Inposizioaren kronika

Uztarria 2005ko urt. 7a, 19:01

  • Azpeitian euskara normalizatzeko, euskaraz bizitzeko aukera izateko, euskalgintzak ekimena hartu zuen 2000an. Udala gero apuntatu zen, baina herrian zeuden gauzen gainetik; EBPN ezarri zuen, HEBE...
  • Uztarria aldizkariaren urtarrileko zenbakian dator artikulu hau

1/2000. urtea: normalizazio planen garaiaren hasiera Azpeitian, Kontseiluaren gonbitea zela eta.

2000ko irailean Kontseiluaren gutun bat iritsi zitzaion Azpeitiko euskalgintzari, herri batzuetan euskalduntze esperientzia pilotuak martxan jarri nahi zituela eta. Euskalgintzak bazeramatzan hilabete batzuk biltzen, eta Azpeitiaren hautagaitza aurkezteko sinadurak biltzeari ekin zion.

Euskalgintzaren aldetik guztiek sinatu zuten: Urola BHI, Karmelo Etxegarai, Ikasberri, Betharram, Iraurgi, Jesusen Alabak, Milagrosa, Uztarria Kultur Koordinadora, Udal Euskaltegiko langileak, AEK, EHE eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteak. Herriko gizarte eragile garrantzitsu batzuek ere sinatu zuten. Udala ere ezinbestean inplikatu nahi zuten, eta hark ere sinatu egin zuen hautagaitza.

Azaroaren 14an Kontseiluaren erantzuna etorri zen, Azpeitia esperientzia pilotua izateko hautatua izan zela jakinaraziz.

Kontseiluak urtearen bukaeran herri pilotu horietako euskalgintzakoei prestakuntza mintegia eman zien, eta bertan herrietako plangintza zehatz-mehatz azaldu zien.

2/2001-otsaila: plana gauzatzen hasteko, Baite Euskara Elkartea sortu zen.

Azpeitian euskara normalizatzeko plana egiteko eta garatzeko, euskalgintzak erritmoa azkartzea erabaki zuen. Helburuetako bat herriko plan estrategikoa martxan jartzea zela ikusita, euskara elkartea sortzera bidean pausoak sendotzea erabaki zuen.

2001eko otsailaren 10ean aurkeztu zen Baite Euskara Elkartea. "Azpeitiko euskalgintza osoaren batasunaren fruitu da elkarte hau, eta anbizio handiz ekingo diogu erronka honi. Oso elkarte plurala eta zabala da, eta proiektu hau herrira zabaldu nahi dugu, gizarte eragileen eta herritarren inplikazioa eta konpromisoa lortzeko", esan zuen aurkezpen jendetsuan Baitek.

3/2001-apirila: Udalak baztertu Kontseiluaren plana, EBPNri eusteko.

Bide batez, ordea, Baitek ez zuen Azpeitiko Udalaren berririk herrietako plangintzari buruz, nahiz eta Udalak 2000ko urrian sinatu Azpeitiko hautagaitza eta plana aurrera eramateko 2001ean 10 milioi pezeta jartzeko borondatea ere erakutsi. Baina harrezkero ez zuen ezer komentatu. Kontseiluarentzat euskalgintza denez "motore", Baitek berak egin nahi zuen plangintzaren kudeaketa ekonomikoa, elkarlanean, baina Udalaren baieztapenaren zain zegoen.

2001eko apirilean Udalak baztertu egin zuen Kontseiluaren plangintza, eta Eusko Jaurlaritzaren herrietako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusi berriari (EBPN) heldu zion. Baiterentzat kolpea izan zen bazterketa, euskalgintzaren, eragileen eta Udalaren artean aurkeztu zelako Azpeitiko hautagaitza, Kontseiluak aukeratu egin zuelako gure herria, eta, beraz, Udalaren azken erabaki horrekin guztia hankaz gora jartzen zelako. Udalak 2001eko abenduaren 2an aurkeztu zuen EBPN, oihartzun handia eman nahian (kanpainan milioi asko gastatu zituen). Baitek elkarlanerako proposamen bat egin zion orduan, baina Udalak kasorik ez.

Udalak berak, hala ere, 2003ko urte bukaera arte ez zuen EBPNren lau urteko plan estrategikorik aurkeztu eta erabaki, urtebeteko Kudeaketa Planik ere ez... Eta Eusko Jaurlaritzak ordu arte horregatik diru laguntzarik gabe utzi zuen.

4/2003: Bai Euskarari Ziurtagiria banatzen herriko eragileen artean.

Udalak kasorik egiten ez zionez, Baitek normalizazio planerako zeuzkan ekimenei heldu zien 2003. urtean, Kontseiluarekin batera. Hain zuzen, herriko enpresen, taldeen... artean Bai Euskarari Ziurtagiria eskaintzen hasi zen, eta banatzen, eragileek euskararen aldeko konpromisoak hartu zituztelako ziurtagiri horren bidez. 2003ko uztailean Azpeitiko 36 eragilek zuten Bai Euskarari Ziurtagiria.

5/2004: Udalaren eta Uztarriaren akordioa; baina ez du funtzionatu.

Udalak 2003 bukaeran onartu zuen EBPNren 2004ko Kudeaketa Plana. Uztarriak (ordurako Baiterekin bat eginda zegoen) planean Bai Euskarari Ziurtagiria txertatzea eskatu zuen eta hori izatea ziurtagiri bakarra, Uztarriak esparru bat hartzea eta berak kontratatzea langilea, eta elkartea planaren gidaritzan egotea.

Udalak esan zuen berak ere egiaztagiri bat banatuko zuela (HEBE) eta Uztarriak izendatutako langilea ez zela Uztarriakoa izango, Siadecokoa baizik. Aurrera egitearren, Uztarriak baiezkoa eman zuen, eta Udalak eta biek akordioa sinatu zuten 2004ko martxoan.

Baina akordioak ez du funtzionatu. Arrazoiak: Udalak hainbat aldiz urratu du hitzarmena (Uztarriak hainbat froga ditu), HEBEk nahasmena ekarri du, eta Uztarriak izendatutako langileak ez du inoiz eroso lan egin.

Uztarriak akordio berria proposatu dio (orain urtebeteko bera ia). Udalak ez du onartu. Akordioa, beraz, eten egin da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide