Athletic futbol klubeko lehen taldeak jokalarien elastikoetan Euskadi-Pais Vasco publizitatea jarriko du UEFAko ligaxkan geratzen zaizkion bi partidetan, Eusko Jaurlaritzak ordainduta. Partida bakoitzeko, 180.000 euro.
Hori dela eta, Amagoia Iban kazetari azpeitiarrak eta Anjel Lertxundi idazle zarauztarrak iritzi bana idatzi dute gaur (azaroak 27) Berria egunkarian. Aurrenak euskarazko prentsarekin lotu du gaia, bigarrenak kulturarekin (Pako Aristi idazle urrestildarraren aipamen bat eginez). Hona hemen bi iritziak.
Hitza, balioa
Amagoia Iban
Zenbat hitz sartzen dira euskarazko informazio orokorreko aldizkari batean? Horrelako zenbat aldizkari betetzen dira euskaraz gurean? Bost lagundu ditu Eusko Jaurlaritzak aurtengo jardunagatik, eta 700.000 euro banatu ditu bosten artean. Zenbat balio du, beraz, paper horietan herritarren eskura utzitako hitz bakoitzak? Xemeiko baten ehunena, milarena, hamarmilarena?
Galdera berak herri aldizkariei egokituz gero, are merkeago ateratzen da hitza, 2004ko lanagatik 392.708 euro banatu baitituzte Gasteiztik. Zientzia eta kultur aldizkarien kasuan, aldiz, garestitu egiten da: 387.152 euro partitu ditu Jaurlaritzak bosten artean.
Euskarazko egunkari nazional bakarrean argitaratutako hitzaren prezioari buruz, hobe zenbakiekin ez erotzea. Aurtengo hitz eskaintzagatik 1.450.191 euro jasoko ditu, atera kontuak.
Datorren urterako, baina, gauzak aldatzekoak dira euskarazko informazio egokia eta lan baldintza duinak uztartu nahi dituzten profesionalentzat. Jaurlaritzak 180.000 euroko prezioa jarri dio hitz bakarrari: Euskadi. Ez dakit Athleticek merezi ote zuen. Guk, behintzat, ez.
Plataforma
Anjel Lertxundi
Ez ote nion gehiegi eman afal garaiko ardoari? Tentsioak eragina ote zen zorabioa? Amesgaiztoren bat ote nuen amarru? Kontua da begiak arranpalo eta belarriak bi talo utzi zizkidala Teleberriko albisteak: Kultura Sailak hirurehun eta hirurogei mila euro (360.000 euro!) emango omen dizkio Athletic futbol taldeari UEFAko ez dakit zenbat partidetan Euskadi izena eramateagatik kamisetetan.
Pako Aristirekin gogoratu nintzen, azken boladan sarritan aipatu baitu politikariak enpresariekin joaten direla kanpora, sekula ez idazleekin. Eta nago egokiera baliatu beharko genukeela idazle eta artisten plataforma bat sortzeko, esanez prest gaudela hemendik kanpoko gure hitzaldi/erakusketetan Euskadi edo Gora gu! edo horrelako zernahi dioen kamisetekin agertzeko.Futbolariena baino askoz ere merkeago aterako litzaioke gainera Kultur Sailari, kontu segurua da.