Urriaren 29an aurkeztu zuen Pako Aristi idazle urrestildarrak bere azken liburua Gauza txikien liburua, 63 «pieza txikiz» urte askotan egindako lanekin osatutakoa da.
Poemak, ipuinak, gogoetak... bildu dituzu. 63 pieza txiki.
Urte askotan egiten joan naizen lana da. Literaturako generoak nahastuz osatutako liburua da. Urte hauetan, ez neukan nobela bat idazteko gogorik edo kemenik, idea garbirik ere ez zer idatzi. Baina ideak bai, baina ez idea sakon bat edo nire ustez handia edo inportantea zena nobela bat osatzeko. Bestelako idea mordoa nuen, eta banatzen hasi nintzen beste generoen artean ipuinak, poemak idazten, gogoetak, bidai kronikak... Nire kezkei erantzun diet genero desberdinen bitartez.
Bizitza bera eta fikzioa nahasten dituzu liburuan.
Distantzi handirik ez dagoelako fikzioa eta norberaren bizitzaren artean. Alegia, liburuko ipuin batzuk nik jarri nitzazke neu protagonista banintz bezala edo neure izenean dauden asko jarri nitzake izen bat asmatuta. Kamuflaje hori oso erraza da egitea, baina oso distantzia txikia dago.
Esan duzu, baita ere, hemen idazleak normalean ez duela bere buruaz idazten.
Aldarrikapen baten nahia dago. Euskal Herrian ez dago apenas bere garaiari erantzuten dion idazlerik, eta oso interesantea da hori. Beste hizkuntzatan gehiago dago bere esperientzia agertzen ari den idazlea. Hemen idazlea beti atzean gordeta dago, eta gehienez ere tarteka iritzi artikuluren bat idazten dute, baina gutxi. Aldarrikatu nahi dut, inportantea dela idazleak agertzea eta iritzia ematea gauzei buruz.
Zu Uztarria aldizkarian eta jardun duzu herriko kontuen inguruan idazten.
Azpeitiaren azterketa egiten jardun naiz. Artikulu batzuk egin ditut nire ikuspegia bota nahian eta Berrian ere saiatu izan naiz uda honetan. Saiatzen naiz aldaketa politikoak, sozialak, ekonomikoak... ulertzen eta erantzuten.
Idazleak gizartera atera behar duela ere esan duzu.
Oso inportantea da idazleen lana edozein gizartetan, euskara dagoen egoera ikusita are inportanteago iruditzen zait. Askotan euskal idazleak horrelako konplexu batekin ibiltzen dira: Ni ez naiz idazle sentitzen, beti beldurrez bezala. Konplexu horrek niri amorrua ematen dit. Hemen, Euskal Herrian, sozialki, hiru pertsona klase daude ezagunak direnak: kirolariak, politikoak eta sukaldariak. Nik eskatzen dudana da sozialki idazleen errekonozimendua, oso inportantea delako egiten ari diren eta garen lana. Eta kuriosoa izaten da: Ibarretxe kanpora joan deneko argazkietan beti hamar enpresari agertzea. Baina idazle batek sekula ez du bidaiatzen, normalean egiten diren espedizio hauetan idazle bat, edo poeta bat ez da sekula joaten, azalduko duena hemengo egoera kulturala zein den, hizkuntzaren egoera zein den. Horiek azalduko dituen inor ez da joaten. Beti dirua manejatzen duen jendea, negozioak ondo lotzera doana dihoa hara, edo bestela folklorea erakustera dihoan norbait doa eta hor hirugarrengo bat falta da: idazleak, edo idazle talde bat. Horrek atentzio handia ematen dit eta oso gaizki iruditzen zait. Baina boterea beti egon da negozioekin lotuta.
Askotan gertuko kontuez idazten duzu, liburuan Fideoko barratik ere ari zara.
Nik bizi ditudan gauzak dira, nik gozamena daukadan lekua edo sufrimendua eragin didana noizbait. Ni hor bizi naiz, eta nere bizitzan ikutzen edo bizitzen ditudan tokiak dira. Hori gustatu egiten zait. Iruditzen zait testua jaitsi egiten duela lurrera, eta pixkat lurra ukitu. Nik literatura hurbila egin nahi dut. Igoal ez du hain literarioa ematen, baina ni saiatzen naiz hortik abiatu eta anekdota hutsean gelditu gabe zerbait zabalagoa lortzen, nik idatzitako horrek oihartzun zabalagoa izan dezan eta horrek balio diezaion Bilboko Rekalde auzoan bizi den bati. Ni, ezagutzen dudanaren gainean seguruago sentitzen naiz. Eta uste dut zor diegula guk egunero ikutzen diogun lekuei eta zerbait.
Liburuaren azalean zeure argazkia azaltzen da. atentzioa eman digu...
Beste literatura eta hizkuntzetan askotan agertzen den kontua da: egilea azalean. Euskaraz sekula ez, orainarte liburu berezi batzuk kenduta, literatur lan bat ez da sekula azaldu egilearen argazkia portadan. Alde horretatik pauso bat eman dut, eta gizartearen aurrean azaltze horren alde azaltzeko apustu bat izan da. Bestetik, niri, pertsonalki gustatu egiten zait egilea nolakoa den ikustea. Gustatu egiten zait orrietatik hitz egiten ari dena zein den ikustea. Gauza humano bat dela iruditzen zait. Diskoetan normalean kantariak agertzen dira azalean, kantarietan normala da. Presentzia hori ekarri nahi izan dut.
Liburua
Izena. Gauza txikien liburua.
Idazlea. Pako Aristi.
Orrialdeak. 164.
Argitaletxea. Erein.
Saila. Bakanak.
Liburuan erabilitako generoak. Ipuinak, poemak, gogoetak, saiakerak...
Piezak. 63.
Azaleko argazkia. Conny Beyreuther.
Liburuaren salneurria. 14 euro.