Joxean Agirre: "Kultura ez zen orduan gaur bezain industrializatua, komertzializatua"

uztarria 2004ko abe. 9a, 17:12

  • Joxean Agirre kazetariari elkarrizketa egin zion Berria egunkariak Felix Ibargutxirekin batera
  • Kazetaritzaz, euskaraz, kulturaz... eurek eginiko lanez aritu dira solasean

Joxean Agirre Azpeitian jaio zen. Soziologia ikasi zuen Parisen eta kazetaritza EHU-n. Azken honen ildoan dihardu lanean. Egin egunkaria sortu zenean hasi zen bertan lanean. Gaur egun, Gara-n aritzen da. Bestelakorik ere egiten du; Bertsolari aldizkaria koordinatzen du eta liburuak ere idazten ditu. Berria-k elkarrizketa egin zion Felix Ibargutxirekin (DV-ko kazetaria) batera, kazetaritzari buruz.

Euskarazko prentsa landu dute biek. Hasierako garaietan euskarak horrenbesteko indarrik ez zuenean egin zuten euskararen aldeko apustua. "Andu Lertxundi talde bat osatzeaz arduratu zen. Hasieran itzultzaile talde modura hasi zen", dio Agirrek.

"Kultura ez zen orduan gaur bezain industrializatua, komertzializatua. Txikiagoa zen, eta aukera gehiago izan genuen zegoenari jarraitzeko". Herri kulturari lotutako lanak egiten zituzten, baina gaur egun baino erosoago egiten zuten orduan: "Suertea izan genuen", gogoratzen du Agirrek.

Euskarazko kazetaritza eta literatura batera garatu ote diren galdetu die Amagoia Iban kazetariak (hau ere azpeitiarra). "Erabat autonomoak dira, eta idazteko modua ere diferentea da", erantzuten dio Agirrek, baina, Ibargutxik zehaztasun bat egiten du: "Iritzi artikulugintzan ari den idazle jendearen lana egunerokoari oso lotuta dagoenez, kazetari lana da niretzat".

Diario Vasco-n kazetariek ez omen dute euskaraz idazteko "beharrik" sentitzen esaten du Ibargutxik. Gara-n kontratua egiterakoan elebitasuna eskatzen omen dute, baina lantzeko garaian "irizpide bakarrak kopuruarenak" omen dira Agirrek dioenez: "Sei edo zazpi orrialde baldin badauzkagu, hiru euskaraz ireki behar dira".

Kazetariei manipulatzaile izatea leporatzen dienik bada, eta inoiz sentipen hori izan al duten galdetzean honako erantzuna eman dio Joxean Agirrek: "Manipulatzaile ote garen? Tira, erliebea pixka bat altxatzen ez baduzu, hain planoa geratzen da guztia!".

Hona elkarrizketa osoa

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide