Arantzazun euskal preso politikoen alde gose greban dira eskualdeko zazpi lagun

uztarria 2004ko abe. 29a, 11:12

Gose greban daudenetako batzuk, tartean azpeitiarra: ezkerretik hirugarrena, Xanet Esnaola.
  • Igandean hasi zuten eta ostirala bitartean egongo dira gose greban, bildu diren 40 lagunak. Xanet Esnaola herritarra tartean da
  • Gipuzkoako eragile ezberdinekin eta komunikabideekin bildu dira "alorraren araberako konpromisoak lortzeko"

Euskal preso politikoen alde Gose greban daude 40 bat lagun Arantzazun, eta horien artean Xanet Esnaola azpeitiarra. "Euskal preso politikoen eskubideen defentsan eta euskal gatazkaren konponketan eragile aktibo" izateko helburuarekin, igandean hasi ziren eta ostirala bitartean egongo dira han.

Estatu espainoleko eta frantseseko kartzeletan "700 euskal herritar baino gehiago" dituztela eta "euren legeen arabera Euskal Herrian egon beharko luketeela" diote. Datuak ere ematen dituzte:

  • "Estatu espainolean 545 Euskal preso politiko dituzte, 51 espetxe desberdinetan banandurik, eta Euskal Herritik bataz besteko 609 kilometrotara"
  • "Estatu frantsesean, aldiz, 151 euskal preso politiko dituzte 29 karzeletan sakabanaturik , Euskal Herritik bataz besteko 797 kilometrotara".

Sakabanaketa "gatazka politikoa" dela diote eta "euskal preso politikoen, euren senideen eta oro har euskal herritarren aurkako zigor politika" dela. Karmele Solaguren oroitu eta bere heriotzak "erantzule zuzenak" dituela esaten dute.

Gose greban daudenek "euskal preso politikoen kolektiboak, errefuxiatuek eta iheslariek, Euskal Herriko gatazka politikoaren konponketan zuzeneko papera" izan behar dutela ere adierazi nahi dute ekimenarekin. Horretarako "ezinbestekotzat" dute guztiak Euskal Herrian egotea.

Komunikabideekin, sindikatuekin, AEK eta EHE euskalgintzakoekin, Bilgune feministarekin, Ikasle Abertzaleekin, Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin eta Segi gazte erakundearekin biltzen dihardute, "bakoitzaren alorraren araberako konpromisoak lortzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide