Udalak eta Uztarriak euskararen normalizaziorako 2004ko martxoan sinatu zuten akordioa eten egin da. Azkeneko hilabeteetan arazoak sortu dira, bi aldeek bilerak egin dituzte, baina ez dira ados jarri.
Udalak abenduaren 16an egin zuen, EBPNren Aholku Batzordean, 2004ko balorazioa, eta Patxi Saez udal euskara teknikari nagusiak esan zuen "oso positiboa" izan dela akordioa. Baina ondoren Ana Mendizabal Euskara batzordeburuak aipatu zuen arazoak sortu direla, eta normalizazioan erabili beharreko agirian daudela desadostasunak.
Hala da. Udalak eta Uztarriak akordioa sinatu zutenean, ziurtagiria Bai Euskarari izatea sinatu zen eta "diploma", berriz, HEBE (Udalak orduan sortu zuen). Horrek azkenerako, ordea, "nahasmena sortu du", Uztarriaren ustez. "Bai Euskarari ez da behar bezala bultzatu, eta HEBE lehia modukoan bihurtu dute".
Uztarriak 2003 bukaerako akordioa proposatu dio Udalari; besteak beste, Bai Euskarari Ziurtagiria baino ez erabiltzea. "Beste herri askotan ere ari dira EBPN garatzen, eta Bai Euskarari baino ez dira erabiltzen ari; EAJ alkatetzan dagoen herrietan, adibidez: Tolosan, Zestoan, Villabonan...".
Udalak dio impasse egoera dela hau, "eta beste urtebete probatu behar da Bai Euskarari eta HEBErekin. Eragileek aukera izan behar dute bat edo bestea aukeratzeko, edo biak".
Uztarriaren ustez, "nahiz eta 2003an zeuden baliabideak baino handiagoak izan, ordura arte euskalgintzak bere kasa egin zuena baino gehiago ez da egin 2004an. Bi agiri egotean, Bai Euskararik zuen eraginkortasuna nabarmen txikitu da, eta ezin dugu beste urtebete horrela pasatu. Gauza bat da Kudeaketa Planean dauden ekimenak, eta hor ados ari gara jartzen, baina bestea akordioaren muina, funtzionatzeko era, euskararen normalizazioko bideak jartzea, eta hemen Udalak ez du gure planteamenduarekin bat egiten: Bai Euskarari soilik erabiltzea. Guk honekin segituko dugu".
Uztarriaren bazkideen batzarrak aho batez onartu zuen, abenduaren 18an, zuzendaritzaren planteamendua.
Euskara akordioa
Orain arteko akordioko puntu nagusiak
Sinatu zena (2004-martxoa).
-Ziurtagiria. Bai Euskarari izatea (Kontseiluarena).
-Diploma. HEBE (Azpeitiko Udalak orduantxe sortua).
-Uztarriak izendatutako langilea. Siadeco enpresaren kontratupean, eta ez Uztarriarenean.
-Planaren diseinua eta jarraipena. Udal euskara teknikariak, Udaleko Euskara batzordeburuak eta Uztarriaren ordezkariak batzordea osatzea horretarako.
-EBPNren irudi publikoa. "EBPNren idatzi, agiri eta agerraldietan, EBPNren irudiaz eta Azpeitiko Udalaren armarriaz gain, Bai Euskarari Akordioarena ere azalduko da", zioen akordioko 5.1. puntuak.
Bete ez dena, arazoak...
-Ziurtagiria. Uztarriaren ustez, "herrian nahaste handia sortu da HEBE ere egotean, Udalak diploma izatetik (3.1. puntua) ziurtagiri izatera pasatu duelako, nahita".
-Uztarriak izendatutako langilea. Ez du eroso lan egin Siadecorenpean: informazio falta... Azkenerako utzi egin du lana.
-Planaren diseinua eta jarraipena. Uztarriak dio sinatu zenak eduki duen bilakaera ere ez dela ona izan. "Planaren diseinu eta honen jarraipenean parte hartuko genuela adostu zen. Praktikan, ordea, planaren diseinua Siadecok goitik behera eginda daukala ikusten da. Eta plan horren funtsezko elementuak aldatzea ez da inondik inora aurreikusi".
-EBPNren irudi publikoa. EBPNren idatzi, agiri eta agerraldietan, Udalak beti ez du sartu Bai Euskarari Ziurtagiriaren armarria, akordioak zioenaren kontra. Gainera, besterik sartu izan du (www.erabili.com, adibidez). Eta Uztarriak informazio falta izan du EBPNren agerraldi batzuetan eta eman den informazioan ("Unean uneko erabakiak hartu, jarraipena egin, eta beste ekimen oro aztertu", zioen arren akordioko 1.1. puntuak). Udalak 2004ko martxotik egin dituen urraketa asko dauzka Uztarriak; Udalari txosten bat aurkeztu zion, eta Aholku Batzordeko kideei ere eman die ale bana.
Akordio proposamen berriaz
Uztarriak proposatu duena
-Ziurtagiria. Bai Euskarari baino ez izatea praktikan. Orain urtebete horixe proposatu zuen. "Herrian nahasmenik ez sortzearren, ez Udalak eta ez Uztarriak, beste agiririk ez dute banatuko, eta Udalak bere aitortza propioa egin nahi badio eragileari, gutun baten bidez adieraziko dio". Eta proposameneko 3.2. puntuan dio: "Udalak doako laguntza teknikoa eskainiko dio eragile bakoitzari. Horrez gain, Udalak 6.000 euroko diru laguntza emango du, Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu nahi duten Azpeitiko eragileen artean banatzeko, kuotaren ordainketa txikiagoa izan dezan eragileak".
-Uztarriaren langilea. Udalak Uztarriari enpresa trataera ematea eta Uztarriak berak hartzea planean lan egiteko langilea. "Aukeratutako beste teknikariarekin batera egingo ditu lanak, betiere udal teknikari nagusia buru dutela". Orain dela urtebete horixe proposatu zuen.
-Planaren diseinua eta jarraipena. Horretarako dagoen batzordeak bere funtzioak benetan betetzea, eta hor Uztarriaren teknikaria ere egotea. "Jarraipen Batzordea gutxienez bi astean behin biltzea nahi dugu, eraginkortasun eta praktikotasun handiagoa lortu ahal izateko".
Udalak onartu ez duena
-HEBE kentzea. Eutsi egingo dio.
Zergatik Bai Euskarari Ziurtagiria soilik?
"Ikusitakoak ikusita", Uztarriarentzat "ezinbestekoa" da agiri gisa Bai Euskarari soilik erabiltzea. Arrazoiak:
-1. Lehendik bazegoen herrian. Azpeitian aurreneko ziurtagiria izan zen zabaltzen Bai Euskarari. Herriko 44 elkartek, enpresek, dendek... dute hori. HEBE, berriz, 2004ko ekainean banatu zen lehen aldiz Azpeitian.
-2. Tresna eraginkorra da. Frogatua dagoen bezala, zerbitzua ez ezik, lana ere euskaraz egitea bultzatzen eta laguntzen du Bai Euskarari Ziurtagiriak (laguntza, jarraipena, aholkularitza...). Euskalduntzeko bidea jartzen du Bai Euskararik.
-3. Ziurtagiri nazionala da. Bai Euskarari Ziurtagiria Euskal Herrikoa da: Bilbokoek, Amurriokoak, Tafallakoek, Sarakoek, Zestoakoek... badakite zer den ziurtagiri hori. Eta horrek garrantzia dauka.
-4. HEBE Azpeitikoa baino ez da. Euskal Herrian HEBE Azpeitian besterik ez da banatzen. Oso lokala da.
-5. HEBE egoteak nahasmena sortzen du. Nahiz hasiera batean HEBE barrurako agiria izan («diploma» bat), azkenean, Uztarriaren ustez, «Udalak ziurtagiri bezala erabili nahi izan du, Bai Euskarari hor dagoenean. Horrek herriko enpresen, elkarteen, ikastetxeen... artean nahasmena sortu du, eta geure ustez, euskararen normalizazioan eragileek ez dute nahasmenik behar, gauzak garbi baizik".