogoeta egiteko. Sumatu dut poesia irakurtzen ez duen jende askok irakurri duela liburu hori, eta jende askori lagungarri gertatu zaiola bere bizitzan. Poesia irakurle diren askoren aldetik, aldiz, mespretxua sumatu dut.

Literatura aldetik, zer ekarpen egitea bilatu duzu Gauza txikien liburua idaztean?

Euskal Herrian gutxi egiten den literatura mota bat egitea bilatu dut. Hemen idazleak ez du normalean bere buruaz idazten. Xabier Mendiguren Elizegiren liburu batzuk dira salbuespen ia bakarra. Idazle gutxik agertzen dute beren iritzia garbi gizartearen aurrean. Bere garaiko gizarteari iritziak eman, kritikak egin eta polemikak sortzen dituen idazlea falta da gurean, bere gogoeta ideologikoak agertzen dituena, bere bilakabide ideologikoa nola gertatzen ari den erakusten duena. Europan badago literatura mota hori, gaztelaniaz, alemanez, ingelesez... Horren aldeko apustua egin dut. Idazlearen lana inportantea da, eta idazleak pauso bat eman eta gizartearen aurrean agertu behar du.

Ideiak ez ezik, zure kezka pertsonal eta afektiboak ere erakusten dituzu.

Denok ditugu harremanak, eta harremanekin batera kezkak eta arazoak. Liburu batean alderdi hori lotsarik gabe agertzeak irakurlearen aldetik identifikazioa sor dezake, eta lagungarri gertatu. Euskal Herrian diskretuak gara, diskretuegiak gehienetan, eta idazleak ere bai. Bere burua idazletzat hartzen ez duen idazlearen aurkako alegatua ere badago liburuan. Pozik handiena ipuin eder bat egitean sentitzen duenak, nolatan esan dezake, ipuin batekin saria irabazitakoan, bera ez dela idazle sentitzen? Ezkutatze horrek amorrarazi egiten nau, eta horregatik jarri dut neure argazkia azalean.

Diskoetan ohikoa da kantariaren edo musikarien irudia agertzea, baina ez liburuetan...

Gizarte honetan kirolariak eta musikariak ezagutzen ditugu, baina idazlea ez du inork bistaz ezagutzen, edo ezagutzekotan Atxaga, beste inor ez. Irlandan eta Eskoziako tabernetan idazleen argazkiak dauzkate, eta beste edozein hizkuntzatako liburuetan normala da idazlearen argazkia agertzea azalean. Ni ez nago idazlea jainkotzearen alde, baina bai idazleak bere lekua izatearen alde. Eta idazleak berak hartu behar du leku hori, bestek ken ez diezaion. Euskal idazleek oso gutxi idazten dute egunkarietan. Esaterako, Euskadi sarien araudiari buruzko polemika piztu denean, oso iritzi artikulu gutxi irten da prentsan horri buruz.

Oso kritiko zara zure belaunaldiko jendearekin.

Gazteagoak ginenean, bizitzeko beste estilo bat eta beste amets batzuk ezagutu genituen. Jendearen geroko bilakabidea ez zait batere gustatu. Leku eta garai askotan gertatu da hori: gaztetan ezkertiar izan, eta gero, eskuindar bihurtuta, soldata onarekin ondo bizi beste kezkarik ez. Baina gauza bat da hori beste nonbait edo beste noizbait gertatu dela jakitea, eta beste bat, mingarriagoa, zeuk ezagutu eta besotik heldu diozun jendeak egitea hori. Kapitalismoaren aurpegirik latzena ari gara ezagutzen. Enpresarioaren hitza da nagusi, eta Ibarretxek kanpora doanean enpresarioak eramaten ditu ondoan, inoiz ere ez idazleak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide