Patxi Goenaga: "Euskararen misteriorik handiena da nolatan iraun duen bere inguruko hizkuntzak suntsitu diren bitartean"

uztarria 2004ko abe. 24a, 12:12

  • Goenaga Hizkuntza Politikarako Sailburuordea da 2001eko hauteskundeaz geroztik
  • Euskararen inguruan aritu da Azpeitian zer? aldizkariak eginiko elkarrizketan

Patxi Goenaga azpeitiarra da. Filosofian eta letretan lizentziatu zen eta Euskal Filologian doktorea da. 1995ean Euskaltzain oso izendatu zuten eta Gramatika batzordeko kidea da. 2001eko hauteskundeez geroztik, berriz, Hizkuntza Politikarako Sailburu ordea da. Azpeitian zer?-ek elkarrizketa egin dio.

Euskararekiko zaletasuna azkoitiar bati zor omen dio. "Xabierren, batxilergoko laugarren mailan ginela, Daniel Baztarrikak talde bat osatu zuen han ginen euskaldunekin. Astean behin elkartzen ginen, euskara lantzeko, kantuak ikasteko eta horrela".

Politikan "hizkuntzaren alderdi berriak ezagutzeko, euskalgintza hobeto ezagutzeko eta laguntzeko aukera" emango ziolakoan sartu zela dio, eta balantzea egin behar izanez gero "positiboa" dela. Gaur egun, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) daramate aurrera. "Planaren helburua euskara normalizatzea da, euskaraz bizi nahi duten euskal herritarrek horretarako aukera izatea". Eta hiru arlotan bereizten du: "Euskaldunen kopuruari eustea, eta ahal den neurrian gehitzea. Bigarrena, euskara erabiltzeko esparruak zabaltzea. Eta hirugarrena, euskara elikatzea, kultura sortzea, hizkuntza bera trebatzea, komunikabidea, literatura, antzerkia, zinea, eta abar".

Azpeitiarren euskara kalitateari buruz "aberastu beharra" dagoela dio. Hala ere, euskararekiko dagoen "atxikimendua" azpimarratzen du. Eta etorkizunari begira "kezkatua" dago: "Azken urteotan aurrerapauso handiak egin dituen arren, oraindik ere mehatxupean diren hizkuntzen zerrendan aurkitzen da. Dena dela, euskararen misteriorik handiena ez da non duen jatorria, nondik datorren. Benetako misterioa da nolatan iraun duen mendeetan zehar, bere inguruko hizkuntzak suntsitu diren bitartean, indartsuagoak izan arren".

Hala ere, iraungo duela uste du, "geure mugak zein diren argi badaukagu, euskararentzat ere lekua aurkituko dugu, delako globalizazioa gorabehera. Hala uste dut eta hala nahi dut".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide